Azkenaldian zehazki, txertoen gaia da behin eta berriz agertu dena lagunen, familien eta lankideen arteko elkarrizketetan. Zein talderi dagokion lehenago, zein ordenenean izango litzakeen eragingarriena, zenbat erosi dituzten politikariek, zenbat denbora behar izango dugun gaur egungo egoeratik ateratzeko. Beste gairik ez dagoela dirudi.
Hala ere, txertoen eraginkortasunari buruzko elkarrizketa hauetan bada faktore bat gizarteak (eta badirudi, zientzialariek ere) aipatzen ez dutena. Zer pentsatuko zenuke jakingo bazenu badela txertoa jasotzerakoan babesa bikoizten dizun sendagai bat? Eta doakoa dela esango banizu? Eta etxean bertan jaso dezakezula? Zuetako gehienek ez zenidaten sinetsi ere egingo. Aipatzen dudan sendagai hori existitzen da ordea, eta loaldi sakon bat da. Erantzun hau Matthew Walker neurozientzialariaren eskutik datorkigu. “Why we sleep?” (Zergatik egiten dugu lo?) izeneko bere Best sellerrean, loaren garrantziaz eta loaldi on batek dakartzan onurei buruz idazten du; baita lo sakon eta luze baten faltak sor ditzaken gaitz eta osasun arazoei buruz ere. Pertsona bakoitza ezberdina denez norbanakoaren lo eskaerak anitzak dira. Zientzialarien arabera loaldi sakon bat edukitzeko gutxienez 7 ordu egin beharko lirateke lo. Gaur egungo jendarte gautarrean ordea, badirudi loak geroz eta garrantzi gutxiago duela (National Health Interview Survey, 2004) eta honen ondorioak garai hauetan inoiz baina latzgarriagoak izatera iritsi daitezke.
Loari buruz orokorrean hitz egingo bagenu, loaren faltak osasunean kalte handiak eragin ditzake, horrela bada, lo falta edo kalitate txarreko loa, obesitatea, gose handiagoa, diabetesa, gaixotasun kardiobaskular eta hipertentsioarekin lotuta daude. Immunitate-sistema ere lo gutxiaren edo kalitate txarreko loaren biktima izan ohi da. Lo kopuru eta kalitatearen, eta immunitate-sistemaren arteko erlazioa ikertzeko osatu diren ikerketa gehienak norabide beretik doaz. Geroz eta lo luzeagoa eta hobeagoa izan, immune-sistema sendoagoa izango da (Bollinger et al., 2009; Cohen et al., 2009; Lange et al., 2003, 2011; Moldofsky, 1995; Prather et al., 2012; Vgontzas et al., 2004).
Adibidez, 7 ordutik behera lo egiten duten pertsonak katarro arrunta bezalako gaixotasun batez gaixotzeko arriskua hiru aldiz handiagoa da, 8 ordu edo gehiago lo egiten dutenean baino (Cohen et al., 2009). Honako ikerketa hauen arabera berdin dio zein adin, estatus sozioekonomiko, arraza, sexu, pisu edota aurretiko osasun maila zituzten, probabilitatearen areagotzea berbera zen.
Goazen ordea, gaur egun gizartearen interesa berpiztu duen gaira. Ba ote dago loaren kopurua eta kalitatea txertoen erantzun immunologikoarekin lotzen duen inolako ikerketarik? Erantzuna baiezkoa da; ikerketa asko daude, eta erantzunak guztiak norabide berean doaz. Erantzun orokorra eta erraza izango litzateke esatea loa garrantzitsua dela, txertoa jasotzean gorputzak erantzun immunitarioa emateko gaitasun hobeagoa eduki dezan (Bollinger et al., 2009). Ikerketa batean ikusi zuten bezala, lo ematen dugun denbora (txertatu baino hiru egun lehenago eta txertatu ondoren beste hiru egun) geroz eta motzagoa izan, gorputzak txertoari (kasu honetan B hepatitisaren txertoari) esker sortzen duen erantzun immunitarioa (immunoglobulina edo t-zelulen sorreren bidez) orduan eta ahulagoa izango da (Prather et al., 2012). Badirudi erlazioa guztiz graduala dela, beraz, hogei minutuko ezberdintasunak ere eragina dauka gorputzak sortuko duen babesaren kalitatean. Aldi berean, pazienteek sei egun horietan izan zuten loaldia murriztu ahala, gaixotasunarekiko babestua egoteko probabilitatea murriztu egiten zen. Bataz beste, zazpi ordu baino gehiago lo egiten zuten pertsonek %95 inguruko probabilitatea zuten gaixotasunarekiko babestuak egoteko, 6 ordutik beherakoek %75eko probabilitatea zuten bitartean. Nolako kexak izango genituzkeen txerto baten eraginkortasuna %75ekoa bakarrik izango balitz… Sakondu dezagun hala ere, zein lo motak eragiten duen erantzun immunitarioan eta zenbateraino pairatzen duen erantzun immunitario horrek lo sakon baten gabezia.
