Administrazio ezberdinen ahalegina aitortu arren, ez dela nahikoa diote: “Faktura finko guztiak ordaindu ondoren, ikusi dugu jasotako laguntzekin ostalari gehienok ez dugula gastu finkoei aurre egitea lortu”. Urtearen herena baino gehiago bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarik gabe gelditu direla salatu dute: “Gipuzkoako ostalari gehienok autonomo txikiak gara, lokal bat edo bi errentan edo jabetzan ditugu, baina ez dugu dirusarrerarik eguneroko bizitzako gastuei aurre egiteko. Egoera horrek hainbat eta hainbat familia miseriara garamatza. Gure egoera animikoa ere desesperazioaren mugan aurkitzen da. Ez dugu lan egiterik izan eta ezin izan dugu soldatarik eraman geure etxeetara”.
Egoeraren larritasuna Udalari zuzenean aurkeztu zioten, bi puntuko mozioa aurkeztuz:
- “Gipuzkoako ostalaritzaren egoeraren berri ematea Eudeli, Foru Aldundiari, Legebiltzarrari Eta Eusko Jaurlaritzari”.
- “Aipatutako erakundeei eskatzea, ostalariok bizi dugun egoera ekonomikoari irtenbidea ematearren, martxoaren 14az geroztik, atzera eraginarekin, Gipuzkoako ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata aitortzea eta berori bideratzeko beharrezko diren izapideak burutzea”.
Andoaingo Udal Gobernuak ez zuen Ostalaritza Aurrera mozioa aintzat hartu eta beste mozio bat aurkeztu zuen, zeinak sektorea laguntzeko “konpromisoa” hartzen zuen. Zehazki hauek dira PSE-EEk eta EAJ-PNV alderdiek adostu eta aurrera ateratzea lortu zutena:
- Andoaingo Udalak konpromezua berresten du COVID-19aren aurrean tokiko eragile sozioekonomikoak babesten jarraitzeko, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide eta neurriak bideratzeko.
- 2021eko aurrekontu proiektuan 100.00 euroko diru partida aurrikusiko da. COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiten jarraitzeko, eta beharrezko balitz, aurrerago erremanentearekin osatzeko konpromezua hartzen da.
- Andoaingo Udalak gainerako erakundeekin eta agenteekin elkarlanean jarraituko du COVID-19ak sortutako egoerari aurre egin ahal izateko.
Mozioen inguruan alderdi guztiek iritzia emateko aukera izan zuten, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ostalarien mozioa babestearen alde argi mintzatu ziren. PSE-EE eta EAJ-PNV, aldiz, euren mozioaren alde agertu ziren.
Sozialistek eta jeltzaleek gehiengo osoa dutenez, ostalarien mozioa ez zen aurrera atera. Udal gobernuaren mozio alternatiboa onartu zen.