Charo Cordero hil da berriki, Andoaingo herriarekin maitemindu zen Extremadurako politikoa

Charo Cordero, Alvaro Sanchez Cacereseko Kulturako diputatua, Ana Carrere alkatea, Ignacio Gomez Hogar Extreme├▒oko kidea eta Denis Itsaso Aldundiko Kulturako diputatuarekin, 2017an

Abenduaren 24an hil zen minbiziak jota, 54 urte zituela. Bi txandatan etorri zen Andoainera Hogar Etxemeño elkarteak gonbidatuta, eta bietan gogo bizia azaldu zuen herrien arteko kulturartekotasuna sustatzeko. Cacereseko diputazioko presidentea eta Romangordo herriko alkatea zen. PSOE alderdia ordezkatuz. Haurtzaroko laguna zuen Ignacio Gomez andoaindarrak Corderoren inguruko xehetasunak eman dizkio Aiurriri.

 

Charo Cordero Andoainen bi txandatan izan zen, Hogar Extremeñok gonbidatuta. 2006an lehenbizikoa, eta orduan elkarteko kideek, jatorriz extremadurarrak izanik Andoainen bizi diren herritar ugarik eta Jose Antonio Perez Gabarain alkateak harrera beroa eskaini zioten.

2017ko ekainaren 3an egin zuen bigarren bisitaldia (kronika eta argazkiak). Orduko hartan, izaera instituzionalagoa hartu zuen etorrerak (bideoa, ikusgai), Gipuzkoako Diputazioko eta Andoaingo Udaleko ordezkariek harrera egin baitzioten. Hain zuzen, Andoaingo Udalean harrera ekitaldia egin zen; kontsejupean, Olagain elkarteko txistulariek eta Urkiko dantza taldeko dantzariek aurreskua eskaini zioten, eta ondoren, udalbatzako aretoan mintzaldiak eta opari trukaketak egin ziren.

Ekitaldi instituzional hartan bildutako guztiak Hogar Extremeño elkartearen egoitzara abiatu ziren, desfile antzean. Bigarren ekitaldia burutu zen bertan.

Asteburua Andoainen igaro ostean bere jaioterri Romangordora emozioz gainezka itzuli zela adierazi du Ignacio Gomezek. “Oso oroitzapen politak eraman zituen Caceresera. Eta batez ere, poza zerion Andoaingo jendearekin eta udalarekin harreman estuak egin izanagatik. Itsu-itsuan sinesten zuen herrien arteko kulturen arteko bizikidetzan, eta iruditzen zait Andoain ikusi zuela aukera ederra hortik jotzeko”.

 

Harremanak sendotzeko gogoa

Gomezek gogoratu duenez, handik hilabete batzuetara Andoaingo Udalak Romangordo herrira bixita antolatu zuen, bi bisitetan landutako harremanetan sakontzen segitzeko asmoz. “Orduan alkate zen Ana Carrere eta kulturako zinegotzi zen Esti Mujika joatekoak ziren, Andoaingo herria ordezkatuz. Asteburu hartan Independentziaren Gerraren testuinguru historikoan ingelesek eta fransetsek egindako batailaren errekreazioa ospatzen zen Romangordon, eta ekitaldi hura probestu nahi zen bixita egiteko. Txangoa prestatuta zegoen, baina azken-azken unean, herritar xume bati ulertzen kostatzen zaizkion arrazoi politikoak zirela medio, bertan behar geratu zen”.

Pena sentitzen du Gomezek gertakizun hura ahotan hartzen duen aldiro: “Porrot egin zuen saiakera hark, eta zaila dago asmoari berriro heltzea, batez ere bere eragile nagusia hil eta gero. Orain 40 urte baino gehiago Hogar Extremeño elkartea sortu zenetik, bertako kideen ametsa izan da Extremadura eta Euskal Herriko herritarren eta erakunde publikoen arteko era guztietako harremanak estutzea... Itxaron egin beharko du amets horrek ”.    

Ignacio Gomez eta Charo Cordero, Romangordoko jaietan

 

Romangordo, herri erakargarria

Hirurehun bat biztanle ditu Charo Cordero eta Ignacio Gomezen jaioterriak, Cacereseko probintzian. Txikia da herria, baina kulturaren, paisajearen eta herritarren abegikortasunaren ikuspegitik Romangordo leku erakargarria dela eta nabarmendu du Gomezek. Andoaindar guztiei hara hurbiltzeko gonbitea luzatu die, hartarako  aukera edukiz gero behintzat. “Pena da Extremadurako makina bat herrietan gertatzen ari den despopulatzearen fenomenoa. Charo Cordero alkate izan den bi legegintzaldietan, populazioari eustea lortu du, eta are gehiago, lortu du eskola publikoa irekita edukitzea, umeak dauzkaten gazte bikoteak han bizitzera animatzea, zahar egoitza eraikitzea… Madril 200 kilometrora besterik ez dago, eta hiriburuko zenbaitek bertan bigarren etxebizitza hartu dute, asteburu pasarako. Bestalde, pandemia suertatu arte, aste buru oro turistez jositako autobusak hurbildu izan dira, “Tranpantojoen ibilbidea” egitera. Herriko kale eta etxe hormetan ehundik gora margo zoragarriak ikusi litezke; herrikideen erretratuak, ogibide tradizionalak, paisajeak… agertzen dira bertan. Merezi du herrira gerturatzea, benetan”.

Gomez, udan ez ezik, ahal duen aldiro gerturatzen da bere jaioterrira, Andoaingo hainbaten antzera. Romangordon jaioa den jende mordoska bizi da Andoainen, 60ko hamarkadan emigratu behar izan zuena. “Behin, Hogar Extremeñon, bere bazkideen jatorria aztertu genuen, ikusteko Extremadurako zein herrietatik etorriak ziren gehienak. Proportzioan, eta hurrenez hurren, horrela irten zen sailkapena: Arroyo de la Luz (Caceres), Valle de la Serena (Badajoz), eta, Romangordo (Caceres)”.

Charo Cordero, Andoainen bizi diren Romangordoko zenbait herritarrekin, 2006an egin zuen bixitan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!