EkonoVID

"Ostalaritzaren itxierak min handia eragin dio komertzio txikiari"

Andoni Urbistondo 2021ko urt. 28a, 19:41

Herrien itxiera perimetralak kalte handia egin dio Durazno dendako Loli Martos urnietarrari, Andoaingo bezeroez gain eskualdeko asko hurbiltzen baitira bere dendara.

Loli Martosek hamarkada eta erdi darama Durazno arropa denda kudeatzen Andoainen (Urnieta, 49 urte). Pandemiak kolpe handia eragin dio, eta merkatari asko bezala, zalantza putzu batean murgilduta dago. Hainbestean iraun du orain arte, baina beldur da, krisiak ez ote duen luze joko, bera muturreko neurriak hartzera behartuz. Udaberrian eta udan dauka jarrita esperantza, orduan berpizten baita jendea, eta jendearekin bere arropa denda.

Nor zaitugu, Loli Martos?

Andoainen 15 urte daramadan merkataria, beti arropa denda batean. Durazno izena du dendak. Azken urteak Arteta kalean egin ditut, lehenago Elizondo plazan egon nintzen. Aurrekoa baino mugimendu handiagoa daukan kalea da oraingoa, eta ondo etorri zait aldaketa. Jendearen begietara dago, anbulatorioa edo ikastolara bidean dagoelako.

Zein puntuan zaude, zehazki?

Lehen etxeratzearen ostean herritarrek erantzun ona eman zuten. Andoaingo Udalak ere bono laguntzak jaulki zituen, eta jendeak erantzun ona eman zuen. Udaberria ere beti da ona arropa denda batentzat. Neguaren ondoren jendeak kale gogoa dauka, arropa berriren bat erosi… Irailean, ordea, egoera txartu egin zen nabarmen, eta ordutik halamoduzko egoeran gabiltza, burua altxa ezinik. Azaroan tabernak itxi zituzten bi astez, eta hori ikaragarri nabaritu genuen.

Ostalaritzak itxi izana asko nabaritu duzue?

Bai, ikaragarri. Jendea kafe bat hartzera irteten da etxetik, eta ondoren erosketak egin. Ostalaritza itxita baldin badago, ordea, asko etxean geratzen dira, eta hori hondamendia da guretzat. Nik denda pasabidean daukat, ikastolara joaten diren gurasoen pasabidean, eta orain, arratsaldean jendea etxera joaten da zuzenean. Ostalaritzaren itxierak min handia egin digu beste komertzioei.

Irauteko lain egin al duzu lan, edo hori ere ez?

Hainbestean… Arropa dendetan epe luzera erosten dugu materiala, eta hor kontuz ibili behar izan dut, zer erosi, zer ez, zulo handiegirik ez egiteko. Oraintxe hurrengo neguan saldu nahi dudana erosi behar dut. Zer egin? Erosi? Ala ez? Erosten ez badut generorik gabe geratzen naiz… Baina erosiz gero, eta saldu ez, galera handiak pilatzeko arriskua dut… Izan dira egunak, udazken-negu honetan, salmenta bakar bat egin gabe joan naizena etxera, jota. Liburuak irakurri eta irakurri aritu naiz sarri, zortzi lanorduak nola edo hala betetzeko.

Jendeak dirua supermerkatuan eta telebista kateetan erabili omen du. Arropa dendetan, bistan da, ez…

Hala dirudi. Garairik gogorrenetan ere, Gabonetan, Olentzero dela, Erregeak direla, beherapen garaietan beti mugitu izan da salerosketa dezente. Aurten ia ezer ez. Etxeratzeak ere internet bidezko erosketak ikaragarri handitu ditu. Jendeak etxean egon behar du, eta erosketak internet bitartez egiten ditu, kalera jaitsi eta dendan erosi beharrean. Horrek ere min handia egin dio herriko komertzioari. Internet geroz eta aurkari indartsuagoa da.

Inguruko herrietako bezero asko hartzen dituzu.

Bai. Urnieta, Villabona, Hernani, Lasarte-Oria eta Tolosako jendea… Amasa-Villabonako jende dezente etortzen da, askok anbulatorioko zerbitzua Andoainen dutelako. Etortzen direnean dendatik pasatzen dira. Orain jendeak herri batetik bestera mugitu ezin badu, esango didazu, ze martxa… Hainbat salmenta egin ditut, bukatu ezin izan direnak neurri kontuagatik eta… Orain itxiera perimetrala bukatu arte itxaron beharko dut, baino batek daki noiz bukatuko den… Andoainen, gainera, hirugarren astea daramagu dagoeneko gorrian.

Egoera gehiago okertzearen beldur zara?

Ez dut uste, edo ez nuke nahi, baina arriskua hor dago. Udaberria ere iritsiko da, eta pandemia ere desagertuko da egunen batean, baina orain daukagun egoerak beste sei edo zortzi hilabete irauten badu, pentsa… Normalean udan askoz salmenta gehiago egiten dut. Alokairuan nago, eta ordu piloa sartzen dut. Alokairua ordaintzeko bakarrik ematen badit, ba zerbait pentsatu beharko dugu, noski… Eskerrak pandemia iritsi aurretik salmentak-eta txukunak izan ziren, eta oinarri pixka bat egin genuen. Pasa den urtean halako outlet bat egin genuen, eta salmentak onak izan ziren. Ea halako zerbait errepikatzen dugun, eta negozioari bultzadatxoa eman.

Udalaren laguntzarekin konforme zaude.

Bai, atera zituzten bono laguntzak, eta herritarren harrera oso ona izan zen. Akaso beste kanpainaren bat abiatu behar dute, jendea erostera bultzatzeko berriz.

Bestelako diru laguntzarik jaso duzu?

Udalak agindutakoa bete du, eta diru laguntza eman digu. Lanbiden ere eskatu nuen, baina gutun batean esan zidaten ez zegoela dirurik, eta aho bete hortz geratu nintzen. Eusko Jaurlaritzara egindako lehen eskaeran ezezkoa eman zidaten, baina aholkularitza bulegotik esan didate beste agiri batzuk bidaliz gero, jasotzeko aukera izango dudala, eta horretan ari naiz. Bestalde, Udalak esan zigun uztaila-abuztua-iraila hiruhilekoan fakturazioa %30 jaitsi zela frogatzen bagenuen alokairua ordaintzeko eta beste lagunduko zigutela, ea gauzatzen den. Laguntza oro izango da ongi-etorria, gure egoeran. Espainiako Gobernutik ez dut ezer jaso, baina eskatzea posible ote den ere ez dut garbi…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!