Suhiltzaileen bisitaldi bikoitza, atzokoan

Aiurri 2021ko ots. 21a, 09:14

Andoaingo bidea ondo ezagutzen dute suhiltzaileek, eta azken astean Tolosatik honako bidea maiz egin dute. Atzokoan birritan igaro ziren herrigunetik, eguerdian Leitzaran aldeko erreskate batean parte hartzeko eta iluntzean sute txiki bat itzaltzeko.

Eguerdia zen suhiltzaileen sirena hotsak entzun zirenean, Andoaingo herrigunean. Udalerria zeharkatu eta Otieta aldera jo zuten. Eta handik aurrera Plazaolako trenbidearen ibilbidea hartu zuten. Erreskate lanean murgildu ziren, txirrindulari batek erorikoa izan eta gero. Laguntza lanak eskaini zituzten, eta zaurituak Donostiako Ospitalean amaitu zuen.

Iluntzean jendetza zegoen Zumea plaza aldean, suhiltzaileen argiak ikusi zirenean. Trenaren ibilbidearen paretik, Goiburu aldera doazen lurretan, aurrera egin zuten suhiltzaileek. Bezperan, kontrolatutako sute bat egin zuten. Baina atzoko haizetearekin berriro pizten hasi zen, eta sute txikia zabal ez zedin suhiltzaileen laguntza behar izan zen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!