Hogei familiaren bizitokia eraistera doaz

Xabier Lasa 2020ko abe. 23a, 07:51

Pepe Iparragirre, Eloisa Lavado eta bere seme Pruden Lavado, azken bizilagunetako batzuk.

Ama Kandida Etorbideko Zubi-Etxeko 20 familiek bertatik alde egin beharko dute urtearen bukaeran. Langile giroko makina bat familiarentzat bizitoki izan da etxe hori, 1947an eraiki zenez geroztik.

Ama Kandida Etorbidean Babes Ofizialeko 80 etxebizitza eta tasatutako beste 80 etxebizitza eraikitzea proiektatuta dute hurrengo urtetan, auzoa biziberritzeko asmoz. Zubi-Etxe etxea eraistea eta bertan eta ondoko eremuetan berriak altxatzea aurreikusten du proiektu urbanistikoak.

Ama Kandida Etorbideko 18, 20, 22 eta 24 atariek osatzen dute Zubi-Etxe izeneko etxe-blokea; 20 etxebizitza guztira.

Historian atzera joanda, esan behar da 1942an Tejas y Ladrillos del Oria enpresa ezarri zela Bazkardoko eremu horretan (egun Denac industria-gunea dagoen horretan) teilak eta adreiluak ekoizteko asmoz. Handik bost urtetara, Zubi-Etxe izeneko etxe-blokea eraiki zuen bere langileentzako; hain zuzen, lantegiaren pare-parean, errepidearen bestaldean kokatu zuen etxe-blokea.

Zubi-Etxetik makina bat familia –eta horietako asko lantegiarekin zerikusirik ez zutenak– igaro dira 1947tik gaur arte, bertako bizilagun den Pepe Iparragirrek gogoratu digun eran. “20 langile eta euren familiak bizitu izan ziren bertan, ateak irekita eduki zituen urtetan, errentan. Baina 80ko hamarkadaren hasieran itxi egin zutenean, familiek etxebizitzen jabetza lortu ahal izan zuten, kalte-ordain gisa. Harrezkero, eta denboraren poderioz, familia horiek, gehienak, etxebizitzak saltzen joan ziren edota errentan jartzen. Horrela, hamarkadetan zehar esku aldaketa ugari jasan dituzte etxebizitza horiek. Emaztea eta biok orain 17 urte erosi genuen bat, 18. zenbakian”.

Proiektuaren sustatzaile den Urumea Berri enpresako ordezkari Felipe Gomezek Aiurriri adierazi dionez, legeak halako kasuetan agintzen duena zorrotz ari dira betetzen. Horrela, hogei etxe-jabeetatik jada hamabirekin hitzarmena sinatu dute –edo sinatzeko zorian dira–, egitekoak diren etxe berrietako bat eskura dezaten etorkizunean, Babes Ofizialeko Etxebizitzen barnean. Eraikuntza lanek lau bat urtez irautea espero dutenez, denbora horretan hamabi familia horiei behin-behineko bizialdiko errentak ordainduko dizkie Urumea Berrik.

Gainerako zortzi jabeei dagokienez, enpresa sustatzaile horri euren etxebizitza saltzea erabaki dute.

Iparragirre da Urumea Berri enpresa sustatzailearekin hitzarmena sinatu duen bizilagunetako bat. “Iruditzen zait nahiko baldintza onetan adostu direla hitzarmenak. Auzoaren biziberritzea ekarriko du, eta horrexegatik, etorkizunean ere bertan bizitzen segitzea erabaki dugu. Hamarkadetan baztertuta egon den lotarako auzoa izan da, eta bizitza hartuko du. Gazte jendea helduko da, kirolerako eta aisialdirako eremuak egongo dira, Bazkardo eta Kaletxiki auzoak batuko dira, herriko kaskora igotzeko igogailua ipiniko dute…”.

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 573. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!