Ezinegona eragin du Asuncion klinikako azken erabakiak

Xabier Lasa 2021ko ots. 24a, 12:30

Asuncion klinikak erabaki du Andoaingo fisioterapeutek pazienteekin 20 minutuko saioak ezartzea astelehenetik aurrera, eta zenbait herritarren protesta eragin du horrek. Asuncion klinikako zuzendaritzak ezer ez dela aldatu ziurtatu duen bitartean, dagoeneko sinadura bilketari ekin zaio erabakia bertan behera uzteko eskatuz.

Asuncion klinikan eskegita dagoen oharrak erabakiaren berri jakinarazten du (argazkian ikus daiteke):

“Errehabilitazioko pazienteei puntualitatea eskatzen diegu: otsailak 22tik aurrera, Asuncion klinikako zuzendaritzaren erabakiz, kopurua gehituko zaiolako fisio bakoitzari 20 minutu pazienteko (sartu+tratatu+irten+garbitzeko). Eskerrik asko”.  

Zenbait herritarrek kexa agertu dute sare sozialetan, eta Jose Maria Iparragirrek Change.org sareko plataforma bidez sinadura bilketari ekin dio eta “20 minutuko fisioterapia saioak?” izenburua daraman gaztelaniazko idatzi labur baten bidez. Asuncion klinikari azken erabaki hori bertan behar uzteko eskatzen dio Iparragirrek, sinadura bilketaren eskutik.

Ekimenaren bultzatzaileak adierazi du fisioterapeuta pribatuei kontsulta egin diela eta horiek erantzun omen diote tratamendu gehienentzat 45 eta 60 minutuko saioak direla gomendagarrienak. Ondorioztatzen duenez, “Tolosaldean osasun sistemak egoera baztertzailea ezartzeaz gain, orain erabaki berri hori datorkigu. Azken batean, dauden baliabide murritzak modu prekarioan banatzea du helburu erabaki horrek, eta ez gehitzea langile kualifikatuak kontratatuz”.

 

Zuzendaritzak dio ezer ez dela aldatu

Aiurri Asuncion klinikarekin harremanetan jarri da. Honek gezurtatu egin du aldaketa zerbitzuaren kalterako izan denik. Hona bere oharra:

“Berez, ez da aldaketarik ezarri. Pandemia heldu aurretik, lau paziente hartzen ziren orduko. Behin pandemian murgilduta, segurtasuna zela medio, bira murriztu zen pazienteen kopurua. Egun, egoera normalean izaten zen jardunera iristen ari gara poliki-poliki, eta oraintxe, hiru paziente hartzen hasi gara orduko, 2019an hartzen zirenak baino bat gutxiago alegia. Horrek ez du esanahi pazientea tarte laburragoan artatuko denik. Aitzitik, paziente bakoitzari behar duen arreta eskaintzen zaio, beti egin izan den bezala. Kontuan hartu behar da paziente batek 20 minutuko arretarako premia eduki dezakeela, eta bien bitartean, beste batek ordu eta erdi egin dezake gimnasioan. Behar bakoitzari erantzun egokia ematea da gakoa.

Horretarako, ez da ahaztu behar fisioterapiako teknika tradizionalei azken urtetan hainbat teknika osagarri gehitu zaizkiela, hala nola, shock uhinak edota ariketak gimnasioan bertan. Ondorioz, paziente bat ordu bete ere aritu liteke gauza desberdinak egiten, nahiz eta ez eduki profesionalaren premiarik. Guzti horrek fisioterapeutaren lana arintzen du, eta paziente bat baino gehiago aldi berean artatu dezake: bat bizikleta estatikoan ari den bitartean, beste bat shock uhinen boxean egon liteke, eta hirugarren batek masajeak hartu ditzake”.     

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!