Urdangarin, Sistiaga eta Emezabalen kontzertu gogoangarria, Bruch eta Mozarten eskutik

Xabier Lasa 2021ko ots. 5a, 12:58

Esti Sistiaga piano-joleak, Mikel Urdangarin biola-joleak eta Mikel Emezabal klarinete-joleak Max Bruch eta Amadeus Mozart konposatzaile klasikoen obrak biziberritu zituzten Basteron ostegunean, otsailaren 4arekin. Ondorengo bideoan, kontzertuko pasarte batekin goza liteke; hain zuzen Mozartek, hiru instrumentuak nahastuz konposatu zuen Kegelstatt Hirukotea musika-kamera. Hiru zati ditu piezak: Andante, Menuetto eta Rondeaux. Obrak, konposatzaile handiaren alderik jostalariena islatzen duela adierazi zuen Emezabalek. Merezi du ikus-entzuteak!

Wolfgrang Amadeus Mozartek 1786an eta Max Bruchek 1910ean piano, klarinetea eta biolarekin espreski jotzeko obrak sortu zituzten, eta horiexek kontzertu batean uztartu zituzten Basteron, Mozart-Bruch Connection izenburua jarrita.

Bi partetan banatu zuten emanaldia, hortaz. Max Bruchen Pieces for clarinet viola and piano op.83 (Nr.1 in A minor: Andante eta Nr.3 in C minor: Andante com moto), batetik. Eta bestetik, Mozarten Kegelstatt Hirukotea (Andante, Menuetto, eta Rondeaux).

 “Sentimendu askoko musika, bata zein bestea”, Emezabalen hitzetan. “Lehena, erromantikoa, serioa, eta zenbait pasartetan barruko mina eta amorrua erakutsi nahi duena. Mozarti dagokion zatian, ostera, konposatzaile famatuaren alderik dibertigarri eta jostalariena islatzen da”.

Emezabalek azalpen didaktikoak eskaini zituen hirukoteak musika interpretatzen hasi aurretik, eta biziki eskertu zuten entzuleek. Izan ere, beste era batera entzun, gozatu, estimatu… daiteke musika pieza bat, bere nondik norakoak jakin ostean.  

 

Zuzenekoekin gosez

“Hau da suertea gurea!” harridura keinua erabiliz ekin zion aurkezpenari Emezabalek. Pandemiak jotako egungo bizimoduarekin lotu zuen deiadarra, jakina, musikariek ez daukatelako batere erreza dakitena zuzenean eskaini dezaten instrumentuak eskutan dituztela, ezta ere publikoak horiek aurrez aurre eta zuzenean entzun ditzaten. Eta zera gaineratu zuen, “inoiz baino gehiago, musika, burua eta arima elikatu eta zaintzeko premia-premiazko tresna bilakatu zaigu”.

Izan ere, kontzertuak aparteko ikusmina eragin zuen, sarrerak berehalako batean saldu zirelarik. Bi arrazoi zirela medio agortu sarrerak, batez ere: goren mailako musikariak elkartzen zirelako oholtzan, eta, musikariek zein publikoak gosea sentitzen dutelako horrelako emanaldiekin gozatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!