“Ez dugu uste Unanibian tirolina bat jartzeak lekua aberastuko duenik”

Xabier Lasa 2021ko ots. 22a, 21:00

Unanibiren lagunak ekimeneko Juanan Lazkano, Nekane Elizagarate, Arantza Etxeberria eta Olatz Telletxea.

Unanibiren lagunak Andoain aldean sortu den ekimen berria da. Leitzaran bailarako parajea kuttuna da andoaindar askorentzat. Jarduera fisikoari eta abentura-kirolari lotutako egitasmo berri bat jartzera doaz Otieta inguruetan, eta horrek hainbat lagunen desadostasuna ekarri du. Taldean ari dira lanean

Zerk bultzatu zaituzte taldea osatzea?

Gutariko bakoitzari kezka eta haserrea sortu zigun Unanibian tirolina eta ferrata bidea jartzen ari zirela jakiteak. Bakoitza bere ingurukoekin komentatzen hasi zen, Olatzek ere bere garaian sinadura-bilketa jarri zuen Change.org plataforman... Era horretan, poliki-poliki saretxoa sortzen joan gara, eta, horrela, taldea sortu da. Behintzat, ekintza bat egitea erabaki dugu, Andoaingo Udalari gure nahigabea adierazteko eta leku eder horri gure begirune eta errespetua adierazteko, besterik ez bada ere.

Idatzian adierazten duzuenez, andoaindarrek zein kanpotarrek Unanibiko parajea badakite baloratzen. Bere edertasuna berezkoa dela, eta ez duela atrakzio turistikorik behar.

Leku berezia da zubi hori; hara bertaratzen den orok antzematen du parajearen edertasuna. Leitzaran bailara osoa da ederra, baina leku horrek badu izaera berezi bat edozein pertsonarentzat, pasieran doan herritarrarentzat, arrantzan ari denarentzat, bainua hartzera doanarentzat, argazkiak ateratzera joaten denarentzat.... Eta ez dugu uste leku horretan tirolina bat jartzeak ingurumena aberastuko duenik. Are gehiago, kendu egingo diola iruditzen zaigu; bakea eta lasaitasuna kenduko dizkio, eta, aitzitik, zarata, jendetza, zaborra, ekar ditzake. Bere-berezko xarma galaraziz.

Esaera zahar batek biltzen du ongi gure uste edo nahia: Bakean utzi bakean dagoena.

Proiektuarekiko zuen desadostasuna ekitaldi publiko baten bitartez azalduko duzuela iragarri duzue.

Bai, hori da. Unanibiko zubian elkartu eta ekitaldi xume bat antolatzea da gure asmoa. Aurrez esan bezala, Udalari adierazi nahi diogu proiektu horrekin hainbat herritar ez gaudela konforme. Eta, aldi berean, egin zaion eta aurrerantzean emango diren aldaketengatik nolabaiteko gure nahigabea ere adierazi nahi dugu. Agerraldi hori, gaur egun betetzea komeni diren segurtasun neurri guztiak betez izango da, noski.

 

Unanibiren lagunak' ekimena

Andoaingo Leitzaran bailarako Unanibian egiten ari diren Via Ferrata eta tirolinaren instalazioek herritarrengan sortu duten kezka dela eta, andoaindar talde bat elkartzen hasi gara, gure desadostasuna azaltzeko proiektu horri.

Badakigu, Udalak ahobatez onarturiko proiektua dela, alderdi politiko guztiak ados daudela berarekin. Orain arte Otietako parkea eta Unanibiko zubia babesteko hartu diren neurriak, bere osotasunean, onuragarriak izan dira (Lizarkolako kanala garbitu eta oinezkoentzat txukun jartzea adibidez). Baina oraingoan, ez dugu ikusten inondik ere beharrezkoak direnik Tirolina eta Via Ferrata horiek.

Unanibiko zubia eta bere inguru naturala, berezia eta kuttuna dira herritar ororentzat.

Ukaezina da paraje horrek berarekin dauzkan balio naturalistikoak, fauna eta landaredia barne, eta horrexegatik dago kokatuta Leitzarango Biotopo Babestuaren baitan.

Andoaindarrok zein kanpotarrak, badakigu baloratzen bere edertasuna, eta berarengana gerturatzen gara bakea arnastu edota Leitzaran ibaiak dakarren ur hotsa entzun nahi dugunean. Zentzugabekeria iruditzen zaigu berezko edertasun hori inbaditzera etor daitezkeen “atrakzio turistiko” berriak eraikitzea. Aski da zainketa lana, bere horretan kontserbatu dadin.

Horregatik, kezka bera duen orori dei egiten diogu, gurekin harremanetan jar dadin unanibirenlagunak@gmail.com helbidera idatziz, Udalari gure desadostasuna erakusteko eta Unanibiri gure begirune eta errespetua adierazteko udaberrirako prestatzen ari garen ekitaldirako prestaketa lanetan parte har dezan.

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 577. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!