Basurdearen eragina larrean

Aiurri 2021ko urt. 29a, 11:23

Azken urteetan basurdeak ugaritzearen ondorioz, kalteak pairatzen ari dira baserritarrak beren belazeetan. Leizotz aldeko Bista Eder "Xaxin" baserrian, esaterako, aurreko egunetan hirutan sartu ziren basurdeak.

Urtarrilaren 15ean Eusko Jaurlaritzak Andoainen ezarritako itxiera perimetrala dela eta, andoaindar ugarik mendira joatearen hautua egin zuten. Igande horretan bertan, Goiburu eta Leitzaran aldean, uxaldia edo basurde ehizan ari ziren Fielato ehiztari elkarteko kideak. Familiak, mendizaleak eta kirolariak inguru haietatik igaro ziren eta kasu askotan uxaldiarekin topo egin zuten. Aiurrik ondorengo galdera planteatu zuen Aiurri.eus webgunean, jendea bere iritzia ematera animatuz: "Andoain eremu gorrian sartuta dago, eta konfinamendu perimetrala ezarrita. Andoaindarrek mugikortasuna murriztuta izanik, jai egunetan horrelako ehiza baimendu behar dela uste al duzu? Zein da zure iritzia?". Alde bateko eta besteko iritziak sortu ziren.

Ehiztariak bertan egoteak badu bere arrazoia. Azken asteetan kalteak eragiten ari dira basurdeak Andoaingo landagune ezberdinetan. Leizotz auzoan kokatzen den Bista Eder 'Xaxin' baserrian kasu, pasa den astean hirutan eragin zituzten kalteak basurdeek. Bertan bizi da Joxean Usarralde. Mahai berean dago Andoaingo Fielato ehiztari taldeko lehendakaria den Niko Urrutia.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren arabera, ehiza 08:00etatik 17:30ak bitartean praktikatu daiteke. Ehiza jarduna hasterako, bestelako lanak egin behar izaten dituzte ehiztariek, esaterako, baserritarrei deitu ardiak baztertzeko eskatuz, uxaldia emango denaren kartelak ipini... Goizean goiz basurdeak utzitako arrastoak topatu behar dituzte zakurzaleek, ehiza eremua oraindik eta kontrolatuago edukitzeko. Niko Urrutiak azaldu duenez, "ehiza askok ulertzen dute animaliak hiltzea dela eta horretara baino ez garela joaten; baina ez da horrela. Informazio gehiago zabaldu beharko genuke, ez dakienarentzat". Baserritarrek kalteak sufritzen dituztenean, ehiztariei deitzen diete jakinarazteko, eta Aldunditik ere zehazten diete zein zonaldetan eman diren kalteak uxaldia bertan antolatzeko.

Ehizaren atzealdeko lanak

Ehiztariek egiten dituzten lanak animaliak ehizatzetik haratago doala azpimarratu du ehiztariak: "Faunaren kontrol lana ere egiten dugu. Ehizatzen dugun basurde bakoitza Fraisoro laborategian aztertzen da jakiteko animaliak gaitzik ba ote duen, eta gaitzik badu animaliaren bat kutsatzeko arriskua egon ote den, gainontzean gizakiongana iritsi daitekeelako gaitza". Ehiza denboraldia amaitutakoan, Fielatoko ehiztariak mendia garbitzera joaten direla gehitu du, 40 lagun inguru. "Ehizatzera zenbat egun joan garen kalkulatu eta egun kopuru berdina joaten gara mendia garbitzera: sasiak moztu, bideak garbitu... Kalean bizi den askok hori ez dakite".

Bestalde, ehiza praktikatzeak, animaliek eragindako errepideko istripuak  gutxitzea dakarrela dio Niko Urrutiak. Adibide bezala jartzen du Lasarte-Oriatik Andoainera arteko errepidean eman izan diren istripuak.

Joxean Usarraldek lanean zortzi ordu igaro eta baserrira itzultzean, basurdeek eragindako kalteak konpontzen aritu behar izan du. Kalte horiek konpontzeko erakundeetatik laguntzik ez dutela jasotzen salatu du, eta egoera "sostengaezina" izatera iritsi dela: "Denoi gustatzen zaigu Leitzaran txukun edukitzea, baina lur horiek jabeak dituzte, eta nagusi horiek beren poltsikotik jartzen dute dirua ondoren guztiek gozatzeko. Erakundeek ez dute dirurik jartzen".

Irtenbidea bilatu nahian

Basurdeak etxe atariraino etortzea saihesteko eta animalia horiek eragiten dituzten kalteak ekiditeko irtenbidea topatu nahi du Usarraldek. "Benetako apustua egin behar dugu landagunean, eta lehen pausua erakundeetatik etorri behar da. Ehizarik ez dela egin behar? Orduan zein irtenbide emango zaio arazoari? Gaur-gaurkoz ehiztariek hiltzen dituzten basurdeak ez balituzte hilko, are larriagoa litzateke egoera". Horregatik, Aldundiari, Udalari eta irtenbideren bat proposatzeko prest dagoen orori mahai baten bueltan guztien artean irtenbidea topatzeko deia luzatzen die.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza, diru-sarreren ehuneko handiena baserriko lanetatik lortzen duen baserritarrari baino ez ematea salatzen dute, gainontzekoek ere laguntza jaso beharko luketeela eskatuz.

Zergatik altxatzen du lurra basurdeak?

Basurdeak animalia orojaleak dira. Sustraiak, fruituak eta intsektuak jaten dituzte. Oso usaimen ona daukate eta lur azpiko jana usaintzeko gauza dira. Horren eragainez larrean txikizioak egiten dituzte, eta euren aztarnak oso agerikoak dira. Lokatzetan iraulkatzea oso gogoko dute, parasitoak gainetik kentzeko eta berrien gerturatzea saihesteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!