Udalak eta Caritasek Zabalbidean egitasmoa sinatu dute, Sorabillan

Xabier Lasa 2020ko abe. 19a, 11:54

Andoaingo Udalak eta Caritasek Sorabillako Harrera Etxean elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo, Zabalbidean egitasmoa bultzatu asmoz. Sorabillako Harrera Etxea gune irekia bilakatzea du helburu egitasmoak, bertako gazte etorkinen eta sorabillatarren zein gainerako herritarren arteko hartu emanak errazteko eta kulturartekotasuna sustatzeko.

Maider Lainez Andoaingo alkate eta Gizarte Zerbitzuetako presidenteak eta Joxe Ramon Aramendi Caritaseko zuzendariak sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena, Sorabillako Harrera Etxean atzo.

Gizartean egon daitezkeen beldur eta aurre juzguak zintzotasunez eta elkar ezagutuz gainditzen direla eta horretarako ekimen egokia izan litekeela Zabalbidean egitasmoa adierazi zuen Aramendik. Lainezek ondoren adierazi zuenez, “elkar ezagutzen eta komunitate bateko kide gisa onartzen lagunduko diguten topaguneak bilatzeak Andoaingo bizitzan aktiboki sartzea errazten du, eta hori, gainera, gune ludiko batean egiten bada, hurrengo udaberrian zuen lorategian egingo den moduan, are gehiago”. Desio batekin amaitu zuen mintzaldia: “gaur egun bizi ditugun uneak gorabehera, datorren udaberrian mahaia eta mantela partekatzea nahi genuke”.

Iñigo Lasagabaster Harrera Etxeko zuzendariak erantsi zuenez, Zabalbidean egitasmoa baliagarria da harrera etxean dauden gazteentzat ez ezik baita ere Sorabillako auzotarrentzat eta Andoaingo herriarentzat, gizarte integratzaile eta inklusiboa baten aldeko apustua egiten duelako. “Zabalbidean espazioa ideia horren metafora izan daiteke”. Hain zuzen, Erretore-etxearen aurrean dagoen belardiari deitzen diote Zabalbidean espazioa.

Dekalogoa idatzi dute Zabalbidean egitasmoaren inguruan, eta bertan zerrendatzen dituzten kontzeptuek defini dezakete ekimena: solidarioa, integratzailea, ez sexista, aurrez juzgurik gabekoa, hezkuntzarekin lotutako aisialdia, partekatua, eraikuntzan, ez biolentoa, ekologikoa, eta, sanoa.

Gipuzkoako Caritas elkarteak kudeatzen duen Sorabillako Harrera Etxeak gazte etorkinen integrazio soziala du helburu. Hamabi mutil bizi dira egun, hainbat jatorrikoak: Aljeria, Marfil Costa, Gana, Maroko… Horiekin batera, Caritasen ardurapeko sei hezitzailek egiten dute lan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!