Pasa den urtean gogor eragin zuen pandemiak, nolako eragina izan du zuenean?
Hasieran, oso gaizki. Guztiak etxera joan ginen horretan, hamabost eguneko itxialdia izan behar zuena, hiru hilabetekoa izatera igaro zen. Bertan, lau langile aritzen gara eta elkarrekin talde ona osatzen dugu, baina irtenbidea eman behar zitzaion egoerari eta horretan ahalegindu ginen. Bi zerbitzu mota eskaintzen ditugu; batetik, denda daukagu: motorren salmenta, arropa, kaskoak eta motorren material guztia. Bestetik, erreparaziorako tailerra. Hori guztia erabat gelditu zitzaigun eta esku artean geneukan generoaren zati bat interneti esker saltzea lortu genuen.
Hasi zarete antzematen etortzear den edo etorri den krisi ekonomikoa?
Bai noski, hasi gara jada datorrenari tankera hartzen. Esate baterako, lehen jasotzen genituen deien erdiak ere ez ditugu jasotzen eta erraz igarri dugu lana gutxitu dela. Egoera honek, gainera, ez digu produktuen salmentan soilik eragiten, tailerrean ere badu bere eragina. Adibidez, lehen, asteburuetan motorrarekin buelta bat emateko aukera hori bazegoen behintzat, orain, ordea, ez. Horrek motorren erreparazioan du eragin zuzena, hau da, motorren mantenimendua eskasagoa da, jendea ez delako lehen adina mugitzen. Lanaldia %40 gutxitu dela esango nuke.
Motorrak zein garaitan saltzen dira gehien? Udan akaso?
Hori da, eguraldiak asko baldintzatzen du motorren erabilera eta salmenta; garairik egokiena udaberria eta uda bitarte izaten da normalean. Hortaz, konfinamenduaren ostean, gauzak pixkanaka irekitzen joan ziren neurrian, etengabe lanean aritzeko aukera eduki genuen. Momentu onean harrapatu gintuen irekierak eta lan jardueran gorakada nabarmena izan genuen. Gabonetan salmenta horiek mantendu ditugu, baina orain lana asko jaitsi zaigu, bat-batean eman da beherakada. Gainera, mugikortasuna murriztuta izateak asko baldintzatzen du jarduna eta hasierako egoerara itzuli behar izan dugu, tailerra geldi egotera eta internet bidezko salmentak izatera.
Zer da zuen dendan gehien saltzen duzuena?
Klase guztietako motorrak saltzen ditugu, berriak eta baita bigarren eskukoak ere. Salmenta trukea ere indarrean dugu, hau da, jendeak beren motorrak saltzen ditu eta dendan daukagun bat erosten dute trukean. Ondo funtzionatzen du, eta bigarren eskuko motorrak edukitzeak ere asko babesten gaitu. Horrez gain, eskularru homologatuak derrigorrezkoak izatea duela gutxi ezarritako kontua da eta horren salmentek ere gora egin dute. Orain, motorrean txalekoa eta jantzi homologatuak nahitaezkoak jartzeko asmoa dutela dirudi eta hori guretzat lagungarria da. Geroz eta gehiago dira zilindrada txiki-ertaineko motorrengan apustua egiten dutenak. Jendea jabetu da eguneroko joan-etorrietarako sistema segurua, erraza eta erosoa dela. Horien salmentak era gora egin du, azken aldian.
Dendari modura zein mezu zabalduko zenuke?
Koronabirusak ez dezala zapuztu jendeak motorrak edukitzeko duen ilusio hori. Egia da egoera ez dagoela aldeko, baina askorentzat beren kapritxoa izaten da motorra edukitzea eta animatzeko esango nieke. Hortaz, jar daitezela gurekin harremanetan eta gu beraien etxeetara eramateko prest egongo ginateke. Jendea, behintzat, pandemiarengatik ez dadila motorrik gabe geratu.