Lourdes Iriondok lehen kontzertua Andoainen eskaini zuenekoa

Xabier Lasa 2020ko abe. 19a, 10:01

Lourdes Iriondo Andoainen aurkeztu zen kantari gisa jendaurrean lehenengo aldiz, 1964ko abenduaren 29an. Bertako gazte kuadrilla batek osatutako abesbatza izan zuen bidelagun. Ana Mari Larrañaga tartean zen, eta berak gogoratu digu eguna.

Iparragirre antzokian izan zen estreinaldia, Ikastolaren alde antolatu zen jaialdian. Herriko prentsa-kronikari ez ezik, kirolari eta kirol zein gizarte eragile aparta izan zen Bixente Huizik iragarri zituen La Voz de España egunkarian jaialdiaren nondik norakoa, kulturgile batzuen izenak emanez: txistu emanaldia, Gabon-poesien errezitaldia, Gabon giroko eszenifikatze plastikoa, Bereziartua eta Olaizola akordeoilarien bertso-emanaldia, Zuaznabar anaien txalaparta, eta, azkenik, Lourdes Iriondo, eta herriko abesbatza femeninoak lagunduta (“Canto y solo de guitarra, por un grupo de jóvenes muchachas de la localidad acompañadas por la señorita Maria Lourdes Iriondo”).

Urnietan bizi den Ana Mari Larrañaga izan zen emakumeen abesbatzako kideetako bat. “Lourdes Iriondo aurkikuntza zoragarria izan zen euskal gizartearentzat, eta hasiera hartan, baita Iparragirre gainezka jarri zuten andoaindarrentzat. Zer esanik ez, abesbatzako kideontzat ere. Dena zeukan berarekin, gitarra eskuetan zuela eszenategian azaldu zen emakume ezezagun hark: emakumea zen gizonak nagusi ziren plaza publikoan, ahots gozoa zeukan, abesti politen egilea zen (euskal gaztedi berri inkonformistaren ereserkia modukoak ziruditen batzuk), edertasuna itxuraz, eztitasuna eta naturaltasuna formetan… Presentzia zeukan izugarria, eta izar handia bilakatu zen gure bizitzetan”.

Andoaingo emakumeen abesbatzaren nondik norakoak gogoratu digu Larrañagak. Orain Juanita Alkain plaza den horretan zegoen etxean, elizaren inguruko JOC eta JIC gazteen taldeak biltzen ziren; zenbait apaizek eta gizarte eragilek gidatzen zituzten taldeak, gazteengan katolizismoari lotutako kontzientzia soziala pizteko asmoz. Testuinguru horretan izan zuen sorburu abesbatza taldeak, hain zuzen.    

“Emakume batzuk –20 bat urteren bueltan genbiltzan– gau eskola moduko batean hasi ginen, Eugenio Arregi apaiza eta bere iloba Rikardo Arregi irakasle genituela. Euskara ahotara eramateko premia ikusi genuen. Nire kasuan, min ematen zidan ikusteak nola galtzear neukan. Egin kontu, aita-ama eta sei senideak Bergaratik Andoainera heldu ginenean zeharo euskaldunak ginen, baina Andoainen erdaldundu ginen. Frankismoak ezarrita zeukan debekuagatik batetik, baina batez ere, geure erruz. Izan ere, Bergarako euskaragatik barre egiten ziguten (lagun artean “bentanie” esateagatik, harategian “buztana” eskatzeagatik…); bada, egoera horiek eragindako ezinegonagatik, erderara jotzea erabaki genuen etxean”.

Eugenio Arregik gau eskola hartako ikaskideei proposamen erakargarria luzatu zien, behin. “Esan zigun ezagutu berri zuela Urnietan emakume gazte bat euskal kantaria, eta ea animatuko al ginen harekin herrian. Guk baietz erantzun, eta agudo batean, Lourdesekin berarekin entseguak egiten hasi ginen. Egundoko grinaz aritu ginen emakumeak, lehenengo ahotsak zirela, bigarrengo ahotsa zirela… Lourdesek sortutako hiru abesti landu genituen: Nere gitarratxoa, Abesten dizut Jauna, eta, Gazte gera, gazte, eta ez gaude konforme. Oker ez banago, orduan modan zegoen Arratsa Moskun, Lekuonak moldatutakoa ere hartu genuen errepertoriorako”.