Ikerketa zientifikoen arabera, badirudi lo faltak txertaketaren edozein fasetan eragiten duela. Txertatu baina lehenago lo falta edo gabezia izaten duten pertsonek, antigorputz gutxiago sortzen dituzte bataz beste (Prather et al., 2020; Spiegel et al., 2002), kopurua erdiraino iritsiz. Ez gara txertatu aurreko gauaz bakarrik hitz egiten ari, baizik eta aurreko bi, hiru edo lau egunez. Aldi berean, ikerketek erakutsi dute, gorputzak ez duela erantzun immunitario hobeago bat emango hurrengo egunetan falta izan zaigun loa berreskuratzen saiatzen bagara. Txertoa jaso aurreko egunak erabakigarriak dira erantzun immunologiko ona eman eta gaixotasunarekiko immunitatea lortzeko. Gauza berbera gertatzen da txertatu ondorengo egunekin; txertatzeko eguneko eta hurrengo egunetako lo kopuruak zein nolako immunitate maila lortuko dugun zehaztuko du (Lange et al., 2003, 2011). Ikerketa hauen arabera, txertatu ondorengo eguneren batean ez bada lo egiten (lan txanda gauekoa eduki izanagatik, agian) gorputzak sortuko dituen antigorputz sortzaile batzuren kopurua erdiraino jaitsi daiteke. Horrek, immunizatze prozesua moteltzen du eta kasu batzuetan gerta liteke gaixotasunarekiko immunea ez izatea.
Esan beharra dago, noski, aipatutako ikerlanetan ez dela modan dagoen gaixotasunaren txertoarekin probarik egin eta gehiengoak Hepatitis A, B, Influenza eta katarro arruntarekin osatutako esperimentuak direla. Hala ere, aztertutako ikerketekin ondoriozta dezakegu lo osasuntsu bat oso garrantzitsua izan daitekela txertoen eraginkortasuna ahalik eta gehien handitzeko. Agian beranduegi dator gaueko txandez josita egoten diren eta jada txertoa jasan duten hainbat erizain eta medikuentzat. Baina hobe da berandu esatea, isilik geratzea baino.
Loaldiaren ordu kopurua eta kalitateak txertaketa prozesuan eta gaixotze probabilitatean eduki dezakeen eragina faktoretzat hartzea pausu garrantzitsu bat izan daiteke (Zhu et al., 2021). Bakoitzaren eskuan dago ahalik eta hobekien lo egitea, lo ordutegi finko bat mantenduz, lo hartu baino lehenago aparatu elektronikoen argi urdina saihestuz, alkohola edota kafeina kontsumoa murriztuz. Aldi berean, erakunde publikoen betebeharra izan beharko litzateke gizarteari loaldiaren garrantzia azpimarratzea eta beraien herritarrei lo hori edukitzeko aukera ematea. Eguneko eta gaueko lanaldi txandakatuak dituzten langileek, eguneko txandan txertatzeak emaitza positiboagoak ekarriko lituzke, adibidez. Azken finean, txertatzea baino, immunitatea lortzea da helburua. Almohada on bat eta loaldi sakon bat baino bidelagun hoberik ez dago.