“Ez ditugu azaleko gauzak aldatu behar; errora joan behar da”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko mar. 20a, 09:00

Andoaingo Asanblada Feministako kideak, ezker-eskuin: Ane Otamendi, Maialen Mujika eta Ainhize Urkola. Aiurri

Hausnarketak, kontraesanak, bidegabekeriak, intimitatea eta sufrimendua. Besteak beste, horretaz guztiaz hausnartzeko topalekua da Andoaingo Asanblada Feminista.

Nerabeetatik hasi eta helduetara bitarte, herriko emakumeen harremanak ehuntzen dituen espazioa da: Andoainen eragiteko bai, baina, batez ere, nork bere burua ahalduntzeko. Maialen Mujika, Ane Otamendi eta Ainhize Urkola taldeko kideak dira.

Andoaingo Asanblada Feministako kideak zarete. Azaldu apur bat zuen tokia eta funtzioa herrian.

Ainhize Urkola: Herrian bertan, mugimendu feministari dagokionez, duela hiru bat urte sortu zen taldea da asanblada, hain justu, hainbat herritarrek feminismoa ardatz hartuta antolatzeko beharra ikusi zutenean. Urtez urte, askotariko ekimenak egiten ditu asanbladak: besteak beste, Martxoak 8ko antolakuntza, erasoen aurkako erantzuna, formakuntzak, barrura begirako espazioaren lanketa... Alabaina, azken boladan ikusi zen gabezia bat zuela taldeak, alegia, ez zituela gazteak erakartzen.

Maialen Mujika: Hori da. Adinari dagokionez, jende heldua ere bada taldean. Ondorioz, beharbada, nerabeak ez ziren 50 urteko jendearekin bere arazoez hitz egitera ausartzen, edo, behintzat, barrura begirako testuinguru batean sartzen.

A.U.: Horrela, ez zegoen lekukotza ematerik, eta behar horretatik abiatuta sortu zen Traka talde feminista, orain urte bete, gutxi gorabehera. Beste behar batzuk zituztela ikusi zuten, baita ahalduntzeko lehen espazio baten premia ere. Aberasgarria izan liteke nerabeak eta helduak elkarlanean aritzea; beste zenbaitetan, ostera, nahiago du nork bere prozesua eta lanketa egin.

Ane Otamendi: Trakak bat egiten du Euskal Herrian dagoen Neska* Gazteak plataformarekin.

M.M.: Hala, urteko egun jakinetan elkarlanean aritzen gara. Baina beste hainbat kontutan asanbladak hartzen ditu bere gain ardurak, beharbada, nerabeei ez dagokielako horien erantzukizuna.

Martxoaren 8aren biharamunean gaude, pandemia betean. Andoainen, manifestazio jendetsua izan zen iragan astelehenean eta zuek zaudete horren atzean. Zaila izan al da antolatzea? Zein aurreikuspen egiten zenuten?

A.O.: Nik, pertsonalki, jende askoz gutxiago espero nuen. Hala, poz handia hartu genuen hurreratutako jende-kopurua ikustean. Herriaren partetik erantzuna ikusteak indarra ematen dizu.

M.M.: Pandemia garaian, beldurra izan da nagusi. Horrez gain, iragan urteko martxoaren 8ko manifestazioarekin lotu zen, estuki, pandemia. Beraz, bazen beldurra, protesta egiteko beste hainbat motiborekin agertu ez zena. Baina jendea bertaratu zen, eta asko poztu gintuen horrek.

A.U.: Oso argi genuen mobilizazioa egin, egin behar zela; eta egingo genuela. Egia da aurtengoa, azken urtetako egitarauarekin alderatuz gero, bestelakoa izan dela. Besteetan, hainbat ekitaldi egiten ditugu emakumeen arteko harremanak sendotzeko; argi zegoen, ordea, aurten horiek ezinezkoak zirela. Manifestazioa neurriak betez egin genuen, eta oso ondo errespetatu zituen jendeak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lelo nagusiarekin egin zenuten bat: “Dena aldatu, sistema arrakalatu”. Zeri egiten diozue erreferentzia “dena” diozuenean?

A.U.: “Dena” hitzak berak dioen bezala, guztiari egiten diogu erreferentzia: sistemari bere txoko eta adar guztietan. Gure egunerokotasunari, oro har, gizarteari, baita hori osatzen duten erakundeei ere. Ez ditugu azaleko gauzak aldatu behar, errora joan behar da, eta hori guztia aldatu beharra dago.

M.M.: Sinesmen eta gizarte arauak ere bai. Finean, guztia.

Horretan guztian ere Andoaingo herria sartuko litzateke, beraz. Zein gabezia ikusten dizkiozue zuen herriari?

A.O.: Gure herriko beharrak ez dira soilik gurean ematen, hots, inguruko herrietan ere izango dituzte, ziur asko.

A.U.: Hori da. Andoainek ez ditu bere behar propioak. Alegia, ez dugu ikusten Andoainek berak bere berezko gabeziak dituenik; hutsune horiek era orokorrean ulertu behar dira. Gizartearen arazoa da, herriarena baino gehiago.

M.M.: Guk ulertzen dugu, hala ere, testuinguru txikietatik hasi behar dela eragiten; Andoainen ikusten dugu sistemari aurre egiteko premia, eta ez hori bakarrik: gure ingurua kontzientzatu behar da. Beraz, ikusten dugu, oro har, gizartean emandako joera dela, eta Andoain badela, beste hamaika herrirekin batera, gabezia horien erakusle.

Ba al duzue harremanik eskualdeko gainerako talde feministekin?

