Etxean egoteko eguraldia zegoen, eta horrexegatik deigarria egiten zen Etxeberrieta aldera ohikoa baino jende gehiago zihoala ikustea. Eguerdiko 12:00tarako lagun ugari elkartu dira Etxeberrietako plazan, eta bidean zehar herrikide gehiago batu dira.
Zumea kalean eta Kale Nagusian zarata biderkatu egin da, eta “Ostalaritza aurrera” oihuak eta txistu eta bestelako soinuak ozenago entzun dira. Goikoplazara iritsitakoan jende asko batu dela ikus zitekeen. Manifestazioari amaiera emateko ostalarien bozeramaileek adierazpena irakurri dute.
Klase politikoari zuzendutako kritikaz beteta egon da adierazpena. Udaberritik hona bizi duten kalbarioak bere horretan jarraitzen duela gogorarazi dute: “Instituzioen kezka bakarra Gabonak nola antolatzea besterik ez da, ostalaritzaren sektorea zein egoeran dagoen gehiegi inporta gabe. Lanpostu asko hari batetik zintzilik daude”.
Instituzioetako ordezkarien aldetik jasotzen duten tratua kritikatu dute: “Penagarria da erakundeetara joatea eta gogoz kontra jasotzen gaituztela ikustea. Edo guri arreta ez eskaintzeko Covid-19 aitzakia erabiltzea. Baina fakturak, zergak eta bestelako tasak bidaltzeko oso azkar dabiltza, horrelakoetan ez dira Covid-19aren beldur”.
“Penagarria da erakundeetara joatea eta gogoz kontra jasotzen gaituztela ikustea. Edo guri arreta ez eskaintzeko Covid-19 aitzakia erabiltzea".
Egoera oso zaila dela iradoki dute: “Genituen aurrezkiak agortu ditugu, maileguak eskatu ditugu lehen itxierari aurre egiteko. Baina bigarren itxiera honetan ez dizkigute mailegu berriak ematen. Eta sokak inoiz baino gehiago estutzen du lepoa”.
“Genituen aurrezkiak agortu ditugu, maileguak eskatu ditugu lehen itxierari aurre egiteko. Baina bigarren itxiera honetan ez dizkigute mailegu berriak ematen".
Eguberrien atarian, Olentzerori eskaera egin diote: “Instituzioetatik emandako hitza bete dezatela, eta ez daitezela gurekin gezurretan ibili. Eman dituzten laguntzak ez dira aintzat hartzekoak, eta eman duten huskeria ez dadila gizartearen aurrean eskuak garbitzeko izan. Ezkerreko eskuarekin 100 euro eman dizkigute eta aldi berean eskuineko eskuarekin 1.000 euro kendu. Horregatik aurten zera eskatzen dizugu, Olentzero: guztiontzat osasuna ekartzea, haurrei opari pilo bat eta gizarte honetako arazoei irtenbidea emateko gai izango diren politikariak izatea”.
“Ostalaritza aurrera! Andoaingo ostalariak aurrera!” oihukatuz, herrikideen txalo artean amaitu da manifestazioaren osteko adierazpena.