Bizikidetza Mahaiak 'Memoria eraikitzen' izenburuko jardunaldiak antolatu ditu hurrengo egunetarako. Batetik, ETAk hil zuen Juan Mari Jauregi ardatz duen Zubiak dokumentala proiektatuko da, otsailaren 9an. Bestetik, Antzerki-foruma izango da otsailaren 15ean, Eta hik zer? galderari erantzun nahian.
Zubiak dokumentala,
Juan Mari Jauregi ardatz hartuta
ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren historia kontatzen du dokumentalak. Bere egile diren Jon Sistiaga eta Alfonso Cortés-Cavanillasek adierazi dutenez, hautsitako eta eraikitako zubien inguruko hausnarketa izan nahi du; horretarako, Jauregi alargun Maixabel Lasaren eta bere senarraren hilketan parte hartu zuen Ibon Etxezarretaren artean sortzen den elkarrizketaz baliatzen dira egileak. Hain zuzen, Lasak Etxezarreta bere etxera gonbidatzen du bazkaltzera; harekin hitz egin nahi du eta bere senarra hiltzeko erabili zituzten arrazoietan sakondu nahi du. Ikus-entzunezkoan, besteak beste, Maria Jauregi, Jesus Egiguren, Xabier Iraola, Ignacio Latierro edo Margarita Roblesen testigantzak entzuten dira.
Dokumentalak ordu eta erdiko iraupena du. Berez, El final del silencio izenburuko dokumental sortaren ataletako bat da, Sistiaga kazetaria irundarrak Movistar+ plataformarentzat atondu zuena; 2019an estreinatu ziren. Sei dokumental dira guztira, eta batik bat, ETA eta berak eragindako biktimak dituzte ardatz ("zerga iraultzailea”, Miguel Angel Blancoren hilketa, ETAren hastapenak, berunezko urteak, GAL...). Guztietan, biktimei zein gatazkan eragile izan ziren zenbait pertsonei hitza ematen zaie.
Basteron Maixabel Lasarekin solasteko aukera egongo da. Gaztelaniaz izango da proiekzioa.
Elkarbizitzan sakontzeko antzerki-foruma
Eta hik zer? izenburuko antzerki-foruma izango da bigarren ekitaldia, Memoria eraikitzen jardunaldien baitan. Elkarbizitza eta adiskidetzearen gaiak landu nahi ditu antzerki-forumak. Hiru galdera plazaratuko ditu, hausnartzeko espazioa eraiki nahian: “Zer gertatu da, eta zergatik?”, “Zer egin dezakegu orain?”, eta “Zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin?”.
Elena Aranbarri eta Mai Gorostiaga gidoilari eta antzerkilariek gidatuko dute antzerki-foruma. Ekimen honen eskutik, indarkeriak eta gatazka sozial eta politikoek eragindako sentimenduak, kontraesanak era arketipoak lantzea da beren asmoa, Hain zuzen, gure iragan hurbilera begira jarri, eta etorkizun kolektiboa beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematea. Bi egileek adierazi dutenez, antzerki mota hau “gizarte errealitatea ezagutzeko era eraldatzeko tresna da, non ikusle pasiboa egile eta aktore aktibo bihurtzen den”.
Egiturari dagokionez, sei piezez osatzen da antzerkia; bakoitzak egoera zehatzak eta oso ezagunak irudikatzen ditu. Sei zatien antzezpenaren ostean, ikusleek, nahi izanez gero, proposamenak egin ahal izango dituzte, antzeztutako egoera horiek hobetzeko.
Bi orduko iraupena izango du antzerki-forumak.
Otsailaren 15ean izango da, eta ezinbestekoa da izena ematea bertan parte hartzeko. Horretarako, idatzi m.lizarralde@baketik.org korreora edo deitu 605 718 297 telefono zenbakira.