"Erakusleihoan txilabak jartzeak ez zuen zentzurik"

Jon Ander Ubeda 2021ko ots. 11a, 10:21

Ana Jandula

Ana Jandula Kale Nagusiko dendaria da. Eguberriak, Santa Eskea, Inauteriak, Santakrutzak, Sanjuanak... urte osoko ospakizunen inguruan egiten dute lanik gehien. Bistan da pandemiak gogor zigortu duela negozioa.

Inauteriak gainean daude, txilabak saltzeko garai aproposa zuentzat. Bestelakoa da, ordea, errealitate gordina.

Ospakizunen bueltan egiten dugun lan guztia bertan behera geratu da. Inauteriak, Santakrutzak... sasoi honetan txilabak salgai jartzen genituen, baina aurtengoan erakusleihora ere ez ditut atera. Ospakizunik egongo ez denez, ez zuen zentzurik. Tolosako inauteriei begira, hango txaranga eta elkarte ezberdinetarako bordatuak egiten genituen. Maila apalagoan bazen ere, Donostiako inauterietarako ere lantxoak egiten genituen. Baina aurten ez da horrelakorik izan.

Zuen bolada txarra atzetik dator, Eguberrietatik eta Santa Ageda bezperatik. Bi ospakizun horiek ere ez baitira antolatu. Galera handia zuentzat, ezta?

Bai. Gabonetakoa, gainera, oso arraroa izan da. Ikastetxe batzutan Gabonak ospatu ziren eta ikastolan, aldiz, ez. Santa Agedarako, ordea, ikastolak ospakizuna egitea erabaki zuen eta horren ondorioz dendan salmenta handiagoa nabaritu genuen. Gabonetako salmenta, aurreko urteekin alderatuta, penagarria izan da.

Zenbat urte dira denda zabaldu zenutela?

Zortzigarren urtea betetzera goaz.

Hauxe izan da zuentzat garairik zailena ibilbide osoan, ezta?

Zalantzarik gabe. Santakrutzak, Sanjuanak, Sanpedroak... Gabonekin batera uda lan handiko garai da guretzat. Bestalde, txapel ugari bordatzen ditugu mus txapelketetarako, ezkontzetarako. Eta hilabeteak dira ez direla txapelketak egiten, ezta ezkontzarik ere. Eta Keinun txapel ugari bordatzen ditugu.

Inauterietan txilabak saltzen dira, ez Tolosan bezainbeste. Baina Andoainen ere badago ohitura hori.

Iaz, esaterako, txilaba asko ikusi genituen.

Halaxe da, bai.

Zein da hurrengo hilabeteetarako egiten duzun aurrikuspena? Aldi baterako erregulazioaren aukera aztertzen ari zarete?

Ez. Pixkanaka-pixkanaka krisiari iskin egiten ari gara.

Muxukoen salmenta, eta orain tabernak irekitzen hasiko direla ikusita, lanerako arropa mugitzen hasiko dela espero dugu.

Ostalaritza itxita izateak kalte osagarria eragin dizue?

Bai. Donostiako denda batentzat bordatze lanak egiten ditugu, eta ostalaritzarako enkargu asko jasotzen ditugu haren aldetik: Poloak, amantalak... Orain eskaera berri bat jaso dugu, Mizpiradi sagardotegitik.

Pixkanaka aurrera egiteko adina da.

Erakunde ezberdinetatik etorritako laguntzak ongietorriak izango dira.

Bai, baina laguntza gutxi izan dugu. Andoaingo Udalak emango duenaren zain gaude, baina bestelakoan ez dugu gauza handirik espero.

Egoera arintzea izango da, zuen aukera bakarra.

Bai, eta uste dut egoera arintzen denean gauzak hobetuko direla. Jendearengan gogoa nabari da. Ostalaritza irekitzeko aukera entzute hutsarekin, jendeak terrazan bazkaltzeko aukera baliatuko du. Bestelakoan, ostalaritza ixtean Kale Nagusian asko antzematzen da. Eguraldi txarrarekin, gainera, ez da ia inor ibiltzen. Larunbatero irekitzen dut, eta aurreko larunbat goizean ez zen inor dendara sartzen. Tabernak irekita baldin badaude, mugimendua handituko da eta beste poz bat nabaritzen hasiko gara.

Muxukoen edo maskarilen salmentaren aldeko apustua garrantzia handikoa izan da zuentzat.

Hasiera batean ez genuen buruan eskaintza hori egitea. Eskaera bat egin ziguten frutadenda batetik, eta hortik aurrera muxukoa izan da gehien saldu duguna. Eskaintza zabaldu genuen eta inguruan ez zeuden Expression markakoak ekarri genituen, eta horri esker Gabonetako salmenta txukundu ahal izan dugu.

Udaberri aldean iaz baino hobeto egotea da saltzaileen desioa.

Santakrutzak ospatuko ez diren arren, ea udan egoera hobean gauden. Esan dezagun egoera zail honetatik irteteko gutxiago geratzen dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!