Nikolasa Langara, aitzindaria kirolaren praktikan

Xabier Lasa 2020ko aza. 30a, 15:02

Nikolasa Langara Txopeitia atzo hil zen, 88 urte zituela. XX. mendeko 60ko hamarkadan, aitzindaria izan zen emakumeek kirola praktikatzerako orduan. Andoaingo hainbat emakumeren gimnasiako irakaslea izan zen. Argazkiak eta bideo-irudiak, ikusgai.

Pablo Izagirre senarra eta Mertxe eta Pablo seme-alabak utzi ditu; bere garaian Pablo eta Martin semeak hil egin zitzaizkion. Nikolasa Langara Andoainen 1932an jaio zen; Modesto Langara eta Sebastiana Txopeitia ziren bere gurasoak.

Azken agurra senitartekoek egingo diote, ekitaldi pribatu baten eskutik.

Bera ezagutzeko parada izan zuten Etxeberrietako eta Herriko etxeetako herritarentzat bereziki, baina baita gainerako herritarrentzat ere marka uzten duten pertsona horietakoa izan zen Niko, grazia handikoa, bizi-bizia, baikorra, ekintzailea.

Ekintzailetasun horrek, besteak beste, bultzatu zion Andoainen lehen emakume kirol irakaslea izatera. Hain zuzen ere, aitzindaria izan zen XX. mendeko 60ko hamarkadaren amaieran, emakumeek ere kirola egin behar zutela praktikan aldarrikatzeko orduan. Donostian gimnasiako irakasle izateko titulua lortu, eta emakume talde batekin hasi zen astero-astero biltzen, kirola praktikatzeko, Agustin Leitza Kalean kokatzen zen Familia eta Gizarte Formaziorako Egoitzan. Berak zeukan izaera airosarekin, hainbat emakumeei sinestarazi zien gizonezkoa nagusi zen gizarte itxi hartan posible zela emakume taldea osatzea eta beren kabuz kirola egitea.

Ekimen hura gogoan hartuz eta egindako ahalegina aitortuz, Nikolasa Langara 2013ko Martxoak 8-8 Emakume ekitaldian omendua izan zen. Urte hartan, alor desberdinetan nabarmendutako zenbait emakume izan ziren aitortuak: Dolores Iztueta, Begoña Tolaretxipi, Irene Arregi, Niko Langara, Mª Cruz Bidarte, Rosario Río, Esperanza Rodríguez, Maialen Santa Kruz, Ixiar Eizmendi, Leire Aizpurua, eta, euskara transmititu duten amak.

Hona, berak egin zituen adierazpenak, ekitaldi hartan:

“Aurretik Donostiara joan nintzen, gimnasiako irakasle izateko titulua ateratzera. 40 urte nituela hasi nintzen, eta 62 urterekin edo utzi nuen. Hasieran berrikuntza nabarmena izan zen Andoaingo gizartean, ez baitzegoen ez gimnasiorik, ez kiroldegirik, eta gutxiago aerobic-a praktikatu edo eta paseoan joateko ohiturarik; emakumeek ia-ia galarazita geneukan inolako kirolik egitea.

Makina bat emakume jarri zen nire agindutara! Denak etxeko-andreak, hirutik gora seme-alaba txiki zaintzen zituztenak! Gimnasiako ordu hura forma onean jartzeko ez ezik, sozializatzeko ere erabiltzen zuten emakumeek. Zintzo azaltzen ziren hitzordura egunero, niki bat eta txandal bat jantzita. Estiramentuak, abdominalak, arnasketa ariketak… denetik egiten genuen; egur latza ematen nien, baina poz-pozik etortzen ziren emakumeak. Ni neu ere ederki asko antolatzen nintzen, hango lanak egiteko eta etxean hiru seme-alaba hazteko.
Pasadizo bezala, esan dezaket urtean behin norabait txangoa egiten genuela autobusez, eta ez dakit zein urtetan, Debako hondartzara joan ginen. Ikusi egin behar zen zer nolako ikuskizuna eman genuen: emakume pila hantxe jarrita, gimnasia egiten! Badira argazkiak egun hura jasota daukatenak”.

 

Kale-jirako irudiak, sarean

Andoaingo kaleetan barrena egin zen kale-jira jendetsuan, Begoña Tolaretxipi musika irakasleak eman zion lekukoa Niko Langarari, eta honek Irene Arregiri pasa zion:

Etxeberrietarra ezeren gainetik

Nahiz eta azken hamarkadetan Herriko etxetan bizitu zen, Etxeberrietako auzotartzat jo izan zuen bere burua beti, harrotasunez jo ere halakotzat, eta ez zuen hutsik egiten San Inazio jaietan antolatzen den herri bazkarian. Erreportaje honetan erantsita doan argazki sortan, bazkari hartan auzotarrekin ageri da. Halaber, beste argazkiren batean, bere familiarekin ageri da, Pablo Izagirre bere senarra auzoan bertan 2009an omendu zutenean, iraganean, 50eko hamarkadan, garaipen ugari eskuratutako txirrindulari famatua izan baitzen.  

 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!