Zubiak dokumentala Basteron, Maixabel Lasa bertan dela

Xabier Lasa 2021ko ots. 9a, 07:43

Andoaingo Udal bizikidetza mahaiak "Memoria eraikitzen" zikloa antolatu du, eta aurtengo lehen hitzordua "Zubiak" dokumentala izango da. 18:30ean hasiko da Basteron, astearte honetan. 

Zubiak dokumentala, Juan Mari Jauregi Gobernadore zibila ardatz hartuta

ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren historia kontatzen du dokumentalak. Bere egile diren Jon Sistiaga eta Alfonso Cortés-Cavanillasek adierazi dutenez, hautsitako eta eraikitako zubien inguruko hausnarketa izan nahi du; horretarako, Jauregiren alargun Maixabel Lasaren eta bere senarraren hilketan parte hartu zuen Ibon Etxezarretaren artean sortzen den elkarrizketaz baliatzen dira egileak. Hain zuzen, Lasak Etxezarreta gonbidatzen du bazkaltzera; harekin hitz egin nahi du eta bere senarra hiltzeko erabili zituzten arrazoietan sakondu nahi du. Ikus-entzunezkoan, besteak beste, Maria Jauregi Maixabel Lasaren alaba, Jesus Egiguren, Xabier Iraola, Ignacio Latierro edo Margarita Roblesen testigantzak entzuten dira.

Dokumentalak ordu eta erdiko iraupena du. Berez, El final del silencio izenburuko dokumental sortaren ataletako bat da, Sistiaga kazetaria irundarrak Movistar+ plataformarentzat atondu zuena; 2019an estreinatu ziren. Sei dokumental dira guztira, eta batik bat, ETA eta berak eragindako biktimak dituzte ardatz ("zerga iraultzailea”, Miguel Angel Blancoren hilketa, ETAren hastapenak, berunezko urteak, GAL...). Guztietan, biktimei zein gatazkan eragile izan ziren zenbait pertsonei hitza ematen zaie.

Basteron Maixabel Lasarekin solasteko aukera egongo da. Gaztelaniaz izango da proiekzioa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!