Erdoiztako bi karobiak, bista-bistan jarri dituzte

Xabier Lasa 2020ko abe. 4a, 14:52

Erdoiztako bigarren karobia berreskuratu du Burdina taldeak, eta atzo aurkeztu zuten, udal agintariekin batera. Euskal Herriaren historia, eta bere ondare zein lanbide tradizionalei buruz gehiago jakiteko Erdoista toki pribilegiatua dela azpimarratu zuten Burdina taldeko Joseba Urrutia eta Ander Otañok.

2008an Erdoizta baserri inguruan karobi bat berreskuratzeari ekin zion Burdina taldeak. Boluntarioak ahaleginean ari zirela, hor non topatu zituzten, aldamenean, bigarren karobi baten aztarnak. Bigarren horren berreskurapen lanetan hasi ziren orain asko ez dela, eta atzo jarri zituzten argitara.

Kasik eroria dagoen Erdoizta baserritik gertu daude bi karobiak, Sorabilla auzoko goi partean; Garate eta Pagarte baserrietara doan pistaren ondo-ondoan kokatzen dira biak.

Joseba Urrutia berreskurapen lanean aritu den boluntarioetako batek adierazi zuenez, koronabirusaren urte tamalgarri honetan albiste on bakarretako bat izan daiteke Erdoistako karobiarena. “Desagertzear zegoen, sasi eta arbolen artean, eta txiripaz topatu genuen, ondoan dagoen bestea 2008an berreskuratu zen garaian”.

Oso berezitasun ikusgarria daukala bigarren karobiak, azpimarratu zuen Urrutiak: “Lur azpitik doan 13 metroko pasilloa edo tiroa zeukala ohartu ginen, eta azaleratuta geratu da; tiroa, labeak azpitik oxigenoa hartzeko eraikitzen zuten pasadizoari deitzen zaio”.

Burdina taldeak bere urtetako ibilbidean azaleratzen duen bigarren “tiroa” da Erdoiztakoa; lehenbizikoa, Elduain herrian izan zen, eta hangoak bost metrokoa luzera du,.

Urrutiak azken hilabeteetan taldeak burutu duen lanen berri eman zuen: “Tiro horren harri gehienak bazter batean zeuden, noizbait beste zeregin batzuetarako eramateko; ehunka kilokoak dira, eta ederki kosta zaigu denak bere hasierako tokira eramaten. Bestalde, karobiaren inguruan zegoen metro kubiko lur ugari ere mugitu behar izan dugu”.

Azkenik, Andoaingo herritarrei, elkarteei, ikastetxeei… gonbidapena luzatu zien Erdoiztara gerturatu daitezen, “familia giroan txango politak egiteko moduko parajea da hauxe, kontuan hartuta inguruan telegrafoaren aztarnak ere badaudela”. Alde horretatik, Burdina prest agertu du ibilbide gidatuak antolatzeko edozein dela ere giza taldea, “geure arbasoen ohiturak eta lanbideak eta geure ondare historikoa zabaltzea Burdinaren bigarren helburu nagusia, behin berreskurapen lanak amaituta”.

 

Bi karobi elkarren ondoan

Ander Otaño kideak ere karobiari buruzko beste zenbait ezaugarri tekniko zein historiko azaldu zituen atzoko aurkezpenean.

“Ez da ohikoa bi karobi batera aurkitzea, eta horrek argibideren bat eskaintzen digu; biek ere erabilera industrialerako bideratuko zirela, alegia. Euskal Herrian, XVIII-XIX mendean kokatu izan dugu industrializazio prozesuaren hasiera gisa. Bada, honelako karobiak, burdinolak… industrializazioaren protohistoriatzat jo behar ditugu”.

Erdoiztako bi karobiek erabilera zibila edukiko zutela esanez jarraitu zuen mintzaldia, “hemen ateratako karea Donostia aldera eramango zuten, eta horretarako, bere emana Oria ibaian isurtzen duen Abaloz ibaiaz baliatzen ziren. Izan ere, orduko garraiobideak gurdi-bideak izaten ziren, ez gaur egun ezagutzen ditugun bide modernoak”.

Erdoiztako tipologia duten eraikin industrialetan sei pertsonako lan taldeak aritzen zirela nabarmendu zuen Otañok: “Normalean inguruko langaiak erabiltzen zituzten, harria eta egurra. Zazpi bat egunez, egiten zuten lan, gau eta egun. Lan gogorra inondik ere; etengabe, sutako egurra eta harriak tonaka ekarri behar izaten zituzten”.

 

Karearen erabilera anitza

Kareak iraganeko gizartean funtzio asko betetzen zituela gogoratu zuen Otañok, “Etxeak zuritzeko, mortero lanetarako (Kristo jaio aurretik, Mesopotamia, Egipto edo Erromatarren garaitik), nekazaritzarako…”. Euskal Herrian, nekazaritzan izan zen oso estimatua. “Baserritarrei, zuhaitzak zurituz eta intsektuak uxatuz izurriteen aurkako erremedio gisa, eta baita animalien zauriak garbitzeko etortzen zitzaien primeran. Eta batez ere,  uzta oparoagoa izateko erabiltzen zuten. Izan ere, kareak lurrari azidotasuna kentzen dio, eta lurra berotu ere egiten du. XVI-XVII. mendera arte euskaldunak nahiko itsastarrak izan ginen elikaduraren aldetik; baina Ameriketatik artoa ekartzearekin batera nekazaritzak indar handia hartu zuen, eta testuinguru berri horretan egundoko garrantzia hartu zuen karobitik ekoizten zen karea; elementu iraultzailea izan zela bere garaian, alegia”.

Pandemiek jotzen zuten garaietan ere, izaten omen zuen beste erabilgarritasuna kareak: “gaixotasunez hildakoak lurperatzean karea botatzen zitzaien gainetik”.

Ander Otañok azpimarratu zuen karegintza auzolana eta herrigintzaren sinonimotzat jo behar dela bezala hartu behar dela.

 

Esker ona, Udalaren aldetik

Maider Lainez alkateak eta Txitxu Ruiz kultur zinegotziak hitza hartu zuten aurkezpenean. Biek ere eskerrak luzatu zizkien Burdinako boluntarioei. Lainezen esanetan, “bi arrazoiengatik eskertu behar zaizue; batetik, hartu duzuen lan itzelagatik, eta bestetik, Andoaingo eta andoaindarren ondarea berreskuratzen, ikertzen eta zabaltzen ari zaretelako.

Bi udal ordezkariek konpromisua berretsi zuten Erdoizta bezalako ondare-lekuetan informazio panelak ipintzeko, eta batez ere, Burdinari behar den laguntza eskaintzen jarraitzeko etorkizunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!