Atseden eguna duzue, astelehen honetan. Eta bihar ere, halabeharrez.
Hori dirudi, ulertzen dut ostalaritzan kutsatzen dela jendea, baina aurreko itxieran oso argi geratu zen kutsatzeak ez direla ostalaritzan ematen. Betikoan gaude.
Notifikaziorik jaso duzue?
Ostalaritzaren elkartearen eskutik jaso dugu guk. Eta ondoren Udalak emaila bidali digu, Eusko Jaurlaritzaren erabakia helaraziz.
Okerrena da ez dakizuela noiz irekiko duzuen berriro. Erabakia intzidentzia tasa metatura oso lotuta dagoelako.
Azken 14 egunetan nabarmen igo da, baina 100.000 biztanleko 500eko proportzio hori argudio bezala erabiltzea… Bilbo aztertzen hasten bazara, ia milioi bateko biztanleriarekin, hango ostalaritza ixteko zer egon behar dute 5.000 kutsatze gertatzen direnean? Hori ezinezkoa da. Uste dut erreferentziazko neurri hori ez dagoela oso ondo egokituta. Edo Aduna bezalako udalerri batean, bi kasu positiborekin ostalaritzak ateak itxi behar ditu?
Itxiera beharrezkoa bada, eremu gorrian gaudelako, ez dadila izan soilik ostalaritzarena. Merkataritza osoa itxi beharko lukete, elikagaiena eta farmaziena bakarrik irekiz. Eta elikagaiena ere ordutegi murriztuan ireki beharko lukete.
Ondorioak denontzan izan daitezela, ez soilik ostalarientzat.
Guk dagoeneko ezin dugu gehiago egin: Orain ERTEa, orain ez, orain halabeharrezko ERTEa... Ez, ez.
Aforoa murriztu digute, eta baita ordutegia ere. Laneko 4-5 ordu kendu dizkigute, baina zergak %100ean ordaindu behar ditugu. Ezin da ehuneko ehunean negozioa egin, baina zerga guzti-guztiak ordaindu behar dira?
Guk gaur halabeharrezko ERTEari oniritzia eman diogu, gizarte segurantzan hobariak eduki ahal izateko. Zeren eta bestela langile guztien gizarte segurantza ordaindu behar dugu. 6.000 euroko gastuaz hitz egiten ari naiz. Diru-sarrerarik gabe, nondik ateratzen duzu dirutza hori? Urgentziazko ERTEa onartu behar izan dugu, lantalde osoari datozen sei hilabeteetan enplegua ziurtatuko diogun baldintza onartuz gainera.
Hori horrela, gizarte segurantzaren %85a ez dugu ordaindu behar izango. Baina diru-sarrerarik gabe %15a ordaindu behar duzu berdin-berdin. Lan egin edo ez egin, ordaintzen jarraitu beharra dago. Ez zait justua iruditzen.
Beharbada ostegunean amaitzen da egoera hau, baina ez zait iruditzen. Ez dirudi.
Min ematen dit esateak, baina jende gazteak badu erruaren zati bat. Hogeita gutxi urteko gazte askok ez du probarik egin nahi etxean gerarazi beharko dituztela badakitelako. Beraz, kutsatzeak goruntz egingo du.
Baina ez dago argi non izaten den kutsaketa. Arduragabekeriak egon badaude, baina ez du zerta ostalaritzan izan behar.
Gabonetako bilkuratan dago gakoa, nire ustez. Oso argi dagoela esango nuke. Abenduaren 24an, bestalde, 18:00ak arte lan asko egin genuen. Ikaragarri. Ordutegia murriztean, goizean hasi zen poteoa. Akatsa, nire ustez, den-dena ordu batzuetara konprimitu baitzen. Lan asko egin genuen, eta gazte askok janaria eramateko hartu zuten. Auskalo non jan zuten.
Egia esan, ez dakit nola aterako garen egoera honetatik baina begira Beasainen nola dauden.