Etxetik datorkio Nerea Mazori interpretazioarekiko zaletasuna, izan ere, aita izan du erreferentzia hasieratik. Miren Arrietak, berriz, Donostiako portu zaharrean egin zuen lan taberna batean, eta bere lankide batek (aktorea denak) eman zion bultzada txikitako ametsari eusteko eta aktore ibilbideari ekiteko. Orain urte batzuk ezagutu zuten elkar, “Goazen” telesailerako grabaketa-lanetan. Gainera, biak ala biak bizi dira Madrilen eta aktoreentzako eskola batean ikasten dute. Bidea zaila izan arren, aitortu dute gogotsu daudela. Egun, Saroben dabiltza, Tanttaka Teatroa konpainiak sortutako “Ameriketako bidaia” prestatzen: Mazok Jone gorpuztu du, eta Mariaren azaletik ariko da Arrieta.
“Ameriketako bidaia” obra ari zarete prestatzen, Tanttaka Teatroaren eskutik.
Miren Arrieta: Bi neska euskaldunen istorioa kontatzen da. 16 urte dituzte protagonistek, eta AEBtara doaz ikasturtea igarotzera. Dallaseko aireportuan ezagutzen dute elkar, eta hasiera batean, ez dira oso ongi moldatzen, elkarrengandik oso ezberdinak direlako. Alabaina, bietako bati soinean daraman guztia ostutzen diote (dokumentazioa barne), eta Mexikora eraman nahi dute, estatuan ilegalki dagoelakoan. Gauzak horrela, bi nerabeen abentura du hizpide obrak.
Nerea Mazo: Horrez gain, jatorriaren araberako pribilegioez ere mintzo da antzezlana. Bestalde, publiko nerabeari azaltzen saiatzen da zein garrantzitsua den kanpora joatea, bidaiatzea eta beste kultura batzuk ezagutzea.
M: Dena oso tonu komiko batean dago kontatua, oso arina da ikusteko. Formatu familiarra da, baina egia da balore garrantzitsuak nabarmentzen ditugula.
Jone eta Maria dira protagonistak, elkarrengandik oso desberdinak. Zertan bereizten dira?
N: Joneri izugarri gustatzen zaio Amerika. Hori dela eta, “amets amerikarra” bizi nahi du. Ilusio handiarekin doa, eta, bat-batean, konturatzen da ur handitan sartu dela, edo sartu dutela. Beraz, jabetzen da guztia ez dela berak uste bezalakoa.
M: Kontrakoa da Maria. Behartuta doa esperientzia hori bizitzera. Burugogorra da, kexatia. Etxera itzuli nahi du. Baina, ondoren, Joneren bila igarotzen dituen hiru egun horietan, oso jende jatorra ezagutzen du. Ikuskizunaren bukaeran bi pertsonaiek oso esperientzia polita bizitzen dute. Biak bueltatzen dira zerbait ikasita.
Hain gaztetatik ezaguna izateak eragozpenak al ditu? Kontuan hartuta, esaterako, haur askoren erreferente bilakatu zaretela.
M: Niri “Goazen”-ek ateak zalbaldu dizkit. Nolabaiteko aitortza eman digu Euskal Herrian. Ondorioz, horrek lagundu du hainbat ekoizpen-etxek eta konpainiak gurekin kontatzeko garaian. Egia da bere momentuan proiektu oso handia izan zela, arrakastasua. Izan ere, haur askok jarraitzen gintuzten. Baina nik uste dut aldi hori gero eta gutxiago nabari dudala. Azken finean, aktore lana proiektuka doa: egun batean mundu guztiak ezagutu zaitzake; aldiz, hurrengo egunean ez da inor zurekin oroitzen. Horrenbestez, garrantzitsua da proiektu bakoitzetik zerbait ikastea.
Deigarria egiten al zaizue “Goazen” telesaileko jarraitzaile gehienak haurrak izatea, edukiek nerabeen arteko gora-beherak hizpide dituztela kontuan hartuta?
