Ostiralerako flamenko ikuskizun solidarioa prestatu dute, eta dagoeneko ohiko ikastaroei berrekitzeko aukera aztertzen ari dira. Beti ere, Aste Santua igaro eta gero.
Dena prest flamenko jaialdirako?
Bai, egia esanda; ezingo gara kexatu! Iaz ezin izan ospatu denok dakigun arrazoiengatik, eta pozgarria da aurtengoarekin aurrera egin izana. Segurtasuna neurri guztiekin egingo da, eta Basteroko aforo erdia betetzeko moduan. Aurreko edizioetan bezala, El duende de la Sole dantza taldeak eta Zuenak elkarlanean antolatutako ikuskizuna izango da.
Zer esan dazakezu ostiralean oholtzara igoko diren artisten gainean?
El duende de la Sole dantza taldeko zuzendaria den Soledad Ruzek hartzen du jaialdiko parte gonbidatzen ditu kantari eta dantzariak. Ederki asko ezagutzen du flamenkoaren mundu hori, eta Andoainen lehen mailako jaialdia antolatzea izan da bere lehentasuna beti.
Hirugarrengo edizioa da ostiralean ospatuko dena. Esan daiteke Andoainen badagoela flamenkorako zaletasuna?
Baietz esango nuke, jendea mordoa eta gogoz azaldu izan da jaialdira aurreko bi saioetan, eta horrexegatik jarraitzea erabaki izan da. Zuena elkarteko sebillanak dantza taldeak ikasturte amaieran egin izan dituen emankizunetan ere, beti nabarmendu izan da atzean badagoela publikoa fidela. Andoaindarrei gonbitea luzatuko nieke, Basterora azal daitezen eta ordu eta erdiko ikuskizun bikainarekin goza dezaten.
Zuena elkartea nola ari da bizitzen izurrite egoera?
Gaizki, gainerako elkarte eta herritarren antzera. 2019-2020 ikasturterako antolatuta geneuzkan ikastaroak (yoga, pilates, jostuna, sebillanak…) normaltasunez egin ahal izan ziren iazko martxoan osasun larrialdia dekretatu zen arte. Martxoaren 8aren inguruko “Pausoz pauso” ekitaldian parte hartu genuen, eta baita ere bazkideen bazkari arrakastatsuan. Hortik aurrera, deus gutxi. Irailean urteko batzarra antolatu genuen, eta ikusita egoera ez zela horren larria, berriro ere ikastaroekin aurrera egitea erabaki genuen, segurtasunezko protokoloak zorrotz bete eta gero, jakina. Bazkideak ikastaroekin hasteko desiatzen zeuden, eta ekin genion bideari, pozez txoratzen ekin ere! Baina hirugarren asterako, hor non hasten den zabaltzen ditxosozko bigarren olatua… Gaur arte etenda egon da elkartearen mugimendu guztia!
Aurrera begira zer erabaki duzue?
Izugarri animatu gaitu “Pausoz pauso” ekitaldiaren antolakuntzan parte hartu izanak eta flamenko jaialdia aurrera eraman izanak. Bestalde, badirudi ona dela pandemiak azken asteetan daraman eboluzioa. Gauzak horrela, zuzendaritza batzordekideak baloratzen ari gara Aste Santua igaro ostean ohiko ikastaroen eskaintza egitea bazkideei. Jendea galdetu eta galdetu ari zaigu, eta gizartean sumatzen da denok ere gogo bizia daukagula lehengo bizimodura itzultzeko. Egia esan, Zuena elkarteak funtzio sozial handia betetzen du emakumeen topagunea izateko ez ezik, baita euren kultur formakuntzan sakontzeko, eta beharbada pandemiak horretaz jabetzea ekarri du.
Arrats elkartearen aldeko flamenko ikuskizuna
Bazterketa eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeratan bizi ziren herritarrei baliabide soziala eta juridikoa eskaintzen duen irabazi asmorik gabeko elkartea da Arrats. Elkarte horrek aburuz, faktore askoren ondorioz sor daitezke aipatu egoerak; buruko gaitzak, familia-baldintzak, generoa, gizarte-ingurunea… Era berean, asko eta asko izan daitezke bazterketa eta estigmatizazioa jasan dezaketen kolektiboak: etxerik gabeko pertsonak, drogaren mende daudenak, prostituzioan dihardutenak, emigranteak, indarkeria matxista jasandakoak…
Elkarteak hainbat egitasmo eta programa zehatz garatu ditu, kolektibo horiek guztiek bizi dituzten bazterketa-egoera desberdinei aurre egiteko.
"Emakumeen oihua" ikuskizuna
Jaialdiko musikari eta dantzariak:
- Agujetas Chico kantari eta gitarra jolea eta Beatriz Morales dantzaria.
- Kelian Jimenez & Soledad Ruz Konpainia Flamenkoa. Oholtza gainean eskarmentu handiko bi dantzariek Flamenko puru eta abangoardista egiten dute. Estilo ugari jorratzen dituzte elkarrekin: “Martinete”ak, “siguiriya”k, "soleares”ak…
- Aritz Salamanca euskal dantzaria.
- Garazi Esnaola teklista eta Jose Pasaia kantaria.
- Analia Bellydance eskola dantza.
- El duende de la Sole dantza taldea.
Martxoak 12, ostirala 19:00. 10 euro. Bastero.
Solidarioa
Arrats elkartearen aldekoa.
0 ilara
Nahiz eta jaialdira ez joan, diru ekarpena egin nahi dutenentzat kontua ireki dute: ES5920 5506 1481 062183289.