"Errepikatuko nuke, nahiz eta lehenengoan kalean geratu"

Xabier Lasa 2021ko urt. 25a, 20:40

ETB1eko 'Baserria' realityko lehiakideetako bat izan da Amaia Barandiaran andoaindarra, baina aurreneko kanporaketan kalean geratu zen.

Penaz dago horren goiz etxeratzeagatik eta horretarako erabili zuten moduagatik. Nolanahi ere andoaindarrari polita iruditu zaio bizipena, eta berriro errepikatuko lukeela adierazi du.

Laburra izan da Baserria saioan egin duzun egonaldia.

Egun eta erdi besterik ez! Ezertarako denborarik gabe, kalera! Gernika-Lumoko baserrira joanda, lehenbiziko goiza bikoteak osatzen pasatu genuen. Bazkaldu ostean, ardiak gobernatzearen eta ohol baten gainean oreka mantentzeko saioak heldu ziren. Gure talde urdinak lehen gaua txabolan egin behar izan zuen, talde galtzailea izateagatik. Txikia zen txabola, aldapan zegoen, eta neri beheko partean lo egitea egokitu zitzaidan, ate ondoan; astoak inguruan sentitu nituen gau osoan, lastoa jan eta jan. Hurrengo egunean, aizkoraren desafioa jokatu genuen, eta hortik etxera!

Esan daiteke, txabolan, afal orduan eman zigula elkarren berri zertxobait edukitzeko tartea. Hartu emanetarako apenas ezer, kanpoan geratu ginen Maitane (Uribe) nire bikotea eta biok.

Damutzen ez parte hartu izanagatik?

Ez eta gutxiago ere! Polita izan da esperientzia. Parte-hartzaileak ezagutzea eta montaje guztia
–ekoiztetxeko langileak kamera eta grabagailuekin lanean– ikustea, erakargarria egin zitzaidan.

Kastina nolakoa izan zen?

Whatsappez lagun batek eman zidan saioaren berri, parte-hartzaileak behar zituztela adieraziz. Ni ez naiz gauza haietan ibili zalea, baina berotu egin nintzen, baserri giroko emakumeak aurkitzen komeriak zeuzkatela eta. Izena eman nuenean, Covidagatik kastina bertan behera utzi zuten, eta bost bat minutuko grabazioa egitea eskatu zidaten. Aurreneko grabazioa atzera bota zidaten, luzean ez omen zuen balio! Bigarrengo ahaleginean, grabazio txiki asko egin nituen, behi, behor eta ardiekin, traktorearekin, segan, aizkoran… Nire buruaren aurkezpena ere egin nuen mugikorraren aurrean. Semeak lagundu zidan grabaketetan. Ondoren, lagun batek montajetxoa osatu eta musika jarri zion guztiari. 

Zerk animatu zintuen?

Esan dizut ez naizela holako istorioetan ibili sekula, baina ze arraio! Animatu egin nintzen. Ez naiz asko mugitu izan den emakumea, kanpora gutxi atera izan naiz bidaiatzera, baina jendartekoa naiz, saltsero samarra, gogoko dut ni bezalakoa ez den jendea ezagutzea, nireak ez diren ikuspuntuak eta bizipenak entzutea, aberasgarria dela iruditzen baitzait.

Nekazaritzarekin lotura duen saioa izateak ere bultzatu egin ninduen izena ematera. Badu desberdintasuna telebistetako beste realityen formatuekin. ETB2ko Conquis-en superbibentzia da helburu, eta Tele5ko Gran Hermano eta Supervivientes saioetan, berriz, eguna potrojorran pasatzen duten lehiakideen arteko bizikidetza.

Pentsatzen nuen lau baserritarrek bakarrik ikusiko zutela saioa. Oraindik ere jende asko baitago baserri mundua identifikatzen duena animaliekin naturan eguna pasatzen duen pertsona ezjakin eta motzekin. Gainera, ETB1 normalean euskaldun gutxik ikusten du, eta erdaldunek apenas. Baina hara non, arrakasta eduki duela audientziari dagokionez! Covida dela-eta azken aldian kaletarrei natura eta mendiarekiko arreta eta nekazaritzarako ikusmina piztu zaielako ote?

Arrakasta esan duzu. Zenbat jende gerturatzen ari zaizu egunotan?

Kalean, jendea ari zait komentarioak egiten, bai. Denek zorionak ematen dizkidate, aizkoraren proban zuzen jokatu genuela esanez. Eta ikustez bakarrik ezagutzen nautenek, kalean begira-begira geratzen zaizkit muxukoa dela-eta, telebistako Amaia baserritarra ote naizen ala ez zalantzan. Beasainen ogi-saltzaile gisa lan egiten dut supermerkatu batean, eta han ere bezeroak agudo asko jakin dute bertako langile bat telebistan atera dela.

