"Nabari da hiru emakumek idatzi dutela gidoia"

Alba Cabrera Jauregi 2021ko mar. 14a, 09:00

Uxue Botas "Larrugorritan" telesaileko egileetako batekin hitz egin du Aiurrik. Gazteen problematikaren gainean hitz egiteko aukera luzatu nahi du telesailak. Diru-bilketa abiatu dute orain gutxi, lehen kapitulua grabatu ahal izateko.

Ali, Ena, Lara, Niko eta Mai. Nerabezaroa atzean utzi berritan, helduaroari gogor ekiteko asmoz dauden bost gazte dira, nor bere beldurrekin, galderekin zein desirekin. Hala, biluzi egingo ditu “Larrugorritan” telesailak; zentzu guztietan, baina, batez ere, metaforikoan. Izan ere, bost pertsonaien ezinegonak bat egingo dute gazteek gazteentzat sortutako ikus-entzunezkoan. Uxue Botas andoaindarra da proiektuaren motorretako bat. Bidea hasi besterik ez dute egin, baina asmoa argia da: Euskal Herria larrugorritu nahi dute.

Nondik dator proiektuaren ideia?

Jone Arriola elgoibartarra da proiektuaren sortzailea, eta bere unibertsitateko lan bati eutsita sortu da “Larrugorritan”. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen EHUn, eta graduko 3. mailan “Females”" deitutako proiektu bati ekin zion, baita jarraipena eman ere, unibertsitate titulua eskuratzeko ezinbestekoa den Gradu Amaierako Lanean. Horiek horrela, jarraian, Tabakalerako “2deo” beka-deialdira aurkeztu zuen proposamena. Orotara, 99 proiektuk eman zuten izena, eta, soilik, zortzi hautatu zituzten, horietako bat, Jonerena. Ondorioz, aurre-ekoizpen fasea garatzeko 4.000Ä-ko diru-laguntza eskuratu zuen. Beraz, behin hori lortuta, nirekin eta Ane Nafarraterekin (beste zuzendari-laguntzailea eta gidoilaria) jarri zen harremanetan; lagunak gara, Erasmus programaren bidez ezagutu genuen elkar Norvegian. Dosierra pasa zigun eta lanari ekin genion, aurre-ekoizpenari. Beranduago, zortzi proiektu horietatik hiru aukeratu zituen “2-deok”, eta horri esker, “Larrugorritan” telesailaren proiektu-pilotoa filmatzeko aukera paratu zitzaigun begi-aurrean. Ilusio handiz jaso genuen albistea, zeren maila handiko egitasmoak baitzeuden tartean, eta gu esperientzia laburreko kideak gara. Izugarrizko aukera izan da “2deo”-ren diru-laguntza jasotzea, ez bakarrik babes ekonomikoagatik, baita aitortzagatik ere.

Zein da zure ekarpena proiektuari?

Orain arte, zuzendari-laguntzaile gisa aritu naiz. Figura horren helburua da, grabaketa uneari dagokionez, aktoreak zuzentzea; izan ere, zuzendari nagusiak, oro har, pantailatik bizi ohi du filmazio-prozesua. Baina kontua da gurean aktore-zuzendari bat izanen dela, alegia, berak koordinatuko du aktoreen lana. Hori dela eta, egun, Arte Departamentuko koordinatzailea naiz. Apur bat saila antolatzea da nire eginkizuna: lokalizazioak girotzen ditugu, eta atrezzoa prestatu, hots, kontaketaren estetika zaintzeaz arduratzen gara; esaterako, lurrak bustia egon behar badu, gure departamentuko kideen zeregina da lurra bustitzea. Bestalde, sare sozialak kudeatzen ditut, besteak beste, Instagram euskarrirako edukiak sortzen eta partekatzen aritu naiz, community manager lanetan, hain zuzen ere.

Gazteek gazteentzat zuzendutako telesaila dela diozue.

