Fanny Alonso diseinatzailea da eragile nagusia, eta kultur adierazpide desberdinetako sortzaileak erakarri ditu egitasmora: Begoña Cabaleiro (liburuaren idazlea) Dabid Argindar (argazkiak), Maialen Porroy (ilustratzailea), Nerea Tuduri (olerkaria), Anne Galarraga (komunikazioa eta diseinu grafikoa); eta, Nerea Bengoetxea (musika).
Etxeberrieta auzoan kokatuta, bi mendez (1857-1965) ehungintzan eta oihalgintzan aritu ziren Algodonera lantegiko emakumeak ditu hizpide erakusketak. Alonsok laudoriozko hitzak besterik ez ditu emakume langile haiekiko: “Izugarrizkoak izan ziren, indartsuak, alaiak, nortasun handikoak… Lantegian lanaldia egitez gain, haurrak zaindu eta etxeko lanak egin behar izaten zituzten. Bizimodu latza bizitzea egokitu zitzaien, baina poza agertzen dute atzera begiratzerakoan, sozializazioa, adiskidetasuna, elkartasuna… eta antzeko hitzak aipatzen dizkizute”.
Alonsok ez du ahazten zein testuingurutan bizitu izan ziren emakume haiek: “Indarrean zen gizarte-mentalitateak argi adierazten zuen amatasuna zela emakumearen funtzio nagusia, etxekoandre zintzoa behar zuela izan ezer baino lehenago, alegia. Emakume horiek, ordea, lan munduan murgildu ahal izan ziren; beren buruaren jabe zirela sentitu zuten, eta harrotasunez azaltzen dira horrexegatik”.
Osagai anitzeko erakusketa
Kultur adierazpide ugarirekin jantzi dute erakusketa, esan bezala. Goian aipatu diren kulturgileen sormen-lanez (argazkiak, ilustrazioak, poesiak, liburua…) gain, oihal bereziak ipini dituzte ikusgai. Lehenbiziko eta behin, Fanny Alonsok San Telmon iaz antolatu zen pasarelan erakutsitako jantziak bildu dituzte. Kotoizko oihalekin egindakoak dira; kotoi-lantegia azken aldera –60ko hamarkadan– bogan zegoen estiloaren arrastotik diseinatuak dira. Historiaren gurpilean jarraipena sinbolizatu nahi dute.
Horiekin batera, euskal dantza egiten zuten Algodonerako emakume gazteen jantzi bat berregin du Alonsok espreski, eta horrek ere leku bat hartzen du erakusketan.
Oihalgintzaren atalarekin jarraituz, Pakita Tuduri sorabillatarrak utzitako antigualeko maindireak ipini dituzte, ikusleen gozagarri.
Azkenik, Zuloaga margolari famatuaren biloba den Maria Rosa Suarez Zuloagak erakusketarako utzi dituen panpinen kotoizko oihalak ere ikus daitezke erakusketan.
50eko hamarkadan Enrique Suarez izan zen Algodonera lantegiko nagusia, eta haren alaba da Maria Rosa Suarez. Egun, Pedrazako gazteluan (Segovia) Zuloagaren obrekin irekita dagoen museoko zuzendaria da. Basteron izan zen, erakusketaren irekiera ekitaldian, eta pozarren agertu zen: “Hasieratik eduki nuen argi Andoainera hurbildu behar nuela. Gaztetan, bertan urte batzuk egin zituen gurasoekin batera, eta oso oroitzapen gozoak dauzka ordutik. Badakit Luciak, nire amak, oso harreman gizatiarra eduki zuela lantegiko emakumeekin”.
Lan-talde anitza eta egitasmo sendoa daude erakusketaren atzean, eta Fanny Alonsok adierazi duenez “pena galanta litzateke kitto egitea, behin erakusketa itxi ostean. Jakitun gara oihalgintzaren sektoreak garrantzia handia eduki zuela Gipuzkoako industrializazio prozesuan, zenbait herrietan (Andoain, Amasa-Villabona, Oria, Bergara…) batik bat. Horrexegatik, udaletara jotzen ari gara, erakusketaren proposamena eginez. Oraingoz Bergaratik erantzun digute, esku-zabalik”.
Erakusketa martxoaren 5etik 20ra dago zabalik. Web orria ere jo daiteke, informazio gehiago edukitzeko: www.mujeresdelalgodon.org.
Emakume langileen lekukotzak, liburuan
Kotoizko emakumeak izenburua daraman liburua kaleratu dute, erakusketarekin batera. Kotoi-lantegian lan egin zuten hamaika emakumek Fanny Alonsorrekin eta Begoña Cabaleiro liburuaren egilearekin partekatu dituzten lekukotza pertsonalak ditu oinarri argitalpenak. Cabaleirok hitzaurrean deskribatu ditu, egoki asko, emakume horiek: “Kotoizko landare-zuntza naturalak dira, artifiziorik gabeak. Zainketan leunak, baina biziari aurre egiteko orduan oso sendoak eta gogorrak, hariak eta oihalak bezala”.
Hona zeintzuk diren emakume horiek: Adelaida Ruiz Larrinaga, Pepita Izagirre, Asuncion Izagirre, Maria Dolores Irigoras, Marisol eta Mari Tere Sueskun, Mari Karmen Oiartzabal Soledad Zamorain, Mercedes Erro eta Dolores Scara. Horietatik, zoritxarrez Maria Dolores Irigoras 2020ko abenduan hil zen. Azkenik, Alicia Collantes zenaren atala ere sartu dute liburuan, Fanny bere alabari kontatu zion biografiaz baliatuta.
Ehun aleko edizioa plazaratu dute oraingoz, egitasmoan nola edo hala kolaboratu duten erakunde eta pertsonen artean banatzeko asmotan. Hortik aurrera, eskaera nahikoa badagoela igarriko balute, edizio berria egitera animatuko lirateke.
Erakusketan, emakume horiekin egindako audio grabazioak entzun litezke, QR kodearen bidez; euren bizipen eta sentimenduei buruzko pasarte txiki batzuk dira.
Martxoaren 6an, larunbatarekin, emakume horiek eta beren senitartekoek emozio handiko topaketa bizitu ahal izan zuten Basteroko erakusketa gelan. Erakusketari bixita egiteaz gain, Alonsok eskerrak eman zizkien egitasmoan horrenbesteko eskuzabaltasunez parte hartu izanagatik, eta, Nerea Tudurik haiekin inspiratuta idatzi dituen poesiak irakurri zizkien.
Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 579. zenbakian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.