Kinka larrian utzi du kultu-sektorea koronabirusak sortutako egoerak. Askoren jarduna baldintzatu arren, buru-belarri dabiltza lanean sortzaileak ikus-entzuleei zer gozatua emateko. Herri askotan kultur-ekitaldiak bertan behera gelditu behar izan dira, kutsatuen maila altua dela medio. Baina, datuek behera egin ahala, asko dira berrartu diren egitarauak, Andoain herrikoak, tartean.
“Gabon giroan, bizi kultura!” ekitaldi-sorta antolatu du Andoaingo Udalak; adin tarte guztiei zuzendutako proposamenak biltzen dira bertan. Gainera, berrikuntza batekin dator urteko azken hila, izan ere, lehenengoz, euskarazko Umore Zikloa ipiniko da martxan. Hala, egunotan plazak jendez lepo bete dituzten hainbat artista izango dira. Esaterako, “Losers” obra antzeztuko dute Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolak; porrotaren gaineko hausnarketa egiten dute bertan. Bestalde, “Betetan be” antzerki konpainiak gaztetxe giroan ipiniko du ikuslea “Porno vs, Afrodita (Edo I love #Gorkaurbizu)” ikuskizunean. Azkenik, aski ezaguna den Portugaleko musikatik abiatuko da Xake Produkzioak taldearen azken ekoizpena: “Fadoak entzuten zituen gizona”. Haurrak ere hitzartuko ditu kultur-egitarauak. Izan ere, Goazen telebistako fenomenoak emanaldi bikoitza egingo du, eta Lurraren aniztasuna izango du hizpide Markeliñe taldeak “Kartoibiraka” obran.
Zer entzuna ere izango da Andoaingo Bastero Kulturgunean. Alde batetik, flamenkoa eta euskara uztartzen dituen Sonakay taldea igoko da taula gainera. Beste alde batetik, bigarren diskoa estreinatuko du Pello Reparaz kantariaren Zetak taldeak. Hori ez ezik, Bilbotik zuzenean etorritako Zea Mays rock taldea ere izango da tartean, baita Nøgen talde gipuzkoarra ere.
Gainera, bisitari bereziak hartuko ditu Basterok Gabonek iraun bitartean. Andoaingo erraldoi eta buruhandiak kulturguneko erakusketa-gelan egongo dira ikusgai. Beraz, harri-kartoizko protagonistez gozatzeko nahia duen orok aukera izango du herriko festetan berebiziko garrantzia duten pertsonaiak gertutik ikusteko.
Sarreren salmenta, datorren astelehenean hasita
Abenduak 7tik aurrera egongo dira sarrerak eskuragarri Internet bidez Kutxabank gunean klik eginez. Modu elektronikoan erostea gomendatu du Udalak, sarrerak inprimatu behar ez izateko. Hala ere, aurrez aurreko salmenta egiteko aukera izango da, Basteroko leihatila irekiko da, goizean 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30- 19:30 bitartean.
Ikuskizun guztietan %25eko beherapena dute bazkideek, eta baita bestelako erraztasun batzuk ere. Besteak beste, sarrerak aurrez erreserbatzeko aukera dute, alegia, abenduaren 3tik aurrera.
Bestalde, Umorearen Zikloko saioetarako bono-eskaintza berezia egongo da: helduen ikuskizunetarako bonuak (hiru egun) 30 euro balioko du. Sarrerak bakarka erosita, 12 euroko prezioa izango dute, eta, aldiz, bi sarrera erosita bakoitzak 10na euro. 4 euroko kostua izango dute haurrentzako ikuskizunek, aldiz. Deskontuak Bastero Kulturguneko leihatilan bakarrik aplikatuko dira, hots, online erosiz gero ezingo da bonorik eskuratu.
Egitarau oparoa Basteron
- Abenduak 23: Goazen 7.0.
- Abenduak 26: Sonakay.
- Abenduak 27: Zetak.
- Abenduak 28: Losers: Aitziber Garmendia & Jon Plazaola.
- Abenduak 30: Porno vs. Afrodita: Benetan Be.Urtarrilak 2: Zea Mays.
- Urtarrilak 3: Fadoak entzuten zituen gizona.
- Urtarrilak 4: Kartoibiraka: Markeliñe.
- Urtarrilak 7: Nøgen.
Erraldoi eta Buruhandien erakusketa
Astelehenetik ostiralera 18:30-20:00.
Larunbatetan 10:30-13:00 goizez, eta 18:30-20:30 arratsaldez. Abenduaren 24ean eta urtarrilaren 31n arratsaldean itxita. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita.