Hungariako Kaldereroen zartagi hotsik gabeko asteburua, Andoainen

Xabier Lasa 2021ko ots. 5a, 14:37

Kaldereroen usadioak bi hitzordu izan ditu Andoaingo kaleetan barrena, azken urteetan. Bata, Ondarretako ikastetxeko irakasle, ikasle eta irakasleek osatutako konpartsa ostiral arratsaldez ibili izan da. Bigarrena, Herri Konpartsak larunbat arratsaldez antolatu izan du festa. Iazko argazki eta bideoak biziberritu ditugu, festaren gaineko oroitzapena fresko-fresko manten dezagun, eta hurrengo urteko ospakizuna noiz iritsiko gogoz gera gaitezen.

Dena esatera, Ondarretako ikastetxean jai txikia egin dute egun osoan; hori bai, taldeka, kalera irten gabe eta segurtasun neurri guztiak hartuta.

Aurreko urtetan, lehenbiziko hitzordua, Ondarreta ikastetxeko irakasle, ikasle eta gurasoen konpartsak osatu izan du (bideoa, eta, argazki sorta). Ikastetxeko jolastokitik abiatu eta, Kale Nagusia zeharkatu ostean, Zumearaino iritsi ohi da, gero berriro ikastetxerako itzulera egiteko. Ekitaldian zehar, zartagi jotzaileek Gora Kaletxiki txarangaren laguntza izan dute urtetan.

Bigarren hitzordua, larunbatean eraman izan dute aurrera, honakoa ere Gora Kaletxiki txarangarekin batera (bideoa, eta, argazki sorta). Ontza elkartean bildu ostean, Juan Bataiatzaile Zaharren Egoitzan ohiko geldialdia egin ohi du konpartsa horrek. Ondoren, Goikoplazara igo izan da; udal ordezkaritzak bertan harrera egin izan die.

Zingaroen erreginek, Unai Ormaetxea eta Ion Belokik, udaletxeko balkoitik tradiziozko hitzaldia egitea ere ohitura bilakatu da azken urtetan; gogoan hartzen dituzte Andoainen urtean zehar gertatu izan diren zenbait gertakizun; kritikarako eta ziria sartzeko tartea hartzen dute.

Kanpaldia desegin, eta bideari ekiten diote berriro; Kale Nagusia zeharkatuz Zumea plazara iristen dira. Geroxeago, parte-hartzaileek itzulerako bidea hartzen dute, eta Ontzan afari baten inguruan jaiarekin jarraitu izan dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!