Txalo zaparradarekin hartu zituzten Iparragirreko entzuleek, Iriondo zein abesbatza. Iriondok Herri irratian zuzenean kantatu zuen handik gutxira, ezaguna egin zen Euskal Herri osoan (mugimendu euskaltzalean, batik bat), eta harrezkero, han hemen antolatu ziren euskal jaialdi gehienetan hartu zuen parte Urnietako kantariak. Geldirik egon ezineko urteak izan ziren Iriondorentzat; egin kontu, zenbait urtetan, ia 200 kantaldietan kantatzera iritsi zen, bakarka zein 1966ko amaieran plazaratu zen Ez Dok Hamairu kolektiboan integratuta.

Ikastolen aldeko jaialdiak
Euskal basoan perretxikoak nola, hala hazten ari ziren ikastola klandestinoak, diru laguntza eta aitormen ofizialik gabeko ikastetxeak, alegia, eta horien aldeko jaialdiak izaten ziren horietako asko. Tartean, 1963k azaroan Marimi Ugalde eta Mari Paz Artolazabal andereñoekin abian jarria zen Aita Larramendiren alde, edota, 1966an Urnietan Maria Pilar Sarasola andereñoarekin aterak ireki zituen Egape ikastolaren alde. Denetik kabitzen ziren jaialdi horien karteletan, ahalik eta herritar gehienen gogoa asetzeko asmoz. Esate baterako, 1966ko ekainean, berriro ere Lourdes Iriondoren emanaldia iragarri zuten, eta baita nortzuk osatuko zuten emanaldia: Los Tinkers musika taldea, Jose Mari Oiartzabal aita-semeak (instrumentu joleak), Migel Bikondoa akordeoilaria, Oinkari dantza taldea, Jose Antonio Villar kantaria, eta, Usandizaga abesbatza.

Iriondo Andoaingo emakumeen abesbatzarik gabe aritu zen bigarren txanda hartan. Egia esanda, ibilbide laburra izan zuen abesbatzak. Hori bai, hiru kidek Iriondoren ikasle izaten jarraitu zuten urte eta erdiz, Larrañagak adierazi duenez. “Inmakulada Garmendia, Arantxa Txopeitia eta hirurok, Iriondoren etxera joaten ginen, denetik ikastera, solfeoa, kantua, gitarra… Jakina, gure aspirazioa ez zen kantari izatea, euskaran eta euskal kulturan sakontzea baizik. Iriondo eskuzabala zen guztiz, goxoa tratuan, eta arratsalde politak igaro genituen; musika ez ezik, patata tortillak janez ondo pasatzeko aldarteetara denbora ere edukitzen genuen. Noizean behin, Ifnin (Maroko) soldaduska egiten ari zen bere lagun bati bidaltzeko, zinta kasetean berak sortutako abestiak grabatzen genituen. Behin, Urnietako ikastolaren alde bertako antzokian jaialdia antolatu zuten, eta beste emakume batzuekin batera abesbatza osatu genuen Lourdesentzat”.

Denboraren joana gainditu duen artista
Lourdes Iriondo gizatasunaren ikuspegitik izugarrizko emakumea izan zela azpimarratu du Ana Mari Larrañagak; horrez gain, bere kultur balioa aldarrikatzeko gogoa sentitzen du, eta halaxe adierazi digu: “Garai nahasiak izan ziren, oso militanteak; edozein ekitaldira edo jaialdira joateko beti prest izaten ginen, bagenekielako plazan euskal kultura transmitituko zitzaigula, eta gainera, frankismoaren aurkako ekimena izango zela. Militantismo horrek, maiz, ez zuen askorik behar izaten pertsona publikoak aldarera eramateko, edo, lur azpian jartzeko. Alde horretatik, batek pentsa dezake Iriondo idealizatzen ari garela. Baina ez dut uste horrela denik, inondik ere. Euskal gizarteari, eta zehazki, euskal kulturari zer nolako ekarpena egin nahi zion argi zeukan abeslaria izan zen, artista hutsa, berezko izar distiratsua. Munduan askok Joan Baez izango zuten erreferentzia nagusia akaso, baina guk, gertuago, Iriondo geneukan, kultur sortzaile gisa, merituak soberan egin zituena. Berak utzitako arrastoa, beharbada, itzaltzen ari den sentsazioa daukat, eta horrexegatik, primeran ikusten ditut bere figura gogoraraziko dizkiguten ekimen guztiak, eta urrutira gabe, oraindik orain estreinatu den “Ez gaude konforme, Lourdes Iriondo eta hamaika lore” emankizuna.

Abenduaren 26an 'Oholtzan' telebista saioan
Abenduaren 4an Iriondoren omenez Bastero Kulturgunean antolatu zen ikuskizuna Euskal Telebistan ikusteko aukeraizango da abenduaren 26an. Basteroko emanaldia Urnietako hainbat lekukotzarekin uztartuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!