Udal ekipamenduak erabiltzeko aukera zabalduko dute, datorren astelehenean hasita

Jon Ander Ubeda 2021ko urt. 8a, 13:14

Erakusketa Urigainen

“Andoaingo talde eta elkarte ezberdinek bilerak eta ekintzak antolatzeko aukera izatea eskatzen dugu”, izenburupean oharra igorri du EH Bilduk. Minutu gutxira, Gobernu taldeak iragarri du astelehenetik aurrera eskuragarri ipiniko dituela, “soilik Andoaingo talde eta elkarteen erabilerarako”.

Eguerdiko 12:30ak jotzeko ziren, EH Bilduk prentsa oharra igorri duenean: “Martxoan birusa guregana etorri zenetik, udal eraikinetan ekitaldiak antolatzeko irizpideak aldatuz joan dira. Jarduera profesionalak bueltatzeko eta bere jarduerak aurrera eramateko ahalegina egin du Udalak, baina herriko eragileek beraien jardueretara bueltatzeko ez dute aukera berdina izan. Horrela, gaur egun, Udalak antolatutako ekintzak egitea posible da (parte hartze prozesuak, bilerak, ekitaldiak...) eta Andoaingo elkarte ezberdinek aldiz ez. Gure ustez, Udalak bere jardueretan betetzen dituen segurtasun neurriak betez gero, hotrretarako udalak erabiltzen dituen baliabide berdinak eskeinita taldeei, Andoaingo kultur eta hezkuntza eragileak, kirol taldeek, elkarte gastronomikoek etab, beraien ekitaldiak eta bilerak egiteko baimena izan behar dute. Duela aste batzuk proposamen berdina egin genuen Kultura batzordean baina ezezkoa erantzun ziguten eta horregatik esaktzen diogu Udal Gobernuari, gaia berriro ere aztertzeko eta Andoaingo elkarte ezberdinek eskatutako ekitaldiak eta bilerak baimentzeko”.

13:00ak pasatxo ziren Udal gobernu taldearen erantzuna iritsi denean: “Andoaingo Udalak etengabe neurri ezberdinak hartu behar izan ditu COVID19ak sortutako egoera epidemiologikora eta momentuko araudi zein dekretuetara egokitzeko. Udazkenetik aurrera Udal kultur ekipamenduen erabilera, soilik Udalak sustatutako programazioa gauzatzera mugatu zen. Helburua, udal instalakuntzen eta bertan gauzatu behar ziren ekitaldi bakoitzaren segurtasun neurrien betetzea Udalak zuzenean bermatzea zen. Hezkuntza eta Kultura sailak erabaki du, datorren astelehenean, urtarrilak 11, berriro ere eskuragarri ipiniko dituela herriko Udal ekipamenduak, Bastero eta Urigain, soilik Andoaingo talde eta elkarteen erabilerarako, eta haien beharrak asetu ahal izateko. Eskaerak ohiko moduan tramitatu beharko dira, eta eskatzaile bakoitzak bere gain hartu beharko ditu jarduera bakoitzak derrigorrez bete beharreko segurtasun baldintzak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!