Zein motako altzariak dira bertan saltzen dituzuenak?
Mota guztietako altzariak saltzen ditugu; umeen eta helduen altzariak, ohe ezberdinak, banakako sofak edota sofa handiak...
Denbora pasa ahala estiloak ere aldatuz doaz. Nabaritu duzu hori altzariaren sektorean?
Bai, noski. Aldaketa nabarmena izan da eta ez soilik estiloan, baita lan egiteko moduan ere. Esate baterako, lehen sofa bat aukeratzerakoan hiru kolore bakarrik egoten ziren aukeran, orain aldiz milaka kolore eta testura aurki daitezke. Estiloak ere erabat aldatu dira, orain minimalista nagusitzen da. Horrez gain, sofa elektrikoak modan daude. Berrikuntzara egokitu egin gara.
Bezeroak aholku eske etortzen zaizkizue?
Bada ideia finkoekin etortzen diren bezeroak baina baita gomendio eske etortzen direnak ere. Kontuan izan ez dela erraza etxebizitza bat apaintzea. Maiz buruan duzun ideiak ez du balio. Beste batzuk zalantza handiak izaten dituzte, eta gu joaten gara euren etxeetara laguntza eskaintzera. Gelak ikusi, baloratu, neurriak hartu eta gure iritzia ematen diegu. Gure lana orduan hasten dira balioan jartzen. Konturatzen dira laguntza hori ezinbestekoa zaiela, erosketa egiterakoan hankasartzerik ez egiteko. Gure laguntza, kasu horietan, ezinbestekoa zaie.
Zertan eragin dizue pandemiak?
Itxiera perimetralak ez du askorik lagundu. Garai honetan herritarrak dira gure bezero bakarrak, baina horrekin ez da nahikoa aurrera egiteko. Batzuk negozioa ixteko erabaki hartu dute, eta kalean igarri da hori, ez baitago lehen zegoen mugimendu hori. Merkatariok herriari bizia ematen diogu. Dendetan argia ikusteak poza ematen du, eta ez pertsiana jaitsita ikusteak.
Alternatiba bila askok Interneterako jauzia egin dute, baina gurea ez da Internet bidez baloratzen den zerbait. Gure bezeroa ez dago ohitua altzariak horrela erosten, altzarien tamaina eta espazioa ez baita argazki bidez aintzat hartzen. Ez da berdina altzariak aurrez-aurre ikustea, probatzea eta neurriekin jokatzea.
Gure altzariak astunak dira eta imajina ezazu bezeroak etxe oso bat muntatu nahiko balu eta altzari guzti horiek mezulariz bidaliko bagenizkio. Bezeroak ez luke hori guztia muntatzen asmatuko. Hori ez da metodorik egokiena.
Konfinamentuaren ondorioz denbora asko igaro dugu etxean eta agian altzariak berritzeko hautua egin dute batzuk.
Bai, hori hasieran antzeman genuen gehienbat. Denbora asko pasa dugu etxean eta asko izan dira horretaz jabetu direnak. Etxe guztia goitik-behera errepasatzeko denbora izan dugu eta batzuk orduan konturatu dira altzariak zaharrak aldatzeko beharrean zeudela. Askok, etxeari beste giro bat emate aldera, aldaketak egin nahi izan dituzte. Denetik egon da. Orduan gorakada nabarmen bat izan genuen, baina berriz ere hutsune handi samarra antzematen ari gara.
Zer esango zenuke eskaintzen duela herriko denda batek, bestelako dendek edota plataformek eskaini ezin dutena?
Hasteko, bezeroarekin dugun hartueman hori, gertutasun hori baloratuko nuke. Bestetik, enpresa handiak eskaintzen duten produktua denda txikiok ere eskaintzen dugu. Gauza merkeetara jotzen dute askok baina garesti ateratzen da gerora, merke erositako hori kalitate aldetik kaskarra izaten baita. Gainontzekoak bezala produktu merkeak saltzen hasiko bagina, jendea kexaka hasiko litzaiguke bi hilabeteetan erositakoa izorratu zaiela esanaz. Guk ez dugu hori nahi. Haiena ez da merkea, haiena produktu eskasagoa da.