Kanpoan geratu, eta biharamonean, Klaudio Landaren Eztabaidan saioan hurrengo egunean parte hartzera gonbidatu gintuzten Maitane eta biok. Saioa, asteartean emititu zen. Nonbait, egundoko igoera izan omen zuen audientziak ETB1n kamera aurrean egin genuen ordu laurden horretan; halaxe komentatu ziguten gero, behintzat, lehiakide guztiek daukagun taldeko whatsappean. Nire ustez, ez ekoiztetxeak ezta ETB1k ere aurrez ez zuten igarri halako arrakasta edukiko zuenik. Grabazioko lehen egunean bertan, langileei askotan galdetu genien ea zer asmo zeukaten, ea zenbat saio emitituko ote zituzten, ea antolatuko ote zuten eztabaida saiorik El Conquis-en bezala… Eta haien erantzuna, inoiz ez zen garbia, “segun hau” eta “segun bestea”. Eztabaida saioan kanporatutako lehiakideekin tarte finkoa sortu izanak ere pixka bat istorioa gainezka etorri zaiela eta inprobisatzen ari direla erakusten du, nire ustez.

Geroztik, berriro ere deitu zidaten saio horretatik joan den asteartean parte hartzeko.

Errepikatuko zenuke bizipena, aukera edukiz gero?

Bizitutakoa bizitu ostean, probatzeagatik, zergatik ez? Nahiz eta baserritik ez eduki asko. Hori bai, zenbait proba fisikoetarako mugak dauzkat eta ez dakit balioko nukeen: izan ere, 16 urterekin belauneko ebakuntza egin zidaten, eta geroztik boladaka puztu egiten zaidanez, ez nago saltoka eta korrika ibiltzeko moduan. Gainontzean, edozertarako prestatuko nintzateke. Bonbardaketa batera ere animatzen den horietakoa bainaiz…

Gogo horrek ez du zerikusirik diru sariarekin, argi gera bedi. Baserria-rekin ere ez da halakorik izan. Irabazlearentzat haindainoko dirua ez dute jarri. Alderik ez lehiakideen bizkar irabaziko dutenarekin! Eztabaidan saioko platora joateagatik ere, ez uste jaso genuenik. 

Aizkoraren probarekin izan zineten kanporatuak Maitane eta biak.

Lanean hasi aurretik bazekien mundu guztiak nork irabaziko zuen. Egia esan, proba horrek eta orekako bigarren probak eman zidaten amorrurik handiena. Batetik, baserritar bati normalki bere egunerokoan ez zaio egokitzen eskuetan esne ontzia hartu eta orekan ibiltzea, ezta ere zuhaitza bertikalean ebakitzea. Eta bestetik, ez dakit zertara zetorren aizkoraren proba jartzea, jakinda Xugane, gure aurkaria, basolanetan aritzen dela. Klaudio Landari horixe esan genion, ea ez ote zen posible probak diseinatzerakoan berdintasun handiagoa jartzea lehiakideen artean. Era horretan, gainera, emozioan irabaziko bailuke saioak, eta audientzia igo; ez al dute, bada, horixe bilatzen telebistan? Erantzun zigun erantzun zigun gidoia idatzita zeukatela eta ezin zela aldatu. 

Natalia Perez lehiakide kaletarrarekin berebiziko xextra eduki zenuen, eta hori hizpide izan dute askok…

Ez dakit nola esan… Iruditzen zait berezko sena moduko bat badaukadala eta agudo harrapatzen dudala jendearen nondik norakoa. Nataliak hasieratik eragin zidan sentsazio okerra. Bere azkazal luzeei buruz egin nuen komentarioa gero etorri zen; izan ere, niri baserri dezente bixitatzea egoki izan zait, eta sekula ez dut topatu inor baserrian, halako azkazal puskekin! Ez direlako bateragarriak baserri edo etxeko lanak eta azkazal horiek, ez beste ezerengatik! Egia da, nik, batzuetan, fuerte samar mintzatzeko joera daukadala, baina komentarioa ez nuen intentzio txarrez egin. Bere erantzuna, ordea, neurriz kanpokoa izan zen, niri isiltzeko eskatuz. Egun eta erdi hartan nahiko garbi utzi zuen badaukala gaiztakeria; gero kanporatu ostean bidali zidan mezuak ere (“Amaia, nik azkazalak ondo dauzkat, eta saioan segitzen dut; zu, berriz, kalean…”) horixe berretsi zuen.

Baina saioko egileek ere lehiakideen arteko saltsa hori bilatzen dute... Hori jakin beharko zenuke.