Gazteei buruzko telesailak asko kontsumitzen ditugu, eta horietan agerian gelditzen da edukiaren zuzendaritza, adibidez, gizon heldu baten eskutik egiten denean; alegia, oro har, ez dute errealitatea islatzen. Beraz, argi izan dugu, uneoro, kontatu nahi dugun istorioa kontatzeko, jende gaztea egon behar dela proiektuaren atzean nahiz aurrean. Lan-taldea jende gazteak osatzen dugu, hasiberriek zein profesionalek. Bost protagonistetatik lau emakumeak dira, eta gure bizipen-pertsonaletan oinarritu gara telesaila ontzeko. Noski, fikziotik ere badauka, baina gure egunerokotasunaren problematikan oinarritu gara, eta horretarako, beharrezkoa ikusi dugu gazteek osatzea lantaldea.

Horrez gain, ahalegindu zarete gehienbat, emakumeak izatea proiektuaren gidari.

Lantalde teknikoa, gehienbat, emakumeez osaturik egotea izan da hasieratik gure asmoa, istorioa genero-ikuspuntutik kontatzea dugulako helburu. Adibidez, nabari da hiru emakumek idatzi dutela gidoia. Ez da erraza; hala nola, steadicam delakoekin aritzen den emakume gutxi dago. Nolanahi ere, ahal den neurrian, saiatzen ari gara, gutxienez, sail bakoitzeko buruak emakumeak izaten.

Bost protagonisten bidez murgilduko da ikuslea ‘Larrugorritan’ seriean. Zein gai landuko dituzue?

Hamaika gai jorratuko dira telesailean. Alde batetik, festa giroan kokatuko ditugu pertsonaiak, eta, horrela, drogez mintzatzeko aukera izango dugu. Beste alde batetik, beren jarrerak izango ditugu hizpide, baita sexualitatea eta maitasuna ere. Finean, giza harremanen gaineko hausnarketa egiten du telesailak. Hala, hainbat motatako erlazioak landuko ditugu, familiartekoak, bikotekideenak, baita lagunenak ere. Nork bere burarekin duen hartu-emana ere ardatz dugu: zaintza, traumak, sare sozialen erabilera, identitate arazoak... Finean, gazteok ditugun ardurak zein galderak dira, asko eta asko, oraindik, tabu gisa hartuak. Horrenbestez, proiektuaren helburua horrekin apurtzea da, horrelako gaiez libreki hitz egin ahal izateko: ikusleak telesailean ikusiko ditu emakumeak sexuaz aske hitz egiten, eta beren nahiak, lotsik gabe, lagunekin partekatzen.

Egunerokotasuneko egoerak dituzue mintzagai. Hala, identifikatuta sentituko al dira ikusleak pertsonaien bizipenekin?

Bai, hori da. Askotariko egoeretan kokatuko ditugu pertsonaiak, eta nork bere modura egingo die aurre horiei. Horrela, ikuslea ez da, soilik, pertsonaia jakin batekin identifikatuta sentituko, baizik eta egoera zehatz batean ikusiko dituen jarrerekin. Alegia, ikuslea ez da osotasunean islatuta ikusiko pertsonaia bakarrean; batzuetan, gertuago sentituko du Niko, esaterako, eta, beste batzuetan, ordea, Ena. Eta hori oso polita da, elkarrengandik oso ezberdinak direlako pertsonaiak.

Proiektuak sei atal ditu, baina, orain, lehenengoa grabatzea duzue helburu. Horretarako jarri duzue crowdfounding-kanpaina martxan.

Itsulapikoa.eus atarian crowdfounding-a egiten ari gara, diru-laguntza bat jaso genuelako “Batera” kultur proiektuaren eskutik. Koronabirusak izugarri oztopatzen du grabaketa-lana. Izatez, filmazioa garestia bada, pentsa pandemia egoeran. Horregatik ekin genion diru-bilketari, babes ekonomikoa behar dugulako proiektu txukuna ateratzeko. Momentuz, jendearen erantzuna oso ona izaten ari da: ekuatorera iritsi gara berriki, eta 3.055Ä lortu ditugu. Gure helburua gutxienez 3.500Ä-ra iristea da, eta oraindik pare bat aste ditugu aurretik.

Zer egin behar du proiektua sustatu nahi duenak?

Itsulapikoa.eus platarforman sartu behar du eta ordain-sariak izango ditu aukeran babesa luzatu nahi digunak. Behin hori eginda, zenbateko ekarpena egin nahi duen aukeratu beharko du; emandako diru-kopuruaren arabera zenbait abantaila eskuratuko ditu. Inork arazorik izango balu, Bizum plataforma bidez ere egin lezake, gurekin harremanetan ipinita.

