Jaioterrian, Andoainen da egunotan; osasun krisialdiak utzi bezain pronto badoa berriro errepidera.
Nondik nora ibili zara azken boladan?
Estatu Batuetan eta Hego Amerikan. AEBetako Uthako eta Coloradoko parke nazional harrigarrietatik igaro ostean, Mexikora abiatu nintzen, Sierra Madreko mendikatean barrena. Caribe eta Pazifiko kostetara jo nuen, eta Mexiko atzean utzita, Ertamerikara guztia zeharkatu nuen (Guatemala, Salbador, Honduras, Nikaragua, Costa Rica…) eta Hego Amerikako zati bat (Ekuador, Kolonbia, Peru) ezagutu nituen. Zehatz esanda Peruko iparralderaino, Cordillera Blanca mendikateraino iritsi nintzen; bizikleta bertan utzi nuen, zain daukat, hortaz. Etorkizunean, Ameriketatik geratzen zait Peru hegoaldea, Brasil, Bolibia, Argentina eta Txile.
Azken urtea Californiako plantazio handiko granja batean aritu naiz, lanean. Gabonetarako etxera itzuli naiz, eta ahal bezain pronto, abiatu nahi nuke berriro. Hori bai, pandemiak indarrean eta mugek itxita segitzen duten bitartean ez daukat mugitzeko gogo askorik; herrialde bakoitzak bere arauak dauzka, eta ez nuke nahi edozein tokietan konfinatuta geratu nahi. Izatekotan ere, zirrikituren bat sumatuz gero, Nepalerako bidea hartuko nuke abaila batean, nahiz eta bizikletarik gabe izan. Munduko bazter ugari ezagutu ditut, eta han bezala ez naiz inon sentitu, diferentzia askorengatik. Nire ametsetako herria da.
Bukaera datarik ipini al diozu munduaren bira partikular horri?
Gero eta argiago ikusten dut bukaera non egon litekeen. Txile eta Argentina artean dagoen Tierra de Fuego artxipelagoan hain zuzen. Kalkuluak egiten hasita, urtebete beharko nuke zeharkaldi hori guztia egiteko. Baina auskalo! Helmuga eta denbora jakinik gabeko ibilaldia izan da nire bizitza orain arte, eta hala segitzea espero dut.
Egia esan, konforma erraza naiz, ez dut askorik behar, apaindura gutxiko bizimodura ohituta nago, eta Kalifornian lanean irabazitakoarekin badaukat bolada luze batez moldatzeko.
Mexiko, Kolonbia, El Salbador… Komunikabide handiei kasu eginez gero, indarkeriari lotutako albisteak datoz herrialde haietatik gehienbat.
Egia da Mexiko eta Kolonbia lehenengo bi postuetan daudela herrialderik biolentoenen sailkapenean. Mexiko ez da Amerikako herrialderik espektakularrena izango paisajearen aldetik, baina bertako jendeak bereziki abegikor jokatu zuen nirekin. Kontrastean, azken urtetan kartelak jaun eta jabe egin dira, polizia ere horien menpe dago. Kolonbian, nik uste garai biolentoagoak bizi izan dituztela; bidean topatu nuen jendea beren bizipenak kontatzeko gogoz sumatu nuen.
Iruditzen zait biolentziak eta inpunitateak agintzen duten herrialdeak direla, eta horietan “nirekin ala nire kontra; nire kontra bazaude, zuloan amaituko duzu” leloak funtzionatzen duela. Jendea ohitu egin da kultura horretara, zoritxarrez. “Ondo bizi gara besteen kontuetan sartzen ez garen bitartean” filosofia hori errepikatzen dizu jendeak, baina hori ez da bizitzea.
Herrialde batera sartu aurretik, informatzen zara zer errealitate bizi den bertan?
Bai, noski, baina argi edukita albistegi ofizialak tonu alarmista batean azaltzen zaizkigula, gertakari odoltsuak soilik argitaratzen dizkigutela; enbaxadetako web orrietako ohar eta gomendioekin ere ez naiz fidatzen. Tokian-tokian topatzen ditudan herritarrak edo aurrez bertatik pasa diren nire antzeko bidaiariak dira iturri sinesgarrienak niretzat.
Aipatzeko gertakari larririk bai?
Afganistan eta Pakistango mendebaldea izan dira urte luze hauetan baztertu ditudan herrialde bakarrak. Bost urtez Asia eta Afrikako 30 bat herrialdeetan ibili ginen Laura eta biak, eta Namibian kanpin-denda inguratu zuten lehoien pasarteaz aparte, kasu bakar batean bizitu genuen benetan estualdia: Etiopiako ekialdean kuadrilla bat metrailetak eskutan zituztela bidera atera zitzaigun, lapurtzeko asmoz. Baina suerte ona eduki genuen, errepidean autoak sumatu eta ihesari ekin baitzioten agudo. Gainerakoan, azken aldian Ertamerika guztian ez dut ezusteko gaiztorik bizitu.
