Gabonak 2020

Kanpaikadak Aiurrin, Zelai ahizpen eskutik

Aiurri 2020ko abe. 31a, 12:46

Urtea amaitzearekin batera, Aiurrik azken uneko sorpresatxoa prestatu du: Urteberriko kanpaikadak Maindi iturritik. Gonbidatu bereziekin, gainera. Konfinamenduan alaitasuna ekarri ziguten Zelai Ahizpak berragertu zaizkigu, urte berriari hasiera dibertigarria emateko. Emankizuna ikusteko aukera ezberdinak izango dira.

Zehazki, bi aukera ahalbidetuko dira:

  • Aiurri.eus webgunea. Bertara sartu eta bideoan klik eginda. Gaueko 23:49an hasita webguneko lehen albistean zabalduko da bideoa. Adi, bideoan 6:54. minutuan cuartoak hasiko dira, eta 7:10. minutuan kanpaikadak.
  • Youtube kanala. Nahi duenak bertatik ere ikusteko aukera izango du, gaueko 23:45etan hasiko den emisioan. Aiurriko logoa agertuko da hasieran, eta berez 00:00tan kanpaikadak hasteko sinkronizatuta dago bideoa.

 

 

Edizio lanak eginda, bideoa ikusteko unearen zain egon beharko dugu

Ekoizpenean koordinazio lanak egin dituen Jon Ander Ubedak eskertza adierazi nahi die Ane Jalon eta Garazi Kamiori: “Urteari amaiera emateko eta berriari ongietorria emateko bideo atsegina, dibertigarria da. Eta hori da, hain zuzen, egun hauetan behar duguna. Eskertza adierazi nahi diegu Aneri eta Garaziri, erakutsi duten prestutasunagatik. Lan tekniko handia egin dute lankideek eta laguntzaileek ere: Mikel Arberas, Alba Cabrera Jauregi, Xabier Lasa, Arantza Aguado, Ainhoa Aiertza, Alberto Rubio. Lan hori guztia egin ahal izan da osagairik garrantzitsuena eskura izan dugulako: Kamera aurrean jarri eta artista lanean jarri den bikotearena, hain zuzen. Esker berezia adierazi nahi diet, Aiurrikideen eta Larramendi Bazkunakoen izenean, Ane Jaloni eta Garazi Kamiori”.

Bihar arratsaldean, makin off-a

Toki kuttuna da Maindi iturria, andoaindar askorentzat. Abenduaren 22an egin zen grabazioa, gauez, beharrezko baimenak eskatuta eta prebentzio neurri guztiak hartuta. Urtarrilaren 1ean, arratsaldez, making off-a igoko dugu Aiurri.eus webgunera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!