Nola eragin dizue koronabirusak, eta nola bizi izan zenuten lehen itxialdia?
Beldur askorekin bizi izan dugu hau guztia. Itxialdiaren une haietan, duela urtebete egindako eskaera iristear zen eta generoa dendara sartu bai, baina ezin atera geratu ginen. Genero hori guztia noski, ordaindu egin behar genuen, saldu ezinik geratu behar genuela jakinda ere. Lehen pausua, hornitzaileekin harremanetan jartzea izan zen eta, beraiek, egoera nolakoa izaten ari zen jakinda, laguntza handia eman ziguten eta oso jarrera egokia eduki zuten.
Generoa saldu ezinik geratu zineten ala etxez-etxeko aukera hori aprobetxatu duzue?
Momentu horretan, aukera berria aurkitu behar zenez, etxez-etxeko zerbitzua jarri genuen martxan. Eskaerak WhatsApp bidez jasotzen genituen, Instagram aplikazioan publizitatea jartzen genuen eta eskaerak bertatik ere jasotzen genituen. Jendeak momentuan zerbitzu horri etekina atera zion arren, orain dendara etor daiteke eta dagoeneko etxez-etxeko zerbitzu horrek ez du funtzionatzen, gure kasuan behintzat horrela da.
Zer nolako itzulera izan zenuten? Zuengara gerturatzeko gogoz egongo zen jendea...
Bai, dudarik gabe gogotsu ekin zitzaion itxialdiaren ondorenari. Gure partetik eta baita bezeroen aldetik ere. Irekitzeko aukera zabaldu zenean, publizitatearen eta sare-sozialen bitartez gonbitea luzatu genien dendara etor zitezen. Protokoloak jarritako neurri berriak kontutan hartuta, baina betiko lekuan jarraitzen genuela adieraziz eta gustu handiz jasoko genituela esanez. Jendeak izan zuen jarrera ezinbestekoa izan zen guk geuk aurrera jarraitu ahal izateko.
Mugikortasuna mugatzeak abantailarik ekarri al dizue?
Mugikortasuna mugatzea guri oso ondo etorri zaigu. Ohiko bezeroaz gain, bezero berriak ere sartzen ari direlako. Gehienbat herritarrak diren arren, ondoko herrietakoak ere gerturatzen ari direla nabaritu dugu. Jendeak herrian kontsumitzea ekarri du horrek, eta ondorioz herritarrak guregana gerturatzea.
Azken finean, komertzio handietara jo beharrean, bertako dendei aukera berria sortzen ari zaiola ikusten ari gara eta hori oso aberasgarria da.
Eguberrien atarian gaude, zer da gehien saltzea aurreikusten duzuena?
Itxialdiaren ondoren, oinetakoetan eta mendiko arropan izan da salmenta igoera nabarmenena. Pandemia dela kasu, jendeak aisialdiari tarte gehiago eskaini dio eta kirola edota mendira joateko ohitura gehiago hartu dute. Beraz, produktu horietan antzeman da igoera hori batez ere. Eta Gabonetako oparietara begira ere salmentak hortik doazela esango nuke, gure dendan behintzat hori antzeman dut.
Etorkizunera begira, nola ikusten duzu tokiko merkataritza?
Salkin Andoaingo Merkatari eta Ostalarien elkartearen laguntzaz beti aktibo mantentzen saiatzen gara. Elkartetik ideiak eta bultzada txiki horiek ematen dizkigute eta oso lagungarriak izaten dira. Esate baterako, atera dituzten bonoek izugarrizko arrakasta izan dute eta mesede egin digute. Denon arteko elkarlana ezinbestekoa baita momentu hauetan. Hori bai, egoera okertuz gero eta bigarrengo aldiz etxean geratu beharko bagenu, ez genioke egoerari buelta emango, hori ziur.