"Marokok Saharako lurren kolonizazioa sustatzen du"

Xabier Lasa 2021ko ots. 25a, 09:38

Marokoren menpe bizi diren Saharako biztanleen erresistentzia kontatzen duen 'Fusilak edo pintadak' dokumentala eskainiko dute ostegun honetan, Basteron. Horrekin batera, Dadai Sabaut mendebaldeko sahararra elkarrizketatu du Aiurrik.

Dadai Sabaut Mendebaldeko Saharan jaio zen 1968an, Espainiaren kolonia zen garaian. 1976an Espainiak bazterrean utzi zuen lurralde hura, eta Marokori eta Mauritaniari euren lur zati handi bat okupatzeko aukera erraztu zien. Geroztik, sahararrak banatuta bizi dira Aljerian Tindufeko kanpalekuetan, Marokok okupatutako lurretan nahiz erbestean. Horietako bat da Sabaut; 2015az geroztik familiarekin bizi da Andoainen.

Indarkeriarik gabeko borroka gauzatzeko hautua egin duten aktibisten jarduna ikusarazten du "Fusilak edo pintadak" dokumentalak.

Milaka saharar bizi dira lurralde okupatuetan; 1976an lur zati hura okupatu zutenean askok ihes egin behar izan zuten, baina beste batzuk bertan geratu beste erremediorik ez zuten eduki. Zapalduak, lanean diskriminatuak, torturatuak, atxilotuak, erailak… izan dira baina modu baketsuan erresistentziari eusten diote, nahiz eta beldurrez bizi.

Maroko aspalditxotik kolonizazio politika sustatzen ari da; Israelek Palestinan eta Txinak Tibeten nola, halaxe. Bada, gaur egun, proportzioan, askoz ere gehiago dira marokoarrak sahararrak baino.

Gainera, Marokoko ejertzitoaren eta polizien zapalkuntzaz gain, sahararrek kolono askoren erasoak pairatzen dituzte.

2010ean, milaka sahararrek El Aaiun hiritik gertu kanpaleku baketsua eraiki zuten, eskubide sozial eta ekonomikoak eskatuz. Marokoko ejertzitoak zapaldu egin zuen ekimena, eta geroztik hainbat preso dauzkate 30 urteko zigorra ezarrita.

Bandera sahararra kalean erakuste hutsagatik jipoitu egiten dute edo kartzelan sartu, egin kontu. Gauzak horrela, borroka moten inguruan irudimena lantzen joan dira urtetan, eta esate batera, pintadez gain, banderak globoetara lotu eta zerura bidaltzen dituzte.

Sare sozialek garrantzia hartu dute injustizia bistaratzeko orduan…

Okupazioko lehen urtetan presoak torturatu edo eta erail eta hobi komunetan lurperatzen zituztenean, ekintza bortitz horiek ezkutuan egiten zituzten; ez dago krimen horiek erakusten duen irudirik. Egun, ordea, sare sozialen erabilera armarik eraginkorrena bilakatu da Marokok ezarritako isiltasun mediatikoa gainditu eta giza eskubideen urraketen salaketa nazioartean zabaltzeko orduan.

Gerra hotsak piztu dira azken hilabeteetan Sahara eta Marokoren artean.

Fronte Polisarioak iazko urrian hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena.  Izan ere, aurreko egunetako gertakizunak kontuan hartu behar dira: saharar talde batek protesta egin zuen Sahara eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guerguerat bost kilometroko eremu desmilitarizatuan. Errepidea trabatzea erabaki zuten, Marokok errepide hori Saharako herrialdeari lapurtutako baliabide naturalak Afrika aldera garraitzeko erabiltzen zituela salatzeko. Rabateko gobernuak militarrak hara bidaltzea erabaki zuen, protesta desegiteko. Horrela, eremu liberatuan sartu egin ziren. Hori zela-eta, Fronte Polisarioak hautsitzat eman zuen 1991eko su etena. Egunero borrokaldi militarrak gertatzen ari dira, baina ez zaigu albiste askorik iristen ari.

Nola hartu dute Saharako herritarrek Fronte Polisarioaren gerrarako erabaki hori?

30 urtetan irtenbide baten zain egon ostean, etsipena da nagusi, eta tamalez, ikusi dute beste irtenbiderik ez dela geratzen. Belaunaldi gazteenak agertzen dira kontzientziatuenak bide horren alde, baina 1976ko gerran parte hartu zuten nagusi asko ere borrokari heltzeko “gazte” sentitzen dira. Israel, AEB eta beste potentzien laguntza militarra daukan Marokorekin gerra batean murgiltzeak sakrifizio pertsonal handia eskatu arren, bi analisi egiten dituzte gehienek, zein baino zein ezkorragoak: nazioarteko komunitateak oraingo egoera betikotzea nahi duela, eta, gatazkak beste bost-hamar urte irauten badu Sahara herri gisa desagertu egingo dela.

Urteak daramazue Nazio Batuen Erakundeak agindutako autodeterminaziorako erreferendumaren zain.

Baliteke Saharan islatzea nazioarteko komunitatean funtzionatzen duen hipokrisia eredurik mingarriena. Tristezia eragiten du hainbat gobernuen ahotik entzutea demokrazia, askatasuna, justizia, giza eskubideen defentsa… Interes ekonomikoek eta geoestrategikoek mugitzen dute mundua, eta hori aitortzera ausartu beharko lirateke, behingoz. Maroko bikain mugitzen da eskema horretan, eta hainbat pieza erabiltzen ditu bere interesen alde, presioa egiteko nazioarte mailan: Afrikatik datorren emigrazioren fenomenoa, Ceuta eta Melilla, baliabide naturalen ustiaketa, drogen trafikoa… Gobernuak ez ezik, influentzia handiko jendea erosten ere ondotxo daki, eta penaz esan behar dut, Gonzalez lehen eta Zapatero egun, horretan erori direla. Alderdi gehienek gure aldeko hitz politak eta “zuekin gaude” adierazpenak plazaratzen dituzte, baina gero agintera iristen direnean, denek ere berdin jokatzen dute. Oraingo gobernua progresista dela diote, baina ez da urrundu jokabide horretatik.

Hori bai, sahararrok ongi ikasi dugu bereizten gobernuak eta herritarrak. Badakigu Estatu espainiarrean herritar askok gertutik eta kezkaz bizi dutela gure herriaren zapalkuntza. Elkartasuna adierazten digute era askotara: haurrak udan hartuz, elikagaiak bidaliz, ikastetxe eta ospitaleak eraikitzen lagunduz, udalerri eta erakundeen ordezkarien bixitak eginez… Bihotz-bihotzez estimatzen dugu eskuzabaltasun hori.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!