"Non dago Mikel?" dokumentala ostiral honetan eskainiko dute, Basteron

Xabier Lasa 2021ko mar. 15a, 07:32

Mikel Zabaltza nafarraren kasuaren dokumentala aurkeztearekin batera, Guardia Zibilen eskuetan hil zela adierazten den polizien arteko audio mezua zabaldu da. Zeresan handia eman du, tortura praktikak lehen lerrora ekarriz.

"Non dago Mikel?" joan zen otsailaren 26an estreinatu zuten zinema aretotan, eta arrakasta itzela ezagutu du geroztik. Bide batez, torturaren gai arantzatsua  iritzi publikoaren lehen lerrora ekarri dute. Andoainen ostiral honetan eskainiko dute, arratsaldeko 19:00tan hasita.

Aski ezaguna da 1985ean euskal herritarrengan aparteko zirrara eragin zuen kasua. Hari buruz egin den “Non dago Mikel?” dokumentalaren sinopsiak berriro ekartzen die gogora kasua, garai hartan bizi ziren hainbat belaunaldiei batik, baina baita ere gazteagoei: “1985. Guardia Zibilak atxilotu ondoren, Mikel desagertua dago. Eta bizirik aurkitzeko esperantza ahuldu ahala, Euskal Herriko kaleetan oihu bat adituko da gero eta ozenago: Non dago Mikel?”.

Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zinemagileak dira bere zuzendariak, eta Donostian 1985eko azaroan atxilotutako Mikel Zabaltza Donostiako hiribusetako gidariaren eta beste bost gazteen ibilbidea kontatzen du. Horietatik, bost aske utzi zituzten; Zabaltza, baina, handik egun batzuetara hilik agertu zen Bidasoako ibaian. Ihes egin ostean ito egin zenaren bertsioa zabaldu zuten Intxaurrondoko kuarteleko zuzendariek zein Barrionuevo barne ministroak.

Dokumentalak, Zabaltzaren biloben begietatik berritzen ditu gertakariak, ikuspuntu gizatiar eta hunkigarria erantsiz kronikari. Besteak beste, Zabaltzarekin batera atxilotuetako bik Jon Arretxek eta Idoia Aierbek, tortura latzen kontakizuna egiten dute, eta Orbaizetako Zabaltzaren amaren zein arrebaren testigantzak ere biltzen ditu.  

Ikus-entzunezkoa ez ezik, beste hainbat albiste kateatu dira azken asteetan tortura jomuga dutenak, debatea sekula iritsi ez zen eremuetara zabalduz. Eta horrekin batera eskaerak gehitu egin dira, etorkizunean ikertzeko eta justizia ezartzeko. Izan ere, hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan den indarkeriazko testuinguruan, torturarena izan daiteke ezkutuenen jarraitzen duena giza eskubideen urraketen arloan, oraindik ere; ofizialki gutxiena ikertu eta aitortu den gaia da. Euskal Herrian gaia maiz harrotu eta plazaratu izan bada ere, tabutzat edo ezkutatu beharrekotzat izan da estatu aparatuetan hamarkada luzeetan, bai klase politikoaren zein gainerako estatu aparatu zein edo komunikabide handien aldetik.

Torturari buruzko albisteak, kateatuta

Urtarrilaren 18an, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Espainia hamaikagarren aldiz zigortu zuen, atxilotuei eragindako tortura salaketak ez ikertzeagatik; horietatik bostek Marlaska epaile instruktore ohia eta egun barne ministroa dute jomuga. Otsailaren 22an eta 23an, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa-grabazioak eman ziren ezagutzera; bertan aitortzen dute Zabaltza torturen eraginez hil zela, eta Lasa eta Zabala lurperatuko zituzten zuloak eginarazi eta buruan bi tiro emanda hil zituztela. Azken finean, aditzera ematen dute sistematikoa zela torturaren aplikazioa Intxaurrondon.

Otsailaren 26an Madrilen dokumentalaren estreinaldian Pablo Iglesias Espainiko Gobernuko presidente-ordea eta Irene Montero Berdintasun ministroa izan ziren, eta lehenak sare sozialetan zabaldu zuen txioa deigarria egin zitzaien askori, gobernu kide batek idatzia zen heinean: “Demokrazia defendatzea geure historiaren alderik ilunenari begiratzea ere bada: torturak eta estatu terrorismoa. Non dago Mikel? ikusi genuen atzo. Zorionak ezinbesteko dokumentu hori egin dutenei”.

Martxoaren 1ean, Nafarroako legebiltzarrak, aho batez, Zabaltza torturen ondorioz hil zutela frogatzen duten audioak ikertzeko eskatu zuen. Bestalde, urtea hasi zenetik, Marlaska barne ministroari maiz interpelatu zaio Espainiako Kongresuan. Tortura kasuen eta beraren aurkako Europako bost sententzien gainean. Jada 2020ko martxoan, Marlaskak adierazi zuen 1978az geroztik ez dela torturatzen eta egia bakarra judiziala dela. Martxoaren 2an, berriz, Dolores Delgado estatuko fiskal nagusiari ikerketak burutzeko eskatu zioten, eta horretarako, Jaurlaritzaren aginduz Etxeberria forentseak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak 2017anargitaratu zuten txostena aipatu zuten, zeinak 4.200 tortura kasu baieztatzen zituen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!