Ekitaldia amaituta, lau ikusleren iritzia jaso genuen.
Jone Aldaz
Memoria historikoaren alde egindako lanagatik omendu zuten, 2012an: “Zoragarria izan da ekitaldia guzti-guztia. Gurekin bizi diren emakumeek ez ezik azken urtetan joan zaizkigunek hartu dute protagonismoa ekitaldian, eta holakoetan konturatzen zara denak bihotzean daramatzagula. Batez ere hildakoen irudiak agertu direnean, mezu baikorra transmititu dit une horrek; emakume garen aldetik aurrera kementsu egiteko eskatu digutela sentitu dut. Bizi-pozaren txertoa hartu izan banu bezala irten naiz Basterotik”.
Mari Karmen Txapartegi eta Tere Lopez de Munain.
Mari Karmen 2020an omendu zuten: “Hasi eta bukatu, oso-oso polita izan da ekitaldia. Hunkigarria. Ikusi da lana gogotik egin dutela ekitaldiko antolatzaileek. Andoaingo emakumez beteriko erretratu zaharrak pantailan agertzen hasi direnean, Goiburu auzoko hainbat ezagun identifikatzen hasi gara biok: familiakoak, bizilagunak, adiskideak… Batez ere San Esteban ermitan lehenbizi auzolanean jardun genuenean eta gero mahai luzean hamaiketakoa egin genuenean ateratako argazkiak, horiexekin aritu gara jendea antzematen, adi-adi jarrita; denekin ez dugu asmatu, jakina, irudi asko baitziren, eta normala da azkar samar agertu eta ezkutatzea. Argazkiez gain, abeslariekin eta Xabier Leteren “Amaren bularra” eta beste kantekin izugarri gozatu dugu".
Marta Diez
2018an omendu zuten, minbiziaren aurkako borrokan erakutsitako adoreagatik: “Oso hunkigarria eta sentikorra izan da ekitaldia. Bertan bildu garen guztiok emozionatzeko eta bihozbera jartzeko modukoa izan da, prestatu digutena. Ekitaldia pittin bat motz geratu zaigula esango nuke, baina jakina, hain goxo sentiarazten zaituzten gauzek gehiago iraun dezaten nahi izaten dugu... Ekitaldian zehar, momentu batzuetan, eskaini dituzten irudi eta bideoei esker, 2018an izendatua izan nintzen eguneko oroitzapenak berreskuratu ditut; izan ere, betiko gordetzen den gertakizun horietakoa izan baitzen. Senideak eta lagunak oso gertu sentitu nituen, ni bezainbat poztu ziren”.