N: Nire ustez gertuko sentitzen dute haurrek proiektua, euskaldunak garelako aktoreak. Behar bada, ohituta daude horrelako edukiak beste euskarri eta hizkuntza batean ikusten. Hala, euskararak hurbiltasuna ematen die. Zentzu horretan, hurbileko sentituta, ezagutu nahi dituzu, jakin zer egiten duten. Nerabea zarenean apur bat zu baino zaharragoak hartzen dituzu erreferente gisa; beraz, “Goazen” telesailak interesa pizten die haurrei.
M: Euskaraz haurrei zuzendutako produktu bakarrenetarikoa da, eta oso garrantzitsua da, besteak beste, haurrei hainbat errealitateren berri ematea. “Goazen”-en helburua Euskal Herriko errealitatea islatzea da. Orain bi urte utzi genuen guk proiektua, baina uste dut orain geroz eta saio hobeak ari direla egiten. Horrek garrantzia handia du, haurrek ikusitako guztia irensten dutelako.
Nabarmentzekoa da ETB1 kateak euskarazko fikzioaren alde egin zuen apustua joan den urteko amaieran, ezta?
M: Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko hainbat plataformek indarra hartu dute garaiotan. Behar bada, nerabeak ginenean, aukera gutxiago genituen, eta are murritzagoa zen euskarazko edukien eskaintza. Orain, aldiz, gora egin dute produktu horiek kontsumitzeko aukerek; ez horrenbeste, ordea, euskarazko edukien kasuan. Egia da aurrerapausoa eman dela horretan, baita zinemagintzan ere. Izan ere, Euskal Herrian nabarmenki ari da hazten. Beraz, lanean jarraitu behar dugu, gainerako hizkuntzetan eman den gorakada izugarria delako. Ondo dago lehen pausoak ematea, baina horrek ez du esan nahi nahikoa denik. Euskarazko edukiak zabaltzeko lanean jarraitu beharra dago.
N: Gainera, aktore lana edo mundua oso gorabeheratsua da. Beraz, orain egon gaitezke goia jotzen, baina hori mantentzen saiatu behar gara, egun batetik bestera alda baitaiteke egoera.
Zure kasuan, Miren, “Altsasu” telesailean aritu zara pisuzko pertsonaia baten azalean. Erantzukizuna sentitzen al da horrelako gai hauskorra lantzean?
M: Altsasu telesaila izan da parte hartu dudan proiektu guztietatik erantzukizun handiena sentitu dudan lana. Izan ere, finean, duela gutxi jazotako istorio bat ari gara kontatzen, eta oraindik jende horrek sufritzen du gertaera horrekin. Niretzat oso garrantzitsua zen jakitea istorioa nola kontatu nahi zen. Oso esperientzia polita izan da. Altsasun bertan egon ginen grabaketa-lanak egiten, eta bai haiek, bai senitartekoak, oso murgilduta egon dira proiektuan. Unero sentitu dut erantzukizuna, baina behin han egonda eta ikusita haiek ere begi onez hartu dutela proiektua lasaitu egin naiz. Prest egon dira uneoro beren esperientziak gurekin partekatzeko. Horrek, nolabait, beldurra kendu zidan gainetik eta nire buruari esan nion: istorio hau kontatu beharra dago.
Aldiz, Nerea, “Hil kanpaiak” misteriozko filmean aritu zara aktore gisa. Oso kritika onak jaso ditu lanak.
Oso pozik gaude. Azken batean, hori da, kritika oso onak jaso ditu. Denbora luze egon zen zinemetan Madrilen. Hori oso ona da guretzat. Izan ere, ikus-entzunezko euskarri berriak direla-eta, pelikulek ez dute hainbeste bizirauten karteldegian. Gainera, euskal aktore oso onak egon dira filmean. Nire papera oso txikia izan da, baina harro sentitzen naiz proiektuaren parte izateagatik.
“Ameriketako bidaia” obrarekin estreinatuko zara antzerkigintzan, ezta, Nerea? Zer sentitzen duzu?
Sentsazio asko. Hasieran, urduritasuna sentitzen nuen, segurtasun eza. Hala ere, Mirenekin lan egiteak erraztu egiten du prozesua, baita zuzendariarekin, Mireia Gabilondorekin, dudan harremanak ere. Familia bat izan gara uneoro. Oso ondo pasatzen dugu entseguetan. Oso hasiera ona izan dut antzerkigintzan.
