Auzotar horiei ulergarria egiten zaie herritar askoren gogoa eta joera baserri auzotara hurbiltzeko, azken hilabeteetan ezarri diren mugikortasunari buruzko murrizketak eraginda. Zehaztu nahi dute bisitariak ongi etorriak direla, eta gainera, horietako gehienek jokaera egokia erakusten dutela. Baina aldi berean, adierazi dute tartean badirela bakan batzuk ingurunearekin eta bertakoen bizimoduarekin errespetu gutxi erakusten dutenak.
Bestalde, Belkoain mendi-tontorrean ere antzematen da ugaritu egin direla mendizaleak azken aldian, inguruan diren gainerako paraje naturaletan bezainbat. Horrekin batera, ibilbidean, eta gurutze inguruan batez ere, zaborra (plastikoak, musukoak…) barreiatuta topa daiteke, tarteka. Zenbait mendizalek, aurretik ibilitakoek utzitako zabor hori jaso, motxilan sartu eta herrira jaisten dute, baina handik denbora batera, berriz ere zikin agertu ohi dira paraje horiek.