Asteartero protesta egiteko asmoa agertu dute, zuzendaritzak irtenbideak topatu bitartean. Atsedenerako daukaten ordu erdiaz (09:30-10:00) baliatzen ari dira elkarretaratzeak egiteko.
Adierazi dutenez, “egunero hainbat banaketa eremu bete behar izaten ditugu, plantilla faltak eraginda, eta ondorioz, beste eremu batzuk banatu gabe geratzen dira. Egoera horrek pilaketa etengabea eragiten du, eta egunero egin behar diogu aurre horri. Horrek gure osasunaren eta zerbitzuaren kalitatean eragina dauka. Eta guzti horri, COVD-19ak sortutako egoera gehitu behar zaio; izan ere, lana uneoro maskara jarrita egitera behartzen gaitu, eta entregetan, igogailuetan, atarietan eta abarrean erne ibiltzera derrigortuta gaude”.
Lan baldintza kaskar horiek zerbitzuaren kalitateari ere eragiten diotela gogoratu dute, eta gainera, “kasu askotan atzeratu egiten da oso garrantzitsuak diren bidalketen entrega, hala nola, enplegu bulegoarekin lotutako jakinarazpenak, azterketa medikuak… Epez kanpo entregatzen dira eta herritarrei nahasmendu handiak eragiten dizkiete”.
Langileek CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuen babesa daukate. Egun, Andoaingo Correos-en hamar langilek egiten dute lan, harreran zein banaketan.
Zuzendaritzaren erantzuna
Correos-eko zuzendaritzak egunotan zabaldu duen ohar baten bidez gezurtatu egin du zerbitzuaren kalitatea jaisten ari denik edo eta lanpostuen murrizketa ezartzen ari denik. Ohartarazi nahi izan duenez, posta bidalketen epeek bi kalitate-kontrol pasa gainditu behar dituztela ziurtatu du, bata Correo-seko arduradunek beraiek egindakoa, eta bigarrena kanpoko ebaluatzaileek egindakoa. Aldi berean, ukatu egin du kaleratzerik burutzeko asmorik daukanik; lanpostu egonkorren eta kalitatezkoen aldeko apustua berretsi du. Zuzendaritzak gehitu duenez, joan den uztailean estatu osoan 4.000 langilek lanpostu finkoa lortu zuten, eta deialdia irekita dago jada 3.421 plaza betetzeko.