Patxi Baztarrikak 'Euskararen Bizia' liburua aurkeztu du Udaletxean

Aiurri 2020ko abe. 17a, 13:49

Andoaingo Euskara Teknikariak liburua aurkeztu du Udaletxean, Maider Lainez alkatea eta Mikel Arregi Euskara zinegotzia lagun zituela. 

Baztarrikak liburuaren nondik-norakoak modu labur eta argian adierazi ditu; datu esanguratsuak mahaigaineratu eta Andoaingo egoera soziolinguistikoaz hitz egin du. Mikel Arregik eta Maider Lainezek ere hitz egin dute, idazleari eskerrak emanez. 

Sinopsia

"Ikaragarria izan da, Andoainen ere, euskararen hazkundea hiruzpalau hamarkadotan. Andoaingo biztanleen erdia baino gehiagok badaki euskaraz hitz egiten, hamarretik zazpik ulertzen du eta erabilgune berriak irabazi ditu euskarak. Prozesu amaierara iristeko,ordea, hakzunde-etapa asko geratzen dira egiteko. Etorkizuna idazteke dago, eta oso arriskutsua litzateke euskararena, kontu batzuk gorabehera, funtsean, eginda eta bideratuta dago uste izatea. Arriskutsua, ez bakarrik biziberritze prozesuari oraindik bide luze eta malkartsua geratzen zaiolako egiteko, baizik eta hazten jarraitzea eta euskararen funtzionalitatea eta bizi-indarra areagotzea delako orain arteko hazkundeari atzerapausorik gabe eusteko bide bakarra. Hain da erraza atzera egitea! (...) Hiztunak eta erabiltzaileak baitira euskarak, behar, benetan eta nahitaez behar dituenak".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!