Tokian tokiko merkatariak aurrez aurre hitz egingo dizu, eta oso baliagarriak zaizkizun aholkuak eskainiko dizkizu. Ez diozu bidalketa edo garraio gasturik ordaindu behar, eta erreklamazioa egitea oso erraza zaizu. Bertatik bertara duzulako. Oso agerikoak dira tokian tokiko merkataritzaren alde egiteko abantailak. Bizi dugun urte zail honetan, adibide horiek guztiak berrestu ahal izan dira.
Zerbitzu ona, azkarra eta gertukoa eskaintzen dute, gainera. Zer lirateke gure herriak merkataritzarik gabe? Badago aurrekari bat. Fikziozkoa, hori bai. 2018ko irailean Andoaingo merkatariek plastiko beltzez apaindu zituzten merkatalguneak. "Desagertu" egin ziren, herrikideen begietara. Zer litzateke herri bat tokiko merkataritzarik gabe? Etorkizun beltza merkataritzarik ez duen herriarena. Mehatxu handia dute, ikusten ez dena. Eta irakurleak oso ondo ulertuko du, adibide zehatzak jarrita. Zapata dendara sartu, probatu eta hanka egin. Jostailu dendara hurbildu, produktuari argazkia atera eta alde egin. Erosle izan daitezkeen pertsona batzuren jokabidea horixe da garaiotan, eta dendariek badakite zer dagoen jokabide horien atzean: On line merkataritza. Hilabeteotan premiazko zerbitzua eskaini digute dendariek. Ez diezaiegun hutsik egin.
Bonoen zozketa Andoainen
Abenduaren 20ra bitarte Andoainen erosketa egiteak saria ekar dezake, eta ez nolanahikoa. 16 erosketa bono zozkatuko dituzte, eta bono bakoitzaren diru kopurua handi samarra da. 100 euroko 10 sari, 200 euroko beste bi eta 500 euroko beste bat zozkatuko dituzte Salkineko merkatalguneen artean. Aukera polita, beraz, Eguberrietako opariak egiteko garai honetan.
Andoainen urte zail honetan erosketa-bonoez gozatzeko aukera bikoitza izan da, "Han edo hemen, erosi Andoainen" kanpainaren bitartez. Hirugarrena Salkinen eskutik dator, Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta.
Ostalarien alde, Urnietan
Hurkoari laguntzea du abiapuntu Urnietako hainbat merkatarik abian jarri duten ekimenak: “Ni ere ostalaria naiz”. 42 komertziok hartu dute parte herriko ostalaritza sustatzeko proiektuan, eta nork bere aletxoa uzi du; zozketa baterako produktuak eta zerbitzuak eskaini dituzte.
Eskaintza zabala izango da parte-hartzaileentzat, frutez betetako saski batetik hasi eta fisioterapia sesio bateraino. Jada salgai daude txartelak, euro batean, Urnietako dendetan.
Abenduaren 20an eginen da zozketa, Youtubeko kanal baten bidez. Saria lortzeko aukera handia dago, zeren eta 37 banatuko baitira.