Urteroko usadio bihurtu du Burdinak Ortzaikako karobia martxan jartzea, eta harekin batera, festa antolatzea ogibide zaharrak eta auzolana uztartuz. Modu sinbolikoan egin izan du beti, 2016an ezik. Urte hartan, urrats bat aurrera egin, eta iraganeko karobigileen larrutan jarrita karea ateratzea lortu zuten Burdina taldeko boluntarioek. Orduan osatutako bideoa, ikusgai:
Suari lotutako sinbologia
Burdina taldeko kideek adierazi dutenez, aurtengo ekimenaren eskutik aintzat hartuko dute suak, mendeetan zehar, neguan hartu izan duen sinbologia.
Gogorarazi dutenez, euskal gizartean, izan paganoa izan kristaua, suak berebiziko garrantzia hartzen zuen neguan. Suari lotutako pentsamendu majiko batek iraun zuen mendez mende, gaur egun galdu dena ia erabat. Jainkoei ofrenda eginez, uztaren oparotasuna eta gaixotasun nahiz izurriterik gabeko komunitate bat deseatzeko erabiltzen zuten sua. Sua egin, eta Urteberriarekin batera errautsak baserri inguruetan, baratzetan zein lur sailetan zabaltzen zituzten.
Eguneroko praktikotasunaren ikuspegitik ere, garrantzia handia hartzen zuen suak gizarte tradizionaletan. Neguan indarra galtzen zuen eguzkiak, ilun bilakatzen ziren egunean zeharko ordu asko, eta halakoetan, premiazko izaten zen sua etxeko lanetarako zein lurrari lotutako eginkizunetarako. Halaber, lapurrak uxatzeko ere egoki etortzen zitzaien.
Esan beharrik ez dago larunbat eguardiko karobiaren piztea baliatuko dutela 2020. urteak gizakiari ekarri dizkion zoritxar eta krudelkeria guztiak uxatzeko, desio gisa besterik ez bada ere.