Bi euskarrietan ibilitakoa zara, Miren; antzerkian zein pantaila aurrean. Zein nahiago?
Ez dakit zehazki bat edo bestea hautatzen. Egia da antzerkiak nolabaiteko adrenalina ematen dizula. Izan ere, prestaketa-lana azkoz ere luzeagoa da eta ari zara entseatzen ondoren oholtzara igotzeko eta publikoaren aurrean bat-batean antzezteko; egin eta lixto. Egin bezala joan egiten da, eta horrek adrenalina ematen du. Bestalde, kamera aurrean modu ezberdinean egiten da lan; denborak azkarrago doaz. Baina egia da asko gozatzen dudala. Gainera, sorkuntza-prozesuan pieza guztiak solte ikusten dituzu, eta, ondoren, emaitza pantailaren aurrean ikustean oso pozgarria da. Lan egiteko bi era dira, baina biek dute bere xarma.
Erronka handia al da zuentzat elebitan antzeztu behar izatea?
N: Obra honen kasuan, euskaraz hasi ginen entsegatzen. Ondorioz, errazagoa da guretzat euskaraz egitea ikuskizuna. Hala ere, gaztelerazko zein inglesezko zatiak dituenez, ez zaigu hainbeste kostatu gaztelerara itzultzea. Hau da, ez da obra guztia goitik behera aldatu. Estreinaldia esan digute gazteleraz egingo dugula, Getxoko Udalak hala nahi duelako. Apur bat gehiago kostatzen zaigu, baina eroso.
M: Nire ama hizkuntza euskara da eta emozioekin bat egitea errazagoa egiten zait euskaraz. Baina egia da Madrilen antzerkia gazteleraz ikasten dudala. Horrenbestez, nik uste dut proiektuaren arabera dela. Adibidez, kasu honetan entseguak euskaraz egin ditugunez, guretzat errazagoa da euskaraz antzeztea. Aldiz, aurretik parte hartu dudan obra gazteleraz prestatu genuen batez ere. Horregatik, gehiago kostatu zitzaigun euskarara itzultzea.
Epe ertain zein luzean zeuen burua aktore gisa irudikatzen duzue?
M: Nire unibertsitate-ikasketak utzi nituen alde batera aktore lanari ekiteko. Duela bost urte egin nuen apustu horren alde. Azken batean, badirudi aktore munduan aritzeko telesail arrakastatsu batean parte hartu behar duzula, baina ez. Arrakasta lortzeko bidea zaila dela diote askok, oso lanbide gorabeheratsua delako. Nik uste dut gakoa dela lan egitea eta horretan konstantea izatea. Ikuskera hori mantentzea garrantzitsua da.
N: Aktibo egotea da gakoa. Nire kasuan, gainera, gustatuko litzaidake aktorea izan ez ezik, kamera atzeko lanak ere egitea, ikus-entzunezko komunikazioa ikasi baitut. Orain ez dut nire burua ikusten hain gai, baina, aurrerantzean, horretan trebatzea oso interesgarria litzateke. Nahiago ditut aktore lanak, baina kamera atzeko guztia ere interesgarria iruditzen zait.
Saroben ari zarete prestatzen zuen azken obra. Zein nolako garrantzia dute halako aretoek arte eszenikoentzat?
M: Nire ustez ezinbestekoa da, antzerkian batez ere. Benetako antzoki batean entsegatzen egotea izugarria da. Aukera ematen dizu publiko aurrean egongo zaren unea nolabait irudikatzeko. Ez dago jenderik, baina argiak, eserlekuak eta banbalinak daude; guztia dago. Batez ere eskertzen dugu izugarri horrelako aretoek entsegatzeko aukera bermatzea.
N: Gainera, azpiegitura oso ona dauka Sarobek. Finean, antzerkia ez da soilik aktoreen lana, alegia, istorio bat kontatzea; soinuek eta argiek ere eragina dute kontaketan. Pila bat igertzen dugu; ez da gauza bera etxean edota antzoki batean entsegatzea. Alde handia dago. Oso garrantzitsua da Saroberen gisako tokiak izatea, baita horrelako herri txikietan ere.