Master kategoriako Europako Txapelketarako gutxienekoak lortu ditu asteburuan Mikel Esnal andoaindarrak

Aiurri 2021ko urt. 27a, 11:40

Esnal andoaindarra igerilekuan. Argazkia: Buruntzaldea IKT
Mikelek maiatzean egingo den Master kategoriako Europako Txapelketan parte hartzeko erronka ezarri dio bere buruari eta bertan parte hartzeko, beste hainbat txapelketatan bezala, gutxiengoak behar ditu. "Bizkaia Open Master IV Sari Nagusia" txapelketa egokia zen horretarako eta helburu horrekin joan zen.

Igande goizean Mikelek 50 libre eta 50 bizkar probak burutu zituen (hauek ere bi txanda ezberdinetan) eta arratsaldean, berriz, 100 libre proba. Lehenengoan, 25,16ko denbora egin zuen kronoan, uretan posizio egokia hartzea lortu gabe, baina gutxiengoa lortuta.
 
Bizkar estiloko 50 metrokoan, 29,32ko denbora egin zuen; nahiz eta entrenamenduetan estilo honetan lanik egin ez, bertan ere gutxienekoa eskuratu zuen. Arratsaldeko saioan 100 libre proba zuen. Azken 2-3 urteetan apur bat alde batera utzi zeun probarako segurtasun faltagatik. Proba zaila zen arren, gustura geratu zen igerilari andoaindarra 55,71ko denbora eginez. Proba honetan pixkanaka lasaiago eta erosoago sentitzea lortu du.
 
Orokorrean gustura etxeratu zen igerilaria, baina badaki oraindik lanean jarraitu behar duela. Azken 2-3 urteetan, bizitako pandemiaren egoeragatik eta beste hainbat arrazoirengatik, ez du aukera handirik eduki entrenatu eta lehiatzeko. Beraz, entrenamenduekin aurrera jarraitu eta aukera berriak baliatzeko asmoa azaleratu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!