A.U.: Ez, baina gure nahia izan da, maiz, herrietako asanbladekin harremana izateka, elkar elikatzeko eta haiengandik ikasteko.

M.M.: Zenbaitetan saiatu gara. Baina kontuak ez du aurrera egin.

Andoaingo Udalak berriki jarri du martxan Jabekuntza Eskola. Zein iritzi duzue horrelako ikastaroez zein tailerrez?

A.O.: Beti da aberasgarria espazioak sortzea emakumeak elkarrekin egoteko. Ez dakit zein puntutaraino duten hitzorduek erantzuna, baina edozein espazio emakumeak bateratzeko, beti da ongi etorria.

M.M.: Eta jende gutxi azalduta ere garrantzitsua da hitzordua burutzea; positiboa da.

A.O.: Oso interesgarria iruditzen zait “Jatorri anitzetako elkargune multikulturala” saioa. Ez dakit zenbat pertsonek hartzen duten parte bertan. Uste dut ez dagoela ikusgarritasun handirik gure herrian, emakume etorkinen parte-hartzeari dagokionez. Eta talde hori oso interesgarria da.

Aberastasuna ematen al dio zuen asanbladari askotariko adinez osaturik egotea taldea?

A.U.: Finean, taldea zenbat eta askotarikoagoa izan, orduan eta positiboa izango da guretzat, zentzu guztietan. Baina aniztasun horretan badira gabeziak gurean: jaiotzaz, euskal herritarrak izatea taldekide guztiak, hots, zuriak izatea, esaterako. Aniztasuna beti da positiboa, eta hori kudeatzen jakin behar da: batzuetan, ongi dator bereiztea, beste batzuetan, aldiz, hobe da batera aritzea. Gainera, Andoainen Zinema eta Bideo Eskola dago eta kanpotik dator jendea ikastera. Hori dela eta, taldera batu ziren Galiziako bat eta Valentziako bat; oso aberasgarria izan zen bai guretzat, bai eurentzat, zeren herriko jendea ezagutzeko aukera eman baitzien horrek.

M.M.: Hori ez ezik, nerabeen freskotasunak ere motibatzen gaitu. Gauzak egiteko grina pizten digu ikusteak gure atzetik badela jendea.

Antolatutako hitzorduei dagokionez, askotariko jendea gerturatzen al da zuenera?

A.U.: Martxoak 8a erantzun handiko eguna da orain urte batzuetatik hona. Horregatik, askotariko jendea, elkarrengandik oso bestelakoa ikusten duzu manifestazioan. Baina, ondoren, egutegiko beste egun bat aukeratuz gero, ez dakit hainbeste jende bilduko ote litzatekeen.

M.M.: Politikagintzan, feminismoa modan dagoen joera da, alegia, bultzatu beharreko zerbait legez ulertzen da, horren aurka egitea ez delako politikoki zuzena. Hori dela eta, jende asko biltzen du martxoaren 8ak, baina, benetan, bakoitzaren pentsamendua islatzen duten jarrerak, urtearen gainerako egunetan ageri dira; horietan, jendeak ez dio gaiari jarraikortasunik ematen.

A.U.: Ondorioz, gure nahia da jendeak martxoaren 8an erakusten duen konpromisoa erakustea gainerako egun guztietan.

Nola bizi dute zuen ingurukoek feminismoa?

M.M.: Presentzia duen gaia da gure inguruan. Eta korronte hori begi onez hartzeko joera dago, apur bat politikoki, egun, zuzenena delako. Baina, ondoren, nire kasuan, behintzat, jende asko oraindik ere izutu egiten da feminismo hitzarekin. Benetan kontzientziatua egongo balitz gizartea, talde gehiago egongo lirateke gizontasuna zein maskulinitatea lantzeko eta iraultzeko, besteak beste.

A.O.: Ustez, zuzenki eragiten ez dien afera da askorentzat, pribilegioak medio. Horregatik, jende askok ez du ezer egiten.

Martxoaren 8aren gisako egunetan kalera irteten zarete. Gainerako egunetan jarraikortasunez egiten al duzue lan?

M.M.: Nire ustez, gehiago aritzen gara barrura begira, kanpora begirako ariketan baino. Egia da herrian ezer gertatuz gero, saiatzen garela horri irtenbidea ematen.

A.O.: Bai, eskakizunei erantzuten saiatzen gara, publikoki zein pribatuki. Gertatu diren hainbat konturekin gure babesa ematen saiatu gara, modu batera edo bestera.

M.M.: Gogoratu beharra dago asanbladako kideak emakume boluntarioak garela, elkartzen garenak behar bati erantzuteko. Beraz, kanpora begirako ariketa horretan zerbait egin ez badugu, horren ardura hartu ezin izan dugulako da, ardurez gainezka gaudelako. Eta herrian, noizean behin, atxikitzen zaigu guri berez ez dagokigun ardura; azkenean, asanbalda bat gara.

A.O.: Eta gutxi gara, gainera. Arduren banaketan nabari da hori.

A.U.: Beharren arabera elkartzen gara. Zenbaitetan, asteroko jarraikortasunez biltzen gara. Orain, ostera, lasaiago gaude. Gainera, konfinamenduak talde asko kolpatu ditu, gurea, tartean. Martxoaren 8ak erakutsi du beharra dagoela aldaketarako. Horrez gain, azken hilabeteotan herrian emandako erasoek ere azaleratu dute lan handia dagoela aurretik. Benetan gure helburuak lortu nahi baditugu, inplikazioa behar da, herri eta gizarte feminista batean bizitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!