Ana Belen Garcia organo jolearen eta Haizea Muñoz sopranoen kontzertua, ikusgai

Xabier Lasa 2021ko urt. 7a, 13:48

Ana Belen Garcia organo joleak eta Haizea Muñoz sopranoak gabon giroko kontzertu bikaina eskaini zuten San Martin elizan, abenduaren 12an. Euskal Herriko nahiz nazioarteko konposatzaileen hainbat pieza biziberritu zituzten. Orduan interpretatutako hainbat piezekin egindako muntaia, ikusgai dago:

Euskal konposatzaileen (Guridi, Garbizu, Sorozabal, Ercilla) tradiziozko piezak berritu zituzten batetik; hala nola, Ala Baita, Euskal Herria, Ume eder bat, Ilunabarra, Olentzero, Hator hator, Mesias sarritan. Eta kontzertua osatzeko, nazioarteko beste zenbait egileen (Widor, Franck eta Gigout) sormenei heldu zieten.

Haizea Muñoz sopranoa Donostian jaio zen; 2007an Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, kantuko ikasketak amaitu zituen. Hainbat musika ziklo eta jaialdietan errezitalak eskaini ditu, baita opera eta zarzuela ezberdinetan bakarlari lanak egin ere. Opus lirica opera konpainiako kide da, abesbatzako antolatzaile delarik. Bakarlari lana irakaskuntzarekin uztartzen du, egun.

Ana Belen Garcia andoaindarrak, Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan lortu zituen pianoko eta klabizenbaloko goi-mailako tituluak; hor hasi, eta Musikenen amaitu zituen organo ikasketak. Egun, Urnietako Lourdes Iriondo musika eskolako zuzendaria da, eta bertan organo eta piano irakaslea ere bada. Donostiako Easo Abesbatzako eta baita Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako piano eta organo (Cavaillé-Coll 1863) jolea da. Bakarlari eta laguntzaile gisa nazioarte mailan hainbat jaialdietan hartu du parte (Espainia, Belgika, Frantzia, Errusia, Japonia eta Estatu Batuetan), estilo guztiak interpretatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!