Lourdes Iriondori gorazarre

Xabier Lasa 2020ko abe. 12a, 09:00

Bastero Kulturguneko Auditorioan Urnietako kantari ezaguna gogoan hartu zuten, ikuskizun dotorearekin. Berezi egin zuten bi arrazoi nagusi zeuden: Iriondok debuta Andoainen egin izana eta ekitaldiak Leteren heriotzaren urteurrenarekin bat egitea.

Lourdes Iriondo gogoan hartzen duen "Ez gaude konforme eta hamaika lore" ikuskizuna estreinatu zuten Basteron, joan den ostiralean. Lulu ezizeneko emakume aitzindaria, ameslaria eta inkonformista nabarmentzen du ikuskizunak, hitz, dantza eta musika ederrez baliaturik horretarako.

Urnietako kantariaren heriotzaren 15. urteurrenaren harira sortu da ikuskizuna, Agurtzane Intxaurragak zuzenduta. Olatz Salbadorrek, Iriondoren erretratu pertsonala egiteaz gain, euskal kantari eta kulturgile gisa egindako ibilbidea deskribatzen du. Alaia Martin aurkezle-narratzaileak jartzen du haria, eta musika, txalaparta eta dantzak hartzen dute oholtza bakarka nahiz elkarrekin, ordu bete irauten duen ikuskizun polit bezain hunkigarrian.

Lourdesen hiru bizi-taupadetan jartzen ditu begiak ikuskizunak. Lehenbizikoz, frankismoak estuki lotua zeukan gizarteko gaztediaren garrasia (“Ez gaude konforme”) pertsonifikatzen duelako Iriondok.

Bigarrenik, bere emakumetasuna nabarmentzen da; belaunaldi inkorformistaren loraldian itzalean eta isilik parte hartu zuten emakume anonimo edo “petalo garden ikusezin”-en ordezkari izan zelako, beren lekua hura ez zela sentiarazi nahi zieten haiei, arrazoia
ukatuz, bide arantzatsuetan barrena bidea urratu zutenena alegia.

Eta hirugarrenik, gaitzak jotako emakume ahularen barne-indar ahaltsua erakutsi zuelako.

Aldi berean, Iriondok belaunalditik belaunaldira bete zuen zubigilearen funtzioa azpimarratzen da, eta ideia horixe pertsonifikatzen dute bi gitarrek, akustikoa eta elektrikoa; ikuskizun osoaren lekuko pribilegiatuak dira, albo batetik zelatari.

Urnietako umeak maite

Iriondok zubigilegintzan eta kultur-transmisioan jokatu zuen paperan sakonduz, ikuskizunak ez du ahazten Urnietako haurren kultur heziketan egin zuen ahalegin berebizikoa. Ipuinak eta antzerkiak idatzi baitzituen haientzako, biziki maite zuenez umeen konpainia. Iriondoren bizitzaren pasarte hori islatzeko, Easo abesbatzako haur kantariek eta Ana Belen Garcia Urnietako Lourdes Iriondo musika eskolako irakasle eta piano jole andoaindarrak Amaren bularra eta Tiriki tauki mailuaren hotsa abestiak interpretatzen dituzte.

Ikuskizuna osorik abenduaren 26an eskainiko dute ETB1n, "Oholtza" saioan.

Parte-hartzaileak:

  • Alaia Martin bertsolaria eta aurkezlea.
  • Olatz Salvador, Paule Bilbao eta Josune Arakistain abeslariak.
  • Antton Valverde piano jole eta abeslaria.
  • Idoia Hernandez eta Ana Belen Garcia piano joleak.
  • Noemi Viana, Myriam Perez Cazabon eta Oihana Vesga dantzariak Oinkari dantza taldeko kideak.
  • Bihotz taldeko txalapartariak.
  • Haurren Easo abesbatza.

1964an lehen emanaldia, Andoainen

Berez, jaialdia, 1963ko azaroan abian jarri zen Aita Larramendi ikastola klandestinoaren alde antolatu zen, baina Huizik “ongintzazko egintza” gisa aurkeztu zuen, jakitun izanik ikastola frankismoaren mehatxu pean zegoela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!