Joseba Arabaolaza astelehenean agertu zen First Dates saioan

Xabier Lasa 2021ko ots. 17a, 11:43

Joseba Arabaolaza andoaindarrak Cuatro telebistako First Dates saioan parte hartu izan zuen Gabonetan, eta astelehen gauean emititu zuten. Jatetxe batean, elkarren ezagutzarik ez duten bi pertsonen arteko topaketa antolatzen du telebista saio horrek, eta formatu horretan aritu ziren Arabaolaza eta Consolacion, Asturiasen bizi den emakume katalana. Andoainen egundoko ikusmina piztu zuen Josebaren telebistako agerraldiak, eta sare sozialetan nabaritu zen hori.

Euskal herritar gutxi animatu ohi da First Dates saioan parte hartzera, eta ez da harritzekoa makina bat andoaindarrek Cuatro telebista sintonizatu izana astelehen gauean, are gehiago jakinda herrikide aski ezagun bat agertuko zela bertan.

Bost bikotek osatu zuten ordu bete iraun zuen saioa, eta jada sarean zabaldu dute. Astelehenean telebista piztu ez zuenak Joseba eta Consoren arteko egonaldia honako lau tarteetan zatituta ikus dezake : 11:30-14:38, 18:02-20:33, 31:38-34:06, eta, 43:13-46:50.

Saioko egileek mutila “animatua eta alaia” gisa aurkeztu zuten, eta emakumea, berriz, “bere baitan blindatua, baina animatua” gisa.

Nork bere burua definitzerako orduan, Arabaolazak bere burua jendartekotzat eta dantza zaletzat jo zuen; Consok, borrokalaria eta ausarta zela esan zuen. Aurreneko ikusi aldian urduri zeudela aitortu zuten biek ere, baina maiz egin zuten barre afarian zehar.

Afariaren amaieran, bigarren hitzordua edukitzeko gogoz al zeuden galdetuta, baiezkoari eutsi zioten biek ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!