Odol-emaileen elkarteko San Juani agurra

Xabier Lasa 2021ko ots. 7a, 11:33

Jose Antonio San Juan Audikana larunbatean hil zen, 72 urte zituela. Azken 25 urtetan Andoaingo odol emaileen elkarteko buru izan da. Joxe Mari Tolosa elkarteko kideak San Juanen jokabide "zuzena eta arduratsua" nabarmendu ditu

Elkarteko kide den Joxe Mari Tolosak adierazi duenez, “Pertsona erabat zuzena eta arduratsua izan da elkarteko buruzagi gisa; bere bizitzaren zati handi bat eskaini dio odol ematearen ekintza solidarioari”.

San Juan Banco Vasconia bankuko langilea izan zen urtetan, eta aurre-jubilazioa hartuta zegoen, ikusmeneko arazoak zituela eta. Azken aldian osasunez gaizki zebilen, eta Tolosak zehaztu duenez, “hil aurreko egunetan, nonbait, kontzientzia hartu zuen heriotza gertu zeukala. Lehenbizi bere familiartekoei jakinarazi zien sentimendu hori, eta ondoren, odol emaileen elkarteko kideokin harremanetan jarri nahi izan zuen. Animoak luzatu zizkigun bereziki, elkartean lanean jarrai genezan”.

Tolosak adierazi du elkartea osatzen duten kideek lanean jarraitzeko asmoa agertu dutela. San Juan kasik 25 urtez izan da Andoaingo Odol Emaileen elkarteko buru, lehen esan bezala. Zuzendaritza hartu zuenean elkartea erabat berritu egin zela gogoratu du Joxe Mari Tolosak: “1996an Iñaki Arregi buru zuen taldeak herriko zenbait odol emaileei gonbidapena egin zigun, erreleboa behar zuela adieraziz. 1997ko urtarrilean, hamar bat lagun inplikatu egin ginen abentura horretan. Joxe Antonio San Juan izan zen talde berriko zuzendaria.

Pertsona jatorra, atsegina eta zintzoa izan da; bikain asko bete izan du egokitu izan zaion ardura, taldea dinamizatzeko asmoz”. Jose Antonio San Juan Audikanaen aldeko hileta elizkizuna asteartean egin zuten, San Martin parrokian.

Odola ematearen jaitsiera Andoainen

Gaur egun bederatzi kidek osatzen dute Andoaingo Odol Emaileen elkartea. Odol emaileak, berriz, 310 dira guztira herrian. Egoera epidemiologikoa dela eta, gora beheratsua izaten ari da odol emaileen dinamika Andoainen. Tolosak zehaztu ditu zenbakiak: “2020an, orohar, ohiko odol emate kopuruari eutsi zitzaion, 40-50koari, alegia. Nolanahi ere, iazko abenduan eta aurtengo urtarrilean murriztu egin da kopuru hori, hamar bat gutxiago bai. Kezkagarria da datua, eta iruditzen zaigu jaitsi aldi horrek zerikusia eduki dezakeela azken aldian Andoaingo herria eremu gorrian sartu izana”.

Tolosak ziurtatu du segurtasun neurri guztiak zorrotz betetzen direla odola emateko ekitaldian: ”ordutegia ere propio luzatu egin da, jende pilaketarik inondik ere gerta ez dadin”.

Tolosak deialdi berezia egin du betiko odol emaileei ez ezik baita ere Andoaingo herritarri ager daitezen hileroko odol emateetara. "Odola beti bezainbat behar izaten baita ospitaletan, nahiz pandemiak jota bizi une honetan. Esku zabalez egin beharreko ekintza da; orain emango duzu, eta beharbada, noizbait jaso dezakezu. Gaur ez dakigu norentzat izan daitekeen nahitaezkoa, hil ala bizikoa; baina bihar, lagun edo familiako gutako edonor aurki daiteke odol horren premian”.

Hitzordua, hilabeteko bigarren asteartero
Andoainen hilabeteko bigarren asteartean egiten da odol ematearen ekintza. Arrate pilotalekuko atzealdean izaten da, 16:30etik 20:30era bitarte. Aurrez deitu beharra dago, txanda hartzeko: 943 007 884 telefono zenbakira, 08:30etatik aurrera. Otsailaren 9an izango da hurrengo txanda.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!