Ibilbide oparoa egin du udalgintzan Mikel Arregik, bi aro ezberdinetan. 1991-2007 artean zinegotzi izan zen, eta 2003ko Udal hauteskundeetan hautagai bozkatuena izatera iritsi zen. EAJ-EA koalizioko buru izan zen, ezker abertzalea legez kanpo zegoen hauteskundeetan. PSE-EE eta PP alderdien arteko akordioak, ordea, alkatetza eskuratzetik kanpo utzi zuen. Udalgintzaren historian sarritan gertatu denez, hauteskunde osteko akordioetan sozialistek probetxu handiena lortu zuten.
Azken hamarkadan bizikidetzaren alde lanean diharduen Elkarbizi taldeko eragileetakoa izan da Arregi, eta 2007an politika utziko zuela iragarri bazuen ere, 2019an Marijose Izagirrek hautes-zerrendako lehen postuetan aurkezteko egin zion proposamena onartu zuen. Urte eta erdiko ibilbidea egin eta gero, hauxe dirudi behin betiko despedida.
Haren tokia Alex Huitzi Alfonso sorabillatarrak hartuko du, azken hilabeteetan Euskaraldiko ekitaldietan bereziki nabarmendu dena. Xabier Huitziren semea da, hura ere politikagintzan ibilbide oparoa egindakoa. Alex 1992an jaioa da, La Salle Berrozpen egin zituen ikasketak eta Zuzenbidean graduatua da. Zumea plazako Elduaien hizkuntza eskolan irakasle lanean dihardu.
Andoaingo EAJ-PNV alderdiak esker ona adierazi dio Mikel Arregiri, eta ongietorria eman dio Alex Huitziri.