Jakina, eta irudi horiek eta lehiakideen arteko antzeko sesioak ere erabiltzen ari dira promozioko iragarkietan, ikusleek esan dezaten “begira, hasi dira elkarren artean mokoka”. Pentsatzekoa da Eztabaida saioan ere esplotatu nahiko dutela morbo hori. Xegone gonbidatzen duten egunean, iruditzen zait epelak botako dituela bere bikote Nataliarengatik.

Baserria gertutik ezagutzen duzu…

Txiki-txikitatik ezagutu ditut ardiak etxean; 13 urterekin jada aritzen nintzen ardiak jezten eta zaintzen. Eskolan aurrerapenik ikusten ez, eta 16 urterekin aitarekin gisa hasi nintzen; izan ere, 300 buruko artaldea zeukan eta ezinean ibiltzen zen lantokitara joan behar baitzuen. Gogoko nuen bizimodu hori, eta segiko nuen beharbada, baina aitak atzendu egin nuen, hortik etorkizunik ez zegoela esanda. Orduan ez nuen gehiegi ulertu, baina gerora ikusi dut arrazoi zuela.

Zer moduz moldatu zinen orduan artzantzan?

Orain pentsatzen jartzen naiz, eta oroitzapen politak etortzen zaizkit. Udaberri aldean, erdi lo-kuluxkan, goxo-goxo eta isil-isilik jarrita, ardiei begira… Ardiek lasaitasuna behar izan dute, eta baita nik ere. Igual pertsona saltsero eta ipurterre itxura transmiti dezaket, baina nik ere estimatzen dut lasaitasuna, bakea… Denok ere teknologia berrietara makurtzen ari gara eta amorrua ematen ditu horrek, whatsapparen mezuak korrika eta presaka hartzera behartuta gaudela ematen du... Harrika botako nuke mugikorra maiz! Komunikatuta gaudela iruditzen zaigu, baina elkarrekin geroz eta inkomunikatuago gaudela esango nuke. Kalean ere jendeari kasu egitea ahazten ari zaigu, hartu emanak eta elkarbizitza galtzen ari gara.

Zergatik uste duzu ez daukala etorkizunik baserriak?

Exijentziak galanki, eta laguntzak gutxi. Horixe da baserritarraren panorama, eta bukatzen ari da baserria.

Hogei eta gutxi urte nituela, Aldundiarentzat lanean aritu nintzen. Goizez baserriz baserri, eta arratsaldez Andoaingo Danena tabernan zerbitzari; horrela hamar bat urte egin nituen. Urte horietan ikusi nuenarekin nahikoa zait baserriaren errealitatea pixka bat ezagutzeko. Adineko jendea, 60 urtetik gorakoa zen baserrietan topatzen nuen jendea. Denek adierazten zizuten haserre, “nahiko lana daukat hemen, paperekin eta hasteko!”. Seme-alabak kalean lanean, eta ahal zutenean igotzen ziren gurasoei baserrira laguntzera, behiak, ardiak, belazeak… zaintzera. Baina 60 urteko horiek joaten diren egunean, zer geratuko da hor? Gainera, hasi nintzenean, lankideak esaten zidan: “Amaia, ez dakizu joan deneko hamar urtean zenbat baserri hustu den!”. Gazteren bat edo beste animatzen da baserritik bizi nahian, baina lehenbiziko inbertsioa handia eginda gero, ederki kostatzen zaie burua altxatzea. Bizimodua gero eta garestiagoa (ura, argia, pentsua, zergak…), eta kontrara, arkumea, esate batera, joan deneko 40 urtean salneurri berean mantentzen da. Nahi da haragia ona eta hemengoa, baina hori ezinezkoa da, baserritarrarentzat irabazirik ez bada geratzen.

Zertan zetzan Aldundiarekin zeneukan eginkizun hura?

Usurbiletik hasi eta Asteasu-Ernialde bitarte, eskualde horietako baserri ugaritan aritu nintzen albaitariei-eta laguntzen. Osasun-kanpainak izaten ziren: ardiak, ahuntzak, idiak, behiak… zentsatu, gaixotasunen aurkako txertoak jarri… Gustuko lana izan zen, baina gogorra egin zitzaidan hasieran. Batetik, abelburuen mingain urdinaren gaixotasun infekziosoa zela-eta, baserritarrek ez gintuzten ikusi ere egin nahi, eta aparte, emakume bat eta gaztea tartean egoteak ez zien grazia askorik egiten. Kostata eta poliki-poliki, baina azkenerako normal ametitu ninduten, ni ere baserritarra nintzela eta banekiela zertaz ari ginen ohartzen hasi zirenean; adiskidetu egin nintzen askorekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!