Joseba Arabaolaza First Dates saioan

Xabier Lasa 2021ko ots. 11a, 13:31

Andoaindarra Espainiako Estatuko Cuatro telebistan gauero emititzen duten First Dates saioan ateratzekoa da datozen egunetan. Bazirudien gaur izango zela emisio eguna, baina telebista horretako programazioan futboleko Copako Athletic-Levante kanporaketa iragarri dute. Bihar ziurrenik, eta bestela hurrengo egunetan izan beharko du Arabaolazaren agerraldia.

2020ko Gabonetan grabatu zuten Arabaolaza eta beste pertsona baten arteko topaketa.

Azken aldian, bi zatitan banatzen dute bikoteen artean topaketak antolatzen dituen First Dates saioa: lehenbizikoan, 21:05ean hasita, aurreko bi urtetako hitzorduak emititzen dituzte; bigarrengo zatian, 21:45etan aurrera, azkeneko hitzorduak datoz. Bigarren zati horretan azalduko da Arabaolaza. Ostiraletan zati bakarrekoa izaten da, hala ere: 21:05etatik 22:00etara.

Arabaolazaren eta aurrean jarri zioten pertsonaren artekoa zertan amaitu ote zen interesa daukanak, telebista piztu beharko du.

Andoainen herrikoia da Joseba, hainbat gizarte eta kultur ekimenetan antolatzaile eta parte-hartzailea. Ogibidez garraiolaria izateaz gainera, inauteri zale amorratua, Kaldererotako dama urte luzetan, Kaletxikiko festa batzordeko kide, tango dantzari eta jaialditako laguntzaile, film laburreko aktore, ehizarekin lotutako ekimenetan laguntzaile…

Aiurri aldizkariari 2015eko otsailean eskaini zion elkarrizketan, bere herrikoitasun horretaz jardun zuen (“Festa eta saltsa guztietan parte hartzea gustatzen zait”).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!