Kultur-eskaintza zabalarekin ekingo diote urteari Andoainen

Aiurri 2021ko urt. 7a, 12:54

Pasa den abendurako “Gabon Giroan” programazioa osatu zuen Andoaingo Udalak, pandemiak sektorean utzitako zuloa estali asmoz: 2.200 lagunetik gora pasa dira Basterotik Gabonetan. Gauzak horrela, hiru hilabeteko kultur-egitaraua egin du urtea indarrarekin hasteko.

2021. urtean ez da kulturarik faltako Andoainen. Joan den urtean hartutako dinamikari eutsi nahian, kultur-programazio zabala osatu du Andoaingo Udalak urteko lehen hiruhilekorako. Hala, herritar orori zuzendutako eskaintza izango da, musikatik hasi eta antzerkiraino. Hamaika artista pasako dira oholtzatik urtarriletik martxora bitartean.

Erakusketek irekiko dute egitaraua:

  • Urtarrilak 12-otsailak 4: Leire Salaberria ilustratzaile andoaindarraren erakusketa. Bertan, liburuetarako eta karteletarako osatu dituen ilustrazioen bilduma zabala izango da ikusgai.
  • Otsailak 7-28: "Jainkozaletasuna eta erlijio errituak Andoainen” erakusketa, Udal Artxiboak eta Burdina Taldeak elkarlanean osatua. Bisita ordutegia astelehenetik ostiralera 18:30-20:00 izango da, larunbatetan 10:30-13:00 goizez eta 18:30-20:30 arratsaldez. Igande eta asteartetan itxita.

Antzerkiaz gozatzeko aukera ere emango du kultur-eskaintzak. Izan ere, helduei zein haurrei zuzenduriko ikuskizunak egongo dira. Helduei zuzendutako obra guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira:

    • Urtarrilak 15: Trajin teatro konpainiaren "Mauthausen". Gazteleraz izanen da.
    • Urtarrillak 17: haurrei zuzendutako obra da "Alpha. Lo egiteko ordua", eta beldurrak eta sentimenduak ditu hizpide.
    • Urtarrilak 23: saio bikoitza egingo dute arrats berean Pirritx Porrotx eta Marimototsek "Amaren intxaurrak" ikuskizunarekin.

  • Otsailak 7: aurrez bertan behera geratu zen "Hansel eta Gretel" ipuin klasikoaren ikuskizuna
  • Otsailak 19:  ArteDrama-ren azken lana “Atzerrian lurra garratz”, euskaraz.
  • Martxoak 5: "De Gernika a New York pasando por Berlin" obra, Jose Antonio Agirre Lehendakariak egin behar izan zuen erbeste bidaiari buruzkoa.
  • Martxoak 11:  harreman afektiboei buruzko umorezko antzerkia da Aitziber Garmendiaren "Txanogorritxotik otso emera" obra, emakume gazte baten bizipenetatik abiatzen da, hain zuzen.
  • Martxoak 14: Anita Maravilas eta Portal 71 lagunen "Kotondarrak" obra.

Musika ere badu oinarrian egitarauak. Musika emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira:

    • Urtarrilak 22: Willis Drummond taldearen kontzertua. 

  • Urtarrilak 28: Korrontzi & Xabier Amuriza-ren "Koplariak" emanaldia.
  • Otsailak 4: "Mozart-Bruch Connection" kontzertua Estibaliz Sistiaga (pianoan), Mikel Emezabal (klarinetea) eta Mikel Urdangarin (biolina) artista andoaindarren eskutik. 
  • Otsailak 5: En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarrak kontzertua emango du "Egingo dugu eztanda" biraren barruan.
  • Otsailak 12: Imanol Iribarren andoaindarren "ALDAPEKO basque latin jazz" taldearen emanaldia.
  • Otsailak 25: Tenpora taldeak "Berriro asma nazazu" lana taularatuko du.
  • Martxoak 26: "Xabier Lete; gezur eta egia gurea" emanaldia.  Diziplina anitzetako artista ugarik omenaldia egingo diote Leteri.

Ikus-entzunezkoei dagokionez "Ez, eskerrikasko! Gladysen lehioa" dokumentala proiektatuko da (martxoak 23), nuklearren aurkako mugimenduaren erretratua egin asmoz.

Sarreren salmenta

Sarrerei dagokionez, datorren astelehenetik aurrera (hilak 11) egongo dira eskuragarri Internet bidez Kutxabank-en. Udalak sarrerak modu elektronikoan erostea gomendatu arren, aurrez aurreko salmenta aukera ere izango da, goizean 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30- 19:30. Betiko lez, Basteroko harrera-gunean eskuratu ahal izango dira. Pertsona bakoitzak 5 sarrera erosi ahal izango ditu gehienez ere. Bazkideei dagokionez, %25eko beherapena dute, baita sarrerak lehenago erreserbatzeko aukera ere (hilaren 7tik aurrera).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!