“Nekatuta nago, fisikoki eta psikologikoki”

Jon Ander Ubeda 2020ko abe. 17a, 19:42

Adina eta bizi dugun egoera izan dira Mikel Arregi Aranburuk kargua uzteko arrazoi nagusiak: “Heldutasunera iritsita, indarra eta kemena falta zaizkit. Nekatuta nago fisikoki eta psikologikoki”. Udalgintzan sinesten duela adierazi du jarraian: “Andoainen alde lan egiteak merezi du”.

Esker ona adierazi die ENBAko kideei, Udal langileei eta zinegotzi guztiei. Eta 2007ko maiatzean egin zuen bezala, “barkamena adierazi nahi dut inor egindakoagatik edo esandakoagatik minduta sentitu bada”.

“Andoaindarra naiz”

Rikardo Arregi anaiaren “Andoaindarra naiz” Zeruko Argian idatzi zuena gogora ekarri du, bere azken agerraldi politikoan: “Zorionez, herri humila, izen handirik gabekoa da gurea. Horregatik maite dut gehiago, horrexegatik nago fier eta harro nere jaioterriaz. Ezagutzen bait ditut bertan lanean ari diren euskaltzale militante zahar eta gazteak, eta horregatik gordetzen dut Euskal Herriarengan esperantza. Eguneroko borroka isila, izen handirik gabekoa, hori da Euskal Herriaren eustailea. Gizon eta gazte horien izenak ez dira geldituko, seguru asko, Euskal Herriaren historiaren horrietan; baina horiek egingo dute posible, inork baino gehiago, Euskal Herriak historia izaten segitzea”.

2007an bezala, 2020an ere txalo artean agurtu dute Mikel Arregi.

Udal ordezkarien adierazpenak

Maider Lainez (PSE-EE):

“Udalaren izenean esker ona adierazi nahi dizugu egin duzun lan guztiagatik. Uneaz gozatzea dagokizu orain. Zinegotzi hasi nintzenetik ezagutzen zaitut eta herrian erreferente bat zarela jakin badakigu”.

Mari Jose Izagirre (EAJ-PNV):

“Eskerrik asko Mikel, erakutsitako guztiagatik. Ondoan izango zaitudala pentsatzen dut”.

Andoni Alvarez (EH Bildu):

“Taldearen izenean eskertza adierazi nahi dizugu, zuzendu duzun batzordean eroso sentitu garelako eta oposizioa egiteko aukera izan dugulako. Kezkaz bizi dugu egoera, bestalde, EAJ-PNVrekin dugun zubi bakarra joaten delako. Gozatu familiaz eta zaindu”.

Tere Santana (Podemos):

“Nabarituko dugu zure falta, eta zure ordezkoak langa oso goian izango du. Diferentziak diferentzia, erreferentea zara Andoainen. Bizitzaz goza ezazula”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!