Estreinaldiaren ostean, gainerako bostak grabatzeko adinako oihartzuna izatea espero al duzue?

Estreinaldia ez da publikoa izango, zeren ate asko ixten baitzaizkizu horrela, alegia, jendeak jada ikusia badu, ekoiztetxeak ez dira zurekin harremanetan jartzen. Lehen kapitulua apirilaren 5 eta 11 bitarte filmatuko dugu, eta estreinaldia maiatzean izango da “2deo”-n (ateak itxita), baita ekainan ere, Gasteizen (publikoari irekia). Bestalde, beste emanaldi pribatu bat egingo dugu, diru-bilketan 30Ä-tik gorako laguntza eman diguten kideentzat. Oraindik ez dakigu non egingo den, erabakitzeke dago hori. Tabakalerako aurkezpenara ekoiztetxe handiko kideak eta kate publikoko buruak joango dira. Ondorioz, gure nahia eta desira da estreinaldi horretara bertaratzen den norbaitekin akordio batera iristea, gainerako kapituluak grabatu ahal izateko. Uste dut lortuko dugula telesaila burutzeko adinako laguntza. Baikor gaude.

Eta gogotsu, ezta?

Izugarrizko ilusioa ematen digu euskal fikzioan gure aletxoa jartzeak. Ikus-entzunezkoak asko kontsumitzen ditugu, eta horietan identifikaturik ikusi nahi gara. Pertsonalki, proiektuak izugarri motibatzen nau, besteak beste, gazteetatik gazteentzat kontatutako euskal fikzioan dagoen hutsunea betetzen duelako. Bestalde, nabarmentzekoa da azken hilabeteotan euskal fikzioa sustatzeko ahalegina izugarrizkoa izan dela. Aurrerapauso handia da hori.

Zer eman dizu proiektuan parte hartzeak?

Goxoki bat izan zen unibertsitate-ikasketak bukatu berritan. Oso galduta nengoen, eta nahiko argi nuen master bat egiteko aukera. Baina Jonek proposamena luzatu zidan, eta ezbairik gabe eutsi nion erronkari. Mundu profesionalean lagunekin lanean aritzea izugarria da. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta konplizitate horrek gure mesedetan jokatzen du. Gainera, erraza izan da arlo pertsonala profesionaletik bereiztea; hasieratik, argi izan dugu profesionalak izan behar garela, emaitza txukuna izateko, eta argi ikusteko buru-belarri ari garela lanean. Horrenbestez, espero dugu proiektua gauzatzea; oso gogotsu gaude, ikasteko eta lan egiteko.

Eta ikusleari, zer emango dio ‘Larrugorritan’ telesailak?

Egun, bizi dugun egoera kontuan harturik, bizitasuna emango dio ikusleari. Gaztetasunari estuki lotutako errebeldia sentitzeko aukera luzatzen du “Larrugorritan” telesailak.

Finantziaziorako laguntza eske

Zer da Larrugorritan?

Gazteei zuzenduta dagoen euskarazko fikziozko serie bat da. Bost kidez osatutako kuadrilla batek emakumeen eta gizonezkoen estereotipo eta mitoekin apurtuko du. Euskal gazteok egunerokotasunean bizi ditugun gatazkak eta zalantzak jorratuko dira seriean: drogak, sexua, identitate-arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna eta adiskidetasuna.

Gure helburua

Gaztaroan kokatzen den saila izango da Larrugorritan. Istorio hau gure gaztetasunetik kontatu nahi dugu, badakigulako gure egunerokotasunean bizi ditugun egoerekin gazte asko identifikatuta senti daitezkeela. Protagonistek hogei urte inguru dituzte; beraz, hemezortzi urtetik gorako gazteengana hurbildu nahi dugu seriea.

Halaber, emakumeek izugarrizko garrantzia dute istorio guztian zehar, eta gure helburu nagusienetako bat neska gazteak protagonistekin identifikatuta sentitzea da.

Itsulapikoa.eus

Webgune horretan crowfounding bidez laguntza eman daiteke, 5 eurotik gorako ekarpenak eginez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!