Garbi daukat nola erreakzionatu, halako muturreko egoeratan: bizia kentzen ez didaten bitartean, har dezatela nahi duten guztia, dirua, bide-zorroa, janaria, bizikleta… Nonahi topa daitezke salbuespen mingarriak, baina nekazari giroetako jendea jatorra da normalean. Bizi-irauteko gutxieneko baldintzez gain, inguruan lasaitasuna eta solaskide atsegin bat nahi dute. Horixe da euren anbizioa, ez daukate arazoetan inplikatzeko gogorik...
Egunero toki ezezagunak bisitatzen… Beldurrarekin inmunizatuta zaudela esan daiteke?
Ez dut uste. Gizakia naiz eta normala da sentitzea izua, eta hala behar da izan, erne egoten laguntzen baitizu! Baina sentimendu hori objetibizatzea eta arrazionalizatzean dago gakoa. Izan ere, burua lanean uzten baduzu bere gisa, pelikula arraroak proiektatzen dizkizu, eta horiei kasu eginez gero, hobe etxean geratzea!
Gauak non pasa erabakitzea izan daiteke gauzarik konplikatuena batzuetan, eta normalki, kanpin-dendan edo herritar eskuzabalen etxetan ez bada, edozein ostatuetan moldatzen naiz.
Tokian tokiko jendearekin kontaktua bilatzea dela zure lehen helburua esan izan duzu beti.
Bai, halaxe da. Bideari buruz galdetzea izaten da jendearekin lehen kontakturako arrazoia. Nahiz eta zuzen noala garbi jakin, aitzakia horixe erabiltzen dut elkarrizketa sortzeko bide bazterrean topa dezakedan edonorekin. Beren bizitzaz, bizimoduaz, kulturaz, ohituraz… jakiteko deseatzen egoten naiz. Saiatzen naiz elkarrizketa ez dadin nire bizitzarengan enfokatu. Baina aldi berean, ulertzen dut haiek ere interesa edukitzea bizikletan gerturatu zaion gizaki bakarti horri buruz. Borroka politak sortzen dira holakoetan, ea nork besteari informazio gehiago atera… Nondik natorren galdetzen didatenean “aurreko herritik” erantzuten diet, baina ez didate sinesten; daramadan piura horrekin nola sinetsi…
Bizikletan hara eta hona eta trastez josita ibiltzeak erraztuko du lehen harreman hori…
Bai, noski. Herrialde batzuetan besteetan baino lehenago hartzen dute konfiantza, baina orohar, bizikletak laguntzen du, bai. Amerika osoan, esango nuke Mexiko dela herrialderik zoragarriena, jendearen abegikortasunari begira; gaztelania eta antzeko kultura partekatzeak ere laguntzen du horretan, jakina.
Aitortu behar dut nire lehen-lehen asmoa ez zela bizikletan garraiatzea izan. Baina agudo ohartu nintzen trenez, hegazkinez, autobusez… bidaiatzea ez zihoala nire filosofiarekin, bizikletaren abiadura zela ideala niretzat.
Nekazari giroko jendea aipatu duzu lehen.
Irizpide jakin batek markatu nau hasiera-hasieratik, eta oraingoaz ondo doakit: hiriak ez zaizkit interesatzen, nahiago ditut nekazari giroko eskualdeak eta giza-komunitateak. Era horretan, bigarren edo hirugarren mailako errepideak hautatzen ditut normalki, nahiz eta aldapa pikoak eta mendi-portuak igortzera behartuta egon.
Izan ere, ibilian-ibilian pilatutako eskarmentuak irizpide hori berretsi dit: nekazari giroko jende horrek edukitzen du denbora tertulian jarduteko, kanpotik datorren horrekin patxadan egoteko. Hiritarra, korrika eta presaka dabil normalki, beto dauka zereginaren bat eta ez dio ezertarako denborarik ematen; hiriko bizimodu kaotikoak berak eramaten duela horrela jokatzera.
Etxeratzeko gogorik ez al duzu sentitu sekula bizikleta gainean?
Urte hauetan muga fisikoak ezagutzera iritsi naiz tarteka, psikikoak ez. Bizikletan pedalei eragin eta eragin, kristoren pasada hartu eta gero, gorputzak kieto egoteko agindu izan dit maiz. Bada, orduan, lekuren batean egun batzuetarako atsedena hartu, burua eta birikak arnas sanoez bete, eta bideari ekin izan diot berriro. Okasio horietan burutik inoiz ez zait pasatu etxerako bidea hartzea. Burutazio hori etorriko balitzait noizbait, ez nuke dramarik egingo horrekin. Oraingoz, ez dut gogo horretatik eduki, eta orain hamabost urteko motibazio nagusiari eusten diot; errepide aurrean daukadan bide zuzen edo errebuelta horren ondoren, ea zer herrirekin, zer jende klasearekin, zer paisajearekin… egingo dudan topo. Grina edo jakinmin hori dela nire bide-laguna, alegia.
Pobrezia egoerak ikusiko zenituen bidean zehar…
Pobrezia zer den definitu beharko genuke lehenbizi. Mendebaldeko jendeari perspektiba falta zaigu aurre juzguz betetako analisiak egiterako orduan, munduko zilborra garela iruditzen baitzaigu. Guk pobretzat jotzen ditugun herrialde horietako herritarrak akaso eduki dezakete eskasi materiala, baina bermatua daukate eguneroko elikadura; soberan, berriz, sozializatzeko denbora, hori da eduki daitekeen aberastasunik preziatuenetakoa. Ikusten dut Andoaingo edo Euskal Herriako jendea nola dabilen estresatuta, ezin egunean ordu bat bere bururi eskaini, kirola egiteko, pasiatzeko, lagunekin egoteko… Eta orduan ez nuke jakingo zehazten nor den aberatsagoa, hango ala hemengoa. Argi, gauza bat daukat argi: hemengoa hangoa baino aberatsagoa ez dela.
Baina bihotza urratzen dizuten egoerak topatuko dituzu bidean.
Galdera horrekin gogoratu naiz Ertamerikan nola topatu nuen emakume bat bide bazterrean janari pixka bat saltzen ari zela, 60 bat urtekoa zen. Harekin solasean jarri eta adierazi zidan plastiko zahar batekin eta hamaka batekin ibiltzen zela hara eta hona, hori zela bere bizimodua. Halako egoera pertsonalak egiten zaizkit gogorrenak irensten. Urtetan aurrera doazen pertsonak, eta inongo babesik, ez familiarena ezta estatuarena. Horiek bai dauzkatela motiboak kexatzeko, ez mendebaldeko pribilegiatuek!
Emakumeak izaten dira, gainera, babesgabeenak beti. Nahiz eta beraiek izan sostengu nagusia munduko giza komunitate gehienetan. Eurek ekartzen dituzte ogia eta gainerako jakiak etxera, eurek kudeatzen etxeko ekonomia, eurek egiten zaintza lanak haur eta zaharrekin, eurek sustatzen eta transmititzen komunitatearen kultura… Gizonengatik balitz…
Emakumeek ondotxo dakite ze den enpatia sentitzea. Maiz, izerditan, lokatzaz beteta… ikusten nautenean bizikleta gainean, gizajotzat hartzen naute, eta errukia sentitzen dute niregatik ura, jana… eskaintzen didate. Amatasun instintua itsatsita daukatela izango da, edo ez dakit zer.
Laura Martinezek eta biek urte mordoa elkarrekin bidaiatu duzue.
Bai. Nepalen elkar ezagutu genuen, eta hamar urte egin ditugu bidelagun. 2018an nork bere bidea hartzen erabaki genuen arte. Geroztik, Laurak El mundo es mi casa liburua argitaratu du, elkarrekin aurreneko bost urteetan egindako bizimodu nomada kontatuz. Nepalen hasi eta Afrikara bitarteko bidaia, alegia. 500 orrialdeko liburua, makina bat argazki zoragarri…, liburu guztiz gomendagarria (elmundoesmicasa.com web orrian erosi liteke).
Maiz galdetuko zizuten zer ote den hobea, bikotearekin ala bakarka bidaiatzea.
Urte zoragarriak izan dira Laurarekin egindako hamar urteak. Baina bakarka ere badakit bikain asko bidaiatzen; nire buruarekin primeran moldatzen bainaiz. Gizakiok lagunartekoak gara, eta alderdi hori oso ondo asetzen dut egunero bidean topatzen dudan jendearekin, sortzen diren era guztietako solasaldiekin.
Gorputzak ez al dizu eskatzen zure bizipenak liburu, hitzaldi edo beste formaturen batean azaltzea?
Asko jota, argazki-erakusketaren bat egiteak erakartzen nau. Bestelakoan, ez dut aparteko premiarik sentitzen nire bizitza kontatzeko, burua promozionatzeko edo bidaiarekin segitzen lagungarri den dirua biltzeko. Laurak eta biok sare sozialetan sortutako kontuetan ez dut ezer idazten; berak erabiltzen du, liburua promozionatzeko.
Ulergarria da jendearentzat ezohikoa, harrigarria egitea nire 15 urteko ibilbidea. Izatekotan ere, nire meritu bakarra, edo emandako pausorik zailena, bere garaian hemengotarrek daukagun segurtasun faltsu hori harrika bota eta bidean jartzeko hartu nuen erabakia izan daiteke.
Hain zuzen, eskaini izan ditudan hitzaldietan zenbait entzule txundituta sumatu izan ditut nirekin. Poztu egiten naiz hala gertatzen denean, eta saiatzen naiz motibatzen bizikletan bidaiatzera